Herriz Herri - Baiona (L) | 2026ko Azaroaren 12a
7 arno, Euskal Herri bat, Polo Beyrisen euskarazko haurtzaindegia sortzeko egitasmoa, Margolaritza euskaraz Bonnat-Helleu museoan eta Euskal dantzaren artxiboak ikusgai mediatekan
Irati Esparza Guimon
7 arno, Euskal Herri bat
Baionako Ikastolen Laguntzaileak (BIL) elkarteak, Biba Ardoak kooperatibarekin batera, “7 arno, Euskal Herri bat” egitasmoa aurkeztuko du azaroaren 13an, ostiralez, Baionako Biltxokon (18:30). Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik arno biologiko bana hautatu dute, bi opari-kutxatan eskaintzeko. Salmentaren irabaziak Baionako bi ikastolei emanen zaizkie, haien egitasmoak eta jarduerak diruztatzeko.
“Itsasoa” kutxak Bizkaiko Ulibarri eta Gipuzkoako Urkizahar txakolinak biltzen ditu, Lapurdiko Lupatxenia arnoarekin batera. Azken hori Donibane Lohizunen egiten du Martin Lemairek, Lurzaindiari esker babestutako lurretan, kasik desagertua den Seibel mahats motarekin. “Lurra” kutxan, berriz, lau arno bildu dituzte. Arabako Herrigoia eta Nafarroako Gazaga arnoen ondoan, Olivier Pouchoulouren bi arno aurkituko dira, bata Baxe Nafarroako Arradoyko magaletan ekoitzia, Xut, eta bestea Maulen, Hürrüp.
Polo Beyrisen euskarazko haurtzaindegia sortzeko egitasmoa
Baionako Herriko Etxeak hamabi haurrentzako haurtzaindegia ireki nahi du Polo Beyris auzoan. Haur ttipiak euskaraz hartuko dituzte, murgiltze ereduan. Auzoan badira jadanik euskarazko eta elebitako irakaskuntza eskaintzen duten eskolak. Haurtzaindegiak bide hori eskolan hasi aitzin abiatzeko aukera emanen lieke familiei. Lokalak 2028ko apirilean prest izatea aurreikusten dute, eta ondoko asteetan haurrak hartzen hastea. Herriko Etxeak bertze hamabi lekuko haurtzaindegi bat ere aurreikusi du Zitadela auzoan, ikasleentzat eraikiko den bizitegiaren behereko solairuan.
Margolaritza euskaraz Bonnat-Helleu museoan
Azaroaren 14an, larunbatez, Nagore Amenabarro artistak euskarazko margo tailerra emanen du Bonnat-Helleu museoan (15:30). Parte hartzaileak museoko obretako forma eta koloreez baliatuko dira beren margolanak sortzeko. Heldu guziei irekia zaie, margolaritzan lehen urratsak egiten dituztenei ere bai. Iraupena: bi oren. Prezioa: 30 euro eta tarifa murriztua 20 euro. Izena museoko webgunean eman daiteke.
Euskal dantzaren artxiboak ikusgai mediatekan
Baionako mediatekan, Dantza erakusketak artxiboko dokumentuak eta gaur egungo irudiak elkarren ondoan ezarri ditu, euskal dantza belaunaldi batetik bertzera nola transmititu den erakusteko. Dantzek euskal gizartean izan duten lekua eta denborarekin izan dituzten aldaketak ezagutzeko parada ematen du Euskal Kultur Erakundeak eta mediatekak elkarrekin apailatu erakusketak. 2027ko urtarrilaren 9a arte ikusgai da.




