Euskal diaspora | 2026ko Azaroaren 12a
Euskal Irakurle Kluba, Lete ingelesez, Sydneyko Gure Txokok 60 urte eta Euskal Selekzioa
Joseba Etxarri
BARTZELONA. Musikari, dantzei, kantuari, pilotari eta beste hainbat gauzei lotu ekimenekin batera, ez dira guti munduan euskal literatura lantzen duten euskal etxeak. Hori egiteko manera polita, Irakurle Klubak dira, eta gaur horietako baten 2026-2027 ikasturteko programa behar dugu gainetik bederen aipatu. Erran dezagun lehenik, munduan badirela euskarazko literatura euskaraz lantzen duten elkarteak (Bartzelona, Madril, Munich), eta baita itzulpenak baliatzen dituztenak ere, tokiko hizkuntzetan, konparazio ingelesez (San Frantziskoko Irakurle Kluba) edo gaztelaniaz (Argentinako Cordobako Gerora, Buenos Airesko Eusketxeren tailerrak eta San Miguelgo literatura irakurtu eta antzeztuari lotu esperientzia), testu itzuliak erabiliz. Bartzelonako Irakurle Klubak (edo klubek, saioak Euskal Etxean, baina baita hiriko Centelles liburutegi publikoan egiten baitira), euskaraz dihardu gehienbat, eta presentzialki, online ere badira-eta. Hilean behin biltzen da, eta Euskal Etxeko sailean, Miren Amurizaren “playback”-ekin hasi zen urrian, hilabete honetan, 17an, Karmele Jaioren 'Maitasun kapitala'rekin segituko du, eta ondotik Katixa Agirreren “Berriz zentauro”, Mari Luz Estebanen “Reformes carnals”, Unai Elorriagaren “Iazko hezurrak”, Uxue Alberdiren “Hetero” eta Jon Arreseren “Zenbaki gorriak”-ekin, besteak beste. Eta beste hainbeste, baina ordena aldaturik, Centelles liburutegian. Taldeak ez dira beti tipiak, 27 kideetara ere heltzen baitira, katalana eta gaztelania ere lagun. 2009an sortua, 104 liburu landu ditu egundaino, eta egun inarrosle eta dinamizatzaile Jon Elordi, Aritz Galarraga, Andrea Sanz eta Oier Ibarguren ditu.
EUSKARA ESKOLAK. Etxepare Euskal Institutuak plazaratu berria du 2026-2027 ikasturtean euskal etxeetako euskara eskolak dirulaguntza deialdia. Euskara irakasten duten euskal etxe eta federazioek galdegiten ahal dituzte, orotara 320.000 euro banaturik. Galdegiteko epea: abendu hastapena.
LETE INGELESEZ. Aste honetan plazaratuko dute New Yorkeko Columbia Unibertsitatean “Xabier Lete. 60 Poems” antologia elebiduna euskaraz eta ingelesez. Itzulpena Kristin Addis-i zor zaio, zuzenean euskaratik, Columbia University Press-eko “Sundial House” argitaratzaile. Aitzin-solasa Kirmen Uribek egin du, eta Uribe bera izan da sustatzaile. Altxor bat 20 dolarretan salgai.
SYDNEY. Igande honetan hasiko ditu bere 60. urtebetetzeko ospakizunak Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxean. Programa: azaroaren 14an, igandea, Basque Day (jolasak parkean, familia eguna); 15ean, Gure Txoko Day (elkartean, bazkari ederra); 17an, gasna pastiza egiteko eskola; 18an, euskal zinema (Bizkarsoro); 20an, neska/mutil edo lagun xerka? Euskal “Speed Dating”; 21ean, sagardotegia (sagardoa, txuleta eta gehiago), eta 22an, “Community Day”. Ez dira batere faltako euskal kultura ospatzeko, eta mahaiaren inguruan bildu eta bapo jateko xantzak, euskaldunen ohiko maneran, apairuak ere heiek prestatu eta lagunekin partekatuak.
EUSKAL SELEKZIOA. Euskal Futbol Selekzioak heldu den ebiakoitzean jokatuko du Venezuelakoaren kontra Bilboko San Mames zelaian, lehenengo Eusko Jaurlaritzaren 90. urtebetetzea ospatzeko ekitaldien barnean, eta munduko euskal etxetan, hainbaten begiak norgehiagoka horri so egonen dira Euskal Herrian 20:00ak direlarik, ETBk bere lehenengo katetik eta internetez ETB On plataformatik emanik.





