Gogoa hazi | 2026ko Azaroaren 12a

Halloween antzu, San Martin lore

Johanes Bordazahar

Azaroaren 11, San Martin! Larresoron, “Azaroaren Lore!” Ote Lore elkarteak aurten ere ohidurari jarraikiz, San Martin herriko patroia ederki ospatuko du. Jondoni Martine ez zen nola nahiko garaia. Uztak sabaian sartuak eta arnoa upeletan; egun hauetan egiten ziren etxetiarren aldairak, zor zaharren kitatzeak eta berrien finkatzeak. Laborantzaren eta urtaroen baitezpadako muga zen: udazkenaren azken eguzki izpiak gozatu eta neguko ilunpeari atea zabaltzeko unea. Larresoroko zaharrek eta gaurkoek jakin dute “San Marti- uda-txipi” honen baliatzen hotz-beroen artean atseden aldi baten hartzeko.

San Martin sainduaren irudia –ezpatarekin bere soingainekoa erdibitu zuenak, erdia hotzez zegoen behardun bati emateko– urtaroen mozturaren sinboloa da. Uda utzi, sartu neguan. Martin gureak bi aurpegi ditu. Bata: San Marti Eliza katolikoaren patroin handiarena eta bestea: gure mitologian daukagun pertsonaia gazte basatiarena. Nork ez du gogoan Martintxo (San Martiniko) basajaunari ogi bihiak eta laborantzako sekretuak ebatsi zizkiona? Kristautasunak eta sinesmen zaharrek elkarri eskua emanez sortutako sinkretismo aberats baten lekukoa. Bestalde, badakigu “Lou Marti”, hartza ere, orain lurpean sartu dela, otsailaren 2an ateratzeko, lurperatuak diren arima guziak libratuz! Horra kultura, kristautasuna, mitologia, lana eta festa naturaren erritmoarekin sendoki lotuak.

Zoritxarrez, Halloween komertzialak Omiasainduri eta San Martini gaina hartu die bere beldur faltsu eta plastikazko mamu eta zonbi makabroekin. Ipar-Europan ustea bazen Samhain, Omiasaindu gauez, bizidunen eta lurpeko hilen arteko muga irekitzen zela, eta zenduen arimak euren etxeetara itzultzen zirela. Euskal Herrian, Samhain “Arimen gaua” edo “Gau beltza” bilakatu da. Gau beltza ospatuz neguko beldur beltzari egiten diegu ongi-etorria, besterik gabe. Gaztaroan, ez genuen amerikar zarpailkerien beharrik kuiak hustu, begi-ahoak ireki eta barnean kandelak piztu eta bide bazterretan ezarri, pasatzen zirenak izuarazteko. Haurkeriak! “Arimen gauak” agian, baluke zentzu gehiago. Fedeari lotua delakoz: sukaldean kandelak pizten ziren arimak beren bidean gidatzeko, elizetan otoitzak egiten eta mahaian tokia uzten. Ez zen beldur istoriorik, arbasoen memoria ohoratzea baizik. Transmisioa eta errespetua.

Nola nahiz “Arimen gaua” hor dugu, guretzat parada bikaina kreazioa sustatzeko! Euskaldunak beti jakin du kanpotik ekarritako festa bere aldera moldatzen. Omiasainduz zenduak hurbil izanez, suzko argiei zentzu bat emateko ospakizun mota franko antola dezakegu. Haatik, adeitasunez, bi oinarri begiratuz: batetik, gure herrikideei bidea argitzea, beste munduko arimek utzi diguten zuhurtzia baliatuz, mende beltz honetan gal ez gaitezen, eta bestetik, komunitate gisa, adierazi, gaurko mundu basati gordinari ere gure arbasoen argiekin eta elkartasunez erantzuteko gai garela.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3857. zbk

Gure Hitza | 2026/11/12

Herrian lan egin, herrian bizi?

Irati Esparza Guimon

Goizean goiz herriko okindegian ogia erosten dugularik, badakigu okina gu baino goizago jaiki dela. Gutiagotan galdetzen diogu geure buruari zenbat kilometro egin behar izan dituen labea piztera etortzeko. Gauza bera erran genezake gure burasoak etxean artatzen dituen erizainaz, haurrak eskolan hartzen dituen laguntzaileaz edo ostatuko atea azkenik hesten duen zerbitzariaz. Herriak horien guzien beharra du. Horiek guziek, beren aldetik, non dute bizitzeko tokia?

Baionan, laugarren larunbatez segidan, bizi garestiaren kontra atera da jendea karrikara. Hego Euskal Herrian, azaroaren 11rako greba orokorrera deitu dute etxebizitza eskubidearen alde. Bi mobilizazioek badute elkar ukitzen duten puntu bat. Hilabete hastapenean alokairua ordaindu eta, zer gelditzen da hozkailua betetzeko, argindarra ordaintzeko, haurrak janzteko? Etxearen prezioak baldintzatzen du ondotik egiten ahal dugun hautu bakoitza.

Maiz entzuten da barnealdera joanez gero alokairu merkeagoa atzeman...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016