Herriz Herri - Hendaia (L) | 2026ko Azaroaren 12a
Bederatzi urteko alokairuak Legarraldeko laborarientzat, Euskaraz jostatzeko parada Gaztelu Aretoan, Mugalur, mugari so eta Soinu paisaiak Borderline Fabrikan
Irati Esparza Guimon
Bederatzi urteko alokairuak Legarraldeko laborarientzat
Hendaiako Herriko Etxeak urrian jakinarazi duenez, Legarralden ari diren lau laborariek bederatzi urteko alokairu kontratuak izenpetu dituzte. Orain arte behin-behineko hitzarmenen bidez lantzen zituzten lurrak. Laurent Lescouliék zerriak eta oilaskoak hazten ditu aire zabalean, Adrien Gueriteauk tea ekoizten du, eta Anne-Laure Cabrol eta Edouard Stienne baratzezainak dira. Azken honen barazkiak Zokoburuko merkatuan aurki daitezke larunbatetan.
Euskaraz jostatzeko parada Gaztelu Aretoan
Azaroaren 14an eta 15ean, seigarren Topaketa Jostariak iraganen dira Gaztelu Aretoan. Larunbatean eta igandean, haurrek eta helduek jokoak, ikuskizunak eta sormen tailerrak aurkituko dituzte bertan (10:00-18:00). Euskararen Urtaroaren kari, Jokorinek euskarazko jokoak eskainiko ditu bi arratsaldeetan (14:30-17:30). Joko horietan urririk parte hartzen ahalko da.
Mugalur, mugari so
Nor dugu etxeko eta nor arrotz? Galdera horren inguruan aritu dira Ander Fernandez, Asier Gogortza eta Elena Casiriain, Borderline Fabrikan egin duten “Mugalur” sorkuntza egonaldian. Azaroaren 14an, larunbatez, hirurek beren lana aurkeztuko dute bertan (11:00). Muga denen artean gogoetatzeko ariketa proposatuko diete hurbilduko direnei.
Soinu paisaiak Borderline Fabrikan
Azaroaren 15ean, igandez, bi bikote entzuten ahalko dira Borderline Fabrikan, Euskararen Urtaroaren karietara (18:00). “Sonografia irudipenak” emanaldian, Manu Gaignek eta Garazi Navasek perkusioa, akordeoia eta ahotsak uztartuko dituzte. PeA bikotean, berriz, Peru Galbetek eta Andrea Berboisek ahotsak, biolina eta musika tresna elektronikoak baliatuko dituzte. Sartzea 10 eurotan da, eta 8 eurotan elkarteko kideentzat.




