Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Azaroaren 12a

Baserrialdeen etorkizuna eztabaidan Donapaleun, Donapaleuko Arthez Etxeak hamahiru ikasle aterpetuko ditu, “Aldaka ez da lo” azaroaren 21ean, Euskal dantza errepikak azaroaren 24an eta Jone Bordato Amikuzeko mediatekan

Battitta Boloquy

Donapaleuko kolokioa (CD64)
Donapaleuko%20kolokioa%20(CD64)

Baserrialdeen etorkizuna eztabaidan Donapaleun

Gaia ez da berria. Baserrialdeen geroari buruz, Departamenduak gogoeta anitz proposatu ditu azken urte hauetan. Aurten, Donapaleu hautatu du “gure baserrialdeek etorkizuna badute” gaiaren inguruan. Lau adituk beren ikuspuntuak eman dituzte: Salomé Berlioux (Rura elkartekoa), Anthony Cortès (kazetaria eta idazlea), Sylvie Brunel (geografo eta ekonomista), Mathieu Pourrillou (industrialaria Xuberon). 200 bat parte hartzaile elkartu dira Donapaleuko zinema gelan azaroaren 4an.

Eztabaida piztu da Sylvie Brunelek erran duelarik baserrialdeen geroa laborantza produktibistaren inguruan asmatu behar dela etxalde gotor batzuekin. Bere ikuspuntutik, departamenduko etxaldeak sobera ttipiak dira (33ha), Frantziari konparatuz (69ha). Parte hartzen zuen laborari batek beste modelo batzuk badirela ihardetsi dio Euskal Herriko etsenplua hartuz. Iduriz, lekukotasun hori ez da denen gustukoa izan!

Pettan Ayçaguer Donapaleuko auzapezak eta Jean-Jacques Lasserre Departamendu buruak azpimarratu dute, Donapaleu, baserrialdeen geroari begira “modelo” bat izaiten ahal dela.

Donapaleuko Arthez Etxeak hamahiru ikasle aterpetuko ditu

Luzaz hutsik egon ondoan, “Arthez Etxeak” bizi berri bat lortuko du hamahiru egoitza eskainiz ikasleei. Arraberritze programa, bastimenduaren jabeak (Association Populaire du Pays de Mixe) eta Errecart lizeoak, Office 64rekin eraman dute. Jean Errecart lizeoko ikasleek ukanen dute egoitzen alokatzeko lehentasuna. Lizeoak bere gain hartuko du kudeaketa. Arraberritze horrek, itxura berri bat emanen dio Donapaleuko herriari.

“Aldaka ez da lo” azaroaren 21ean

Amikuzeko gaztetxeak antolatzen du “Aldaka ez da lo” gaualdia Domintxineko gelan (20:30). Talde desberdinek animatuko dute, hala nola, Iparretarrap (20:30), RTZ (22:00), TEKMAO (23:30) eta AKTS (1:30). Ostatua lekuan berean izanen da.

Euskal dantza errepikak azaroaren 24an

Euskal dantza maite duten guziak gomitatuak dira Donapaleuko Airetik gelara azaroaren 24an, asteartez antolatua den saiora (20:45-22:00). Gaualdia euskal dantza ikasi edo hobetu nahi duteneri irekia da. Lehen urratsak eman nahi badituzue edo zuen teknika hobetu, joan Euskal Herriko tradizio bizi horren inguruan une atsegin bat partekatzera. Animazioa, frantsesez eta euskaraz eginen da.

Jone Bordato Amikuzeko mediatekan

Zabalik elkarteak jakinarazten digu, Amikuzeko mediatekaren partaidetzarekin, Jone Bordato hazpandar idazlea gomitatu dutela Donapaleura azaroaren 28an (10:00). Hiru ipuinek osatzen dute bere liburua. Protagonistek iraganean finkatuak dituzte beren erroak, beren zauri eta zorionekin, baina geroa zabalik da beti, beren buruaz jabetzera eta askeago sentitzera eramango dituzten urratsak dardaraz abiatzen dituztelarik.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3857. zbk

Gure Hitza | 2026/11/12

Herrian lan egin, herrian bizi?

Irati Esparza Guimon

Goizean goiz herriko okindegian ogia erosten dugularik, badakigu okina gu baino goizago jaiki dela. Gutiagotan galdetzen diogu geure buruari zenbat kilometro egin behar izan dituen labea piztera etortzeko. Gauza bera erran genezake gure burasoak etxean artatzen dituen erizainaz, haurrak eskolan hartzen dituen laguntzaileaz edo ostatuko atea azkenik hesten duen zerbitzariaz. Herriak horien guzien beharra du. Horiek guziek, beren aldetik, non dute bizitzeko tokia?

Baionan, laugarren larunbatez segidan, bizi garestiaren kontra atera da jendea karrikara. Hego Euskal Herrian, azaroaren 11rako greba orokorrera deitu dute etxebizitza eskubidearen alde. Bi mobilizazioek badute elkar ukitzen duten puntu bat. Hilabete hastapenean alokairua ordaindu eta, zer gelditzen da hozkailua betetzeko, argindarra ordaintzeko, haurrak janzteko? Etxearen prezioak baldintzatzen du ondotik egiten ahal dugun hautu bakoitza.

Maiz entzuten da barnealdera joanez gero alokairu merkeagoa atzeman...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016