Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Azaroaren 12a

Mayi Irialouren 100 urteak, Pilota solas eta Azaroaren 28an, “Kubatik” antzerkia

Jean-Mixel Barbier

100 urte dituen Mayi Irialour, Frederic Hernandez auzapeza eta Martine Heguy eta Véronique Irialour ilobek inguraturik (Karine Perez)
100%20urte%20dituen%20Mayi%20Irialour_%20Frederic%20Hernandez%20auzapeza%20eta%20Martine%20Heguy%20eta%20Veronique%20Irialour%20ilobek%20inguraturik%20(Karine%20Perez)

Mayi Irialouren 100 urteak

Joan den azaroaren 2an besta eguna zen Aiherrako Kurutzaldea etxean. Mayi Irialour etxeko andere xaharraren 100. urtebetzea zen, eta karia horretara Frederic Hernandez auzapez jaunak eta Karine Perez bere lehen axuantak Aiherrako herriaren izenean bisita berezi bat egin diote. Lore-sorta eder bat eskaini diote eta harekin eta familiakoekin momentu goxo bat iragan dute; egun guziz ez baitira holako urtebetetzeak ospatzen. Herri baten bizian arraroak eta apartekoak diren gertakarien ospatzea baitezpadakoa dela zioten. Mayik bere senarrarekin urte andana batez Angeluko La Rotonde jatetxea kudeatu zuen. 1981ean erretiratu zenean (duela 45 urte), bere senarrarekin Aiherrako Kurutzaldera jin zen atseden hartzera, bere sorterrira, bere sortetxera, La Rotonde jatetxea saldu ondoan. Haurrik izan ez duenez, gaur egun erretreta goxoa eta baketsua bizi du, Martine Heguy eta Véronique Irialour bi ilobek ongi inguraturik. Segur ez dela xahar etxe batera joaitekoa! Mayi osagarri onean dago, nahiz eta ikusmen txarra izan, bere oroimena harrigarria da, oso bizia da eta eta umore handikoa. Auzapeza eta axuanta berak lagundu ditu etxetik ateratzen, pentsatuz berriz toki berean elkartzea urte baten buruan. Zorionak Mayi, eta segi oraino luzaz osagarri eta umore berarekin!

Pilota solas

Zertan dira gure pilotariak? Abarratia pilota elkarteko pilotariek neguko txapelketak hasiak dituzte deia zonbait aste hauetan, trinketean. Neskeri dagokienez, palantxan ari dira pilota goma betearekin. Helduetan hiru parek parte hartzen dute txapelketan: bigarren mailan, Marie Eyheraburu eta Elorri Landaburu mantentzen dira. Hirugarren mailan ari diren Maider Loyathok eta Amaia Etchegarrayk ere lortu dute beren mailan segitzea, eta laugarren mailan Maiana Durrutyk eta Luma Duhalde Layus-ek ere txapelketa segitzen dute, halaber neska gazteagoek beren kategorian. Berantago emanen dizuegu hauen emaitzen berri.

Mutikoen aldetik, helduetan esku-huska baizik ez dira ari. Hemen ere hasi mailan segituko dute 5 parek, batzuk pasatu baldin badira ere barraderetarik. 3. mailan bi ekipa: Allande Martinon eta Iztebe Oihenart, eta Philippe Mongabure eta Mattin Durruty. Laugarren mailan hiru ekipa, Valentin Garra-Olivier Jaureguiberry, Kaiet Arotcarena eta Laurendi Oihenart-Etxart eta Ellande Dunatek eta Antton Castoreok osatu pareak. Bost ekipa hauek segitzen dute orain multzoetako 2. itzuliko partidekin. Artekoen mailan, Mikel Harguindeguyk eta Teo Etcheverryk frango poliki hasi dute txapelketa, partida guziak airez aire irabaziz. Gazteagoek ere berrikitan hasia dute beren txapelketa. Hauen berri ere emanen dizuegu, txapelketa aitzinatzearekin. Anartean, xantza on deneri!

Azaroaren 28an, “Kubatik” antzerkia

Badu zonbait urte “Euskararen urtaroa” antolatzen dutela herri elkargoek eta Euskal Elkargoak, bi urtetarik, euskararen erabilpena indartzeko xedearekin. Haur eta gazte gehienek euskara eskoletan ikasten baldin badute, gaur egun beharrezkoa zaie euskararen entzutea ez bakarrik eskolan, baina bai karrikan, okindegietan, eta ikusgarri edo kantaldi edo antzerkien bidez.

Karia horretara, azaroaren 6tik abenduaren 3ra euskarazko 100 bat ekitaldi antolatuko dituzte, ikusgarri bakoitzean euskaraz gozatzeko asmoarekin. Hauetarik bat, Aiherrako Denen Etxean iraganen da azaroaren 28an (20:00) larunbatarekin. Bonbon beltz konpainiak lehen aldikoz emanen du. 50 minutuko ikusgarria da, 8 urtetik goitiko haur eta heldueri zuzendua dena. Ikusgarri honek euskaldunen eta esklabotasunaren arteko loturak jorratzen ditu, musika, dantza eta antzerkia uztartuz.

Artistak: Maika Etxekopar (antzerki eta kantua), Battitt Elizalde (pianoa), eta Fiston Bidiefono (dantza). Sartzea 5€. Lekuan berean jatekoa eta edatekoa izanen da. Antolatzailea: Ezkia ikastola.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3857. zbk

Gure Hitza | 2026/11/12

Herrian lan egin, herrian bizi?

Irati Esparza Guimon

Goizean goiz herriko okindegian ogia erosten dugularik, badakigu okina gu baino goizago jaiki dela. Gutiagotan galdetzen diogu geure buruari zenbat kilometro egin behar izan dituen labea piztera etortzeko. Gauza bera erran genezake gure burasoak etxean artatzen dituen erizainaz, haurrak eskolan hartzen dituen laguntzaileaz edo ostatuko atea azkenik hesten duen zerbitzariaz. Herriak horien guzien beharra du. Horiek guziek, beren aldetik, non dute bizitzeko tokia?

Baionan, laugarren larunbatez segidan, bizi garestiaren kontra atera da jendea karrikara. Hego Euskal Herrian, azaroaren 11rako greba orokorrera deitu dute etxebizitza eskubidearen alde. Bi mobilizazioek badute elkar ukitzen duten puntu bat. Hilabete hastapenean alokairua ordaindu eta, zer gelditzen da hozkailua betetzeko, argindarra ordaintzeko, haurrak janzteko? Etxearen prezioak baldintzatzen du ondotik egiten ahal dugun hautu bakoitza.

Maiz entzuten da barnealdera joanez gero alokairu merkeagoa atzeman...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016