Mundu zabalean | 2026ko Azaroaren 12a
America great again?
Allande Boutin
Azaroaren lehenengo astearteetan egiten ohi diren Midterms legealdiaren erdiko bozak iragan dira Amerikako Estatu Batuetan. Maiz gertatzen den bezala Washingtongo Etxe Xurian dagoen presidenteari ez zaizkio ongi atera. Azaroaren 3koak errepublikanoen hondamena izan dira.
Blunamia
Asmatu den hitz jokoak argi adierazten du gertatu dena: tsunami urdina, hain erraldoia izan den uhain urdina. Urdina baita alderdi demokrataren kolorea.
Pentsa, Senatuan, errepublikanoek 9 jarleku galdu dituzte aurreko legealdian 53 senatari zirelarik eta demokratek 7 irabazi (47 zirelarik). Lerroak idazten ditudan unean oraindik bi jarleku zalantzan daude. Gehiengo absolutua erdietsi dute hala ere. Orotarat 100 senatari badira, 2 ordezkari estatu bakoitzean, aurten Goiko Ganbararen herena baizik ez zen arraberritzen. Ordezkarien ganbaran ere demokratek gehiengoa lortu dute 252 jarlekurekin, zutena baino 37 gehiago. Errepublikanoek, aldiz, 65 ordezkari galdu dituzte 155 jarleku salbatuz. Sekulako zafraldia, alderdiarentzat zein presidentearentzat.
Hasiera batean Donald Trumpek emaitzak onartu bazituen ere bi egun berantago iruzurrak salatu ditu. Betiko leloa. Gau elektoralean galtzearen ogena hautagai errepublikanoei leporatu zien, ez bere buruari. Alta anitz kasutan Trumpek berak inposatu zituen “bere” hautagaiak, hainbat primariotan errepublikano moderatuen aurka joz. Gain behera erabat berea da dakigularik maratoi elektorala egin zuela, hilabete batez 30 mitin eginez. “Nire argazkia bozka paperetan gehiago ageri balitz irabaziko nuen!” adierazi du, kongresurako bozkak bere aldeko erreferenduma berak bihurtu zituela ahantziz.
Nahi zuen erreferenduma galdu du. Amerikarren zati handi batek argi eta garbi erran du: Aski! Aski gezurrei! Estatu batuak gerlara eraman baiditu Iranen eta Golkoan, orain dela bi urte presidentzialerako America first (Amerika lehenik) lehenetsiko zuela zin egin zuelarik. Aski promesei! Hitz eman zuen inflazioa geldiaraziko zuela eta eramanen zuen politika ekonomikoari esker erosahalmena igoko zela. Baina prezioek gora egin dute Golkoan daraman gerlaren ondorioz. Aski lerratze autoritarioei! ICE, immigrazio irregularraren poliziaren gehiegikeriek biktima anitz eragin dute. Arrazismoa, zurien supremazismoa, LGBTQIA+en aurkako neurriak, abortuaren oztopatzeko erabakiak izan dira Trump eta Errepublikanoak zigortzeko beste arrazoiak.
Barneari begira
2024an Trumpen alde bozkatu zuten latindar frangok bizkar eman diote bi urteren buruan administrazio errepublikanoak eraman duen politikagatik, Mexikoko muga oraino bortizkiago etsiz, “latinoak” kriminalizatuz, kanporatuz, gutxietsiz. Afroamerikarrak ere asko mobilizatu dira bigarren kategoriako amerikar gisa tratuak izan baitira. Demokraten alde bozkatu dute nagusiki.
“Iraultza kontserbatzailearen” porrota alde batetik eta demokratengan aldaketa sakona: hainbat estatutan gobernadoreak eraberritzen ziren ere. Georgian lehen aldikoz komunitate beltzaren kide bat hautatua izan da, Keisha Bottoms sendi esklabo baten ondokoa, Atlantako auzapez anderea izana. Mexiko Berrian lehen aldikoz indiano bat gobernadore izanen da, Deeb Haaland anderea. Wisconsingo lehen prokuradore afroamerikarra hautatu dute, Davis Crowley.
30 urtez Maineko senataria izan zen Susan Collins anderea bentzutu du Troy Jacksonek, baserri eta langileen aldeko Amerikaren defendatzaile sutsua. Goiko Ganbaran sartuko den lehen hautesle homosexuala izanen da Chris Pappas New Hampshireko senatari berria. Annie Andrews demokratak Hegoko Carolina arras kontserbadorean senatari jarlekua irabazi du. Abortu eta denentzako artatze medikalen eskubideen alde dihardu. Adul el Sayed izanen da lehen senatari musulmana Michiganen hautatua. Azken 32 urtetan errepublikanoena zen Texaseko senatariaren jarlekua James Talarico demokrata katolikoak lortu du.
Etsenplu zonbait besterik ez dira baina ilustratzen dituzte profil ezberdin berriak, askotarikoagoak, Bennie Sanders ezkertiarraren aldekoen presentzia handiagoa ere. Hau dute erronka: alor ekonomiko, sozial eta gizartezkoetan politika progresistari lotzea biharko desilusioen saihesteko.
Kanpoari begira
Hauteskunde hauek nazioarteko jokoaren kartak nahasten ahal dituzte, Ukrainan, Errusian, Palestinan, Israelen, Europan. Hainbat herrik hain segur pozik hartu ditu Midterms-en emaitzak: Kanada, Groenlandia, Noruega, Dinamarka, Ukraina, Brasil, Hego Afrika, Espainia, Frantzia... Kongresu demokratak ez du Trumpen irteerarik gabeko noraeza sustengatuko nahiz atzerri politika presidentearen eskumen eremua den. Baina neurri handi batez eskuak ez ditu hain libre.
“Veto” hitza daraman kasketa gorria buruan ibiltzen da Trump bozetatik landa. Argi adierazten du kongresuarekin gerla egiteko prest dagoela. Parlamentari demokratek bultza litzazketen bere negozio nahasi eta uher zein berari buruzko inkesten beldur da. Trumpendako azaroaren 3ko notizia on bakarra da, berdin, irabazi balu boz-emaile bakoitzari emanen zizkion 5.000 dolar aurreztu dituela. Elon Muskek aldiz inbertitu 5 milioi dolarrak alferrikakoak izan dira. Diruaren hotsak ez du beti irabazten.






