Herriz Herri - Bokale (L) | 2026ko Azaroaren 12a
Boukletaren lehen edizioa arrakastatsua izan da Bokalen
Irati Esparza Guimon
Bokaleko Ikastolaren alde antolatu Boukleta lasterketaren lehen edizioak arrakasta ederra bildu du, 250 parte hartzaile baino gehiago elkartu baitira abiapuntuan. Hamar kilometroko ibilbideak kirol erronka polita eskaini die lasterkariei, 250 metro inguruko desnibel positiboarekin. Ibilbide osoan zehar 60 laguntzaile baino gehiagok sustengatu dituzte kirolariak.
Bokaleko naturguneak ezagutzeko parada ere izan dute parte hartzaileek, ibilbidearen %60 inguru oihanetan barna iragan baita. Ibilbide anitz eta zorrotz horrek lasterkarien interesa piztu du, kirola eta natura uztartuz.
Lehen edizio honen arrakastarekin, Boukleta bere lekua egiten hasi da tokiko kirol hitzorduen artean. Antolatzaileek heldu den urtean hitzordua berritzeko asmoa dute, lasterketari segida emateko esperantzarekin.





