Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Azaroaren 12a

Bainutegia berriz idekia, Tailer berri, Uzta Hitzan festibala, Jodo ikastaldi, Ganer huste eta Pilota

Beñat Soulé

Bainutegia berriz idekia

Orain Euskal Elkargoaren gain den Landagoieneko bainutegia berriz ideki da duela zortzi egun. Obra batzuk eginik joan den primaderan hutsa zegoen orain arte prefetaren manuz idortearengatik ezin baitzen bete. Orain egina da, herritarrek eta eskolek balia dezakete. Baldintzak eta prezioak emanak izanen dira tokiko arduradunengandik.

Tailer berri

CCAS herriko ekintza sozialen zentroak, ASEPT erakundearekin partaidetzan, proposatzen du tailer berri bat, 55 urtez goitiko jendeari idekia, eta “Sous mon toit - Nire teilatupean” izendatua. Tailerraren helburu orokorra da bizitegien, ongi izanaren eta osasunaren arteko loturak ongi ezagutzea, airearen kalitate on batean egunero sanokiago bizitzeko. Tailer horretan ere emanak izanen dira aholkuak energian ez behar baino diru gehiago gastatzeko, bakoitzaren aurrekontua errespetatuz. Bost ekitaldi izanen ditu tailerrak. Iraganen dira azaroaren 17tik abenduaren 15era, astearte goizetan Apalaga gelan (9:30-11:30). Tailer hori idekia da egundaino egin ez duenari, parte hartzaile bakoitza engaiatuko dela bost ekitaldietan parte hartzerat. Argitasun gehiagorentzat eta izenak emaiteko helbideak dira: ccas@ustaritz.fr eta telefonoz: 05-59-93-38-91.

Uzta Hitzan festibala

Hurbiltzen ari zaigu aurtengo Uzta Hitzan festibala azaroaren 21etik abenduaren 3a arte iraganen dena egitarau aberats batekin. Azken eguna ezik beste ekitaldi guziak Lapurdi gelan eginen dira. Hona egitarau hori:

Larunbata 21: Daniel Landarti omenaldia Euskaltzaindiarengandik (zehazkiago aipatuko dena heldu den astean) (10:00), Baionan “Euskararen garaia da” manifestazioa Euskal

Konfederazioarekin (16:00).

Igandea 22: “Hiruzpalau” Pantzo Hirigarairen antzerkia Zortziko elkartearekin (hau ere berriz aipatuko dena), sartzea 10 euro (16:30).

Asteartea 24: “Bertsuztaritze” 4 eskola elebidunetako haurrekin eta Bertsularien Lagunak elkartearekin (10:00).

Asteazkena 25: “Etxean” Dom x Ael Campistron Haran Ubel ipuin kontaketa, haurrek etxean bizi dituzten egoerak aipatuko dituena.

Ortzeguna 26: “Xamar Biziaroak Herri kultura” mintzaldia Ikas elkartearen eskutik (15:00),“Nokaren higatzea Ortzaizeko adibidea” Ana Jaunarenarenganik eta Hitzopen gaztetxearen partaidetzarekin (19:00).

Ortzirala 27: “Lurdes Iriondo ez gera alferrik pasako” film dokumentala, Herri Soinuren partaidetzarekin (: 19:00).

Larunbata 28: “Jolasteko garaia da” Jokorin elkartearekin, 6 urtez goitiko guzieri idekia (10:00).

Abenduaren 3a, ortzeguna: egun osoan Kiroletan “Gurashow” Amaia Riouspeyrou, Kattalin Indaburu, Magui Mirande, Maider Cigarroa eta Philippe Alborrekin, eskoletako haur guziak gomit direla euskararen eguna ospatzera. Festibal on guzieri.

Jodo ikastaldi

“Budo Pays Basque” elkarteak kudeatzen du jodo, makilekin egiten den arte martzial kirola, arrakasta ona biltzen ari dena Uztaritzen. Azaroaren 14an ikastaldi bat antolatzen da Bilgunen hasi berrientzat eta trebeago direnentzat (9:30/12:30 - 13:30/16:30). Jean Luc Duart herritarra, Akitania mailan goren goreneko mailarat heldua denak segurtatuko du ikastaldi hori. Kirol berezi horrentzatdoan bezti berezia prestatua izanen da ez duteneri. Galdegina da eguerdiko piknika bakoitzak segurtatzea. Kontaktua: Jean Luc Duart 06-81-58-47-99.

Ganer huste

Azaroaren 15ean Arruntzako AEP elkarteak antolatzen du ganer hustea egun osoan Aldacourou gelan eta inguruko plazan. Suerte on puska zaharren ondotik dabiltzanei.

Pilota

Ezker-paretetan Euskal Herriko joko garbi txapelgoak segitzen du azkar. Kapito Harriri doakionez azken aste honetako emaitzak, helduen mailan, hauek dira: Kapito Harri A irabazle Senpereri 40/17 eta galdu Noizbait taldearen aurka 31/40. Kapito Harri B irabazle Noizbaiti 40/33 eta Baionari 40/32. Kapito Harri C irabazle Goizekori 40/21 eta Kanbori 40/8. Kapito Harri D irabazle Noizbaiti 40/30 eta Azkaineri 40/38. Suerte on ondoko partidentzat.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3857. zbk

Gure Hitza | 2026/11/12

Herrian lan egin, herrian bizi?

Irati Esparza Guimon

Goizean goiz herriko okindegian ogia erosten dugularik, badakigu okina gu baino goizago jaiki dela. Gutiagotan galdetzen diogu geure buruari zenbat kilometro egin behar izan dituen labea piztera etortzeko. Gauza bera erran genezake gure burasoak etxean artatzen dituen erizainaz, haurrak eskolan hartzen dituen laguntzaileaz edo ostatuko atea azkenik hesten duen zerbitzariaz. Herriak horien guzien beharra du. Horiek guziek, beren aldetik, non dute bizitzeko tokia?

Baionan, laugarren larunbatez segidan, bizi garestiaren kontra atera da jendea karrikara. Hego Euskal Herrian, azaroaren 11rako greba orokorrera deitu dute etxebizitza eskubidearen alde. Bi mobilizazioek badute elkar ukitzen duten puntu bat. Hilabete hastapenean alokairua ordaindu eta, zer gelditzen da hozkailua betetzeko, argindarra ordaintzeko, haurrak janzteko? Etxearen prezioak baldintzatzen du ondotik egiten ahal dugun hautu bakoitza.

Maiz entzuten da barnealdera joanez gero alokairu merkeagoa atzeman...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016