Ba ote dakixu? | 2026ko Azaroaren 12a
San Frantzisko Asiskoa (1⁄4)
Gilen Bacho
Frantzisko Asiskoa pausatu zen duela 800 urte, 1226ko urriaren 3ko arratsean, Portionculeko elizan. Oraino bizirik izanez, bere gorputza Asisko ordokiko eliza ttipi horretara eramatea Frantziskoren azken nahia izan zen. Bere bidelagun hurbilenek Frantzisko, lur eta adakiz egina zen etxola batean etzana zena, inguratu zuten bere biziko azken egunetan. Biharamun goizean, Frantziskoren gorputza bere sorterrira eramana izan zen, non harrizko sarkofago batean (aitzinetik egina izan zena) ezarria izan zen eta erakutsia herritarreri. Jendetza handia heldu zen, jada sendatzaile saindu bat bezala kontsideratzen zuten gorputzaren ikusteko.
Merkatari aberats baten semea
Frantzisko 1181ean edo 1182an sortu zen, Asisen, Umbrian, Giovanni Di Pietro di Bernardone izenarekin. Asisko oihal saltzaile aberats baten, Pietro Bernardone deitua zena, semea zen. Bere ama Joanna Pica de Bourlemont deitzen zen, usu madona Pica edo Picarda deitua, segurki bere aita merkataritzan ari izan baitzen Pikardian. Proventzar nobleziatik sortua zen. Bere amak Giovanni izena hautatu zuen, bere aitatxiren izena baitzen. Baina, bere aitak, Frantzian merkataritzan usu ari baitzen, Frantzisko izena erabiltzea hautatu zuen. Horregatik, Frantzisko izenarekin ezagutzen dugu. Horregatik ere, Frantziskok bere bizi osoan lotura berezi bat begiratu zuen frantses mintzairarekin. Rufin anaiak, bidelagun ukan zuenak, frantsesez mintzatzea maite zuela idatzi zuen, ez bazuen ere ongi menperatzen. Erlisionezko bizitza hautatu zuelarik, lehen denboretan, frantsesez zuen amoina eskatzen. Lekukotasun guzien arabera, Frantzisko gizon gazte alegera zen, laidoeri ihardesten ez zuena. Gizon aberatsa zen baina ere eskuzabala. Aristokraziaren ohore kodeari atxikia zen (berantago, bere lehen bidelagunak bere “mahai biribileko zaldunak” bezala agurtu zituen). Frantziskok bere aberastasunari uko eginen zuen baina balio moral horiek begiratuko zituen bizi osoan.
“Spoletoko ametsa”
1205ean, Frantzisko Brienneko kondearen zerbitzuan sartu zen gerla eramateko, zaldun izendatua izateko ametsarekin. Memento horretan zuen, Spoleta hirian, botz bat entzun (“Spoletoko ametsa”), errege handiago baten zerbitzuan sartzea eskatu ziona (“Frantzisko, nagusia edo zerbitzaria hobe dea zerbitzatu?”), eta erlisionezko bizitza baten eramatea erabaki. Bere erlisionezko bizitzaren lehen urteak, 1205etik 1208ra, bakartasun urteak izan ziren baina gertakari publiko zenbait ezagutuak dira. Ezagunena Asisko apezpikuaren palazioko korralean gertatu zen. Frantziskok irabazi zuen dirua, oihal-saltze bati esker, pobreeri banatu zuen. Korralean, bere aitak diru hori berari itzultzea eskatu zion.
Orduan, Frantziskok bere jantzi guziak kendu zituen, lurreko aberastasuneri uko egiten zuela erakusteko. Ber maneraz, bere lurreko aitarekin loturak ukatzen zituela eta ordutik zeruko aita bakarrik ezagutzen zuela adierazi zuen. Egun horretatik goiti, ermitauaren arropa jantzi zuen, larruzko zintura eta makila batekin, baserritar arropa bat jantzi aurretik, espartinik gabe ere.





