Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Azaroaren 12a
Ekilore taldearen bigarren diskoa, Loraldiberri Liburu eta Disko azoka, Urruña aldizkariaren 8. zenbakia, “Adriene Bergson-Johnson” bakarrizketa, Errexil Bertsulari Sariketaren saioak, Ibardingo bidea hetsirik, Ganbera hustea, Mus txapelketa eta Behobia-Donostia lasterketa
Joseba Aurkenerena
Ekilore taldearen bigarren diskoa
Jadanik salgai da Ekilore talde urruñarraren bigarren diskoa plazako ostatuetan, Pausuko Xaian… eta azaroaren 29an, igandez, salgai izanen da herriko plazan eginen den Loraldiberri Liburu eta Disko azokaren bosgarren edizioan. Xerar Urrutia (ahotsa eta gitarra akustikoa), Dabid Gutierrez Lertxundi (gitarra elektronikoa, akustikoa eta baxua), Garazi San Cristobal (arrabita eta ahotsa) eta Fred Iturrik (bateria eta pianoa) osatzen dute taldea. Osora zortzi kanta eskaintzen dizkigute: Urrezko bihotza, Ekia denean, Guretzat dena hasi zen lekua, Telma ta Luisa, Amatto, Eskua, Maiteari eta Errenazimentua. Prezioa: 12 euro.
Loraldiberri Liburu eta Disko azoka
Urrunaga eta Berttoli elkarteek, Herriko Etxearen laguntzaz, antolatzen duten liburu eta disko azokaren 5. edizioa azaroaren 29an, igandearekin, eginen dute herriko plazan eta Posta gelan (10:00-14:00). Aurten argitaletxe eta eragile hauek salmahaia jarriko dute: Maiatz, Hatsaren Poesia, Zortziko, Elkar, Dakit, Urrunaga, Lapurdi 1609, Iparraldeko Hitza, Urruñako Antzerki Eskola, Maitakultura, Biarte, Naziogintza, Xano Haltzuet, Marisa Arruabarrena, Matxalen Bezos eta Kiki Mujikak.
Urruña aldizkariaren 8. zenbakia
Urrunaga elkarteak adierazi digunez, urtero azaroan plazaratzen duten Urruña aldizkariaren 8. zenbakia jadanik inprimategian dago, eta Loraldiberri liburu azokan aurkeztu eta salduko dute. Osora 180 orrialde inguru ditu, kolorez. Aldizkari honetan Urruña da gai nagusia, eta berari buruz idatziak edota urruñarrek eginak plazaratzen dituzte. Urruñan ezagunak diren izenak ikusiko ditugu artikuluak, bertsoak, ipuinak eta gainerakoak izenpetzen: Ixabel Etxeberria, Edurne Alegria, Oihana Teyseyre Koskarat, Ttotte Etxebeste, Imanol Ameztoi, Nikolas Goñi, Xerar Urrutia, Joseba Aurkenerena, Sustrai Colina, Odei Barroso, Irati Alcantarilla… Prezioa: 12 euro.
“Adriene Bergson-Johnson” bakarrizketa
Itzuli konpainia osatzen duten Maryse Urrutik eta Martin Antxiak idatzi bakarrizketa alai eta sakona da. Interpretazioa: Maryse Urruti. Gaia: XXI. mendeko garai nahas eta ilun hauetan, Adriene Bergson-Johnson texastar enpresariak argia ikusi du eta euskal kultura salbatzeko prest da. Munduan zehar proiektu izugarrietan aritua, bere kudeaketa teknika arrakastatsuak partekatzera dator, gure herria goi mailara itzularazteko. Coaching kolektibo ariketa honetan, Adrienen konferentziak, euskal kultura folkloretik atera eta ispilu berezi baten aurrean ezartzeko aukera ematen digu. Eta zu, XXI. mendeko euskaldun zaren hori, ausartzen ahal zara ispilu honen aurrean ezartzen? 12 urtez goitikoentzat. Azaroaren 29an, igandez, Itsas Mendi zinetokian (18:00). Urririk. Antolatzailea: Herriko Etxea Euskararen Urtaroak ekimenaren karira.
Errexil Bertsulari Sariketaren saioak
Lehiaketa honen hurrengo saioak azaroaren 13an eta 20an eginen dituzte, Posta gelan.
Ibardingo bidea hetsirik
Azaro osoan, eta egin behar dituzten bide-hobekuntzak direla eta, Ibardingo bidea hetsirik izanen da astean zehar, eta bentetara joan ahal izanen da bakar-bakarrik asteburuetan.
Ganbera hustea
Azaroaren 11n, asteazkenez, ganbera hustea izanen da Zokoan, auzoko kirol eta aisialdi gunean (8:00-16:00). Parte hartzea eta informazioa: 06-45-84-91-91.
Mus txapelketa
Azaroaren 21ean, larunbatez, eta Senegalgo Casamanceko Boucotte Wolofeko eskolaren berrikuntzara sosak bideraturik, mus txapelketa izanen da Berttoli elkartean (14:00). Pintxo-potea (19:00). 24 euro talde bakoitzeko. Izen-ematea: 06-38-64-56-71.
Behobia-Donostia lasterketa
Azaroaren 8an, igandez, izan zen urtero azaroaren bigarren igandean egiten den Behobia-Donostia lasterketa (osora 20 km). Goiz goizetik, Behobiko bi aldeak jendez gainezka zeuden, eta ainitz izan ziren, abiatu aitzin, Pausuko Zugasti kafetegian eta Muga eta Xaia ostatuetan gosari ederra egin zutenak. Giro ederra izan zen, eta era guztietako mintzairak entzuten baziren ere, partaidetzaren aldetik, euskaldunak eta katalanak izan ziren nagusi. 28.000 korrikalarik parte hartu zuten.





