Azalekoa | 2022ko Martxoaren 31a
Sarako Idazleen Biltzarra 39. edizioa
M.O.
Bi urtez Idazleen Biltzarra ez bada udaberrian iragan, aldi huntan ohidura den bezala bere markak berriz hartu ditu, aldaketa batekin, ez da Pazkoz iraganen, baina bai aste bat lehenago, apirilaren 10ean, Erramu egunez. Jean-Mixel Garat, Idazleen Biltzarreko presidentearekin bildu gira, 39 urte hauetan liburu eta disko azokaren antolatzeaz arduratzen da.
Idazleen Biltzarraren abiatzea
1984an turismo bulegoaren iniziatibaz sortu zen Idazleen Biltzarra. Jean-Mixel Garat-ek kontatzen zaukun Angoulêmeko liburu azoka batean gertatu zela, hor ikusi zituen autore batzuk beren liburua aurkezten eta izenpetzen. Berehala pentsatu zuen "hori Euskal Herrian egin behar dugu" eta horra orain urteak Saran idazleen topaketa iragaiten dela. Proiektua egingarri zenez jakiteko, orduko hiru idazle ezaguneri, Jean Haritschelhar, Piarres Lafitte eta Eugene Goyhenetche-ri eskatu zuen. Hiruek duda izpirik gabe baikorki erantzun zioten, gomitatu behar ziren idazleen izenak emanez. Idazleen Biltzarreko presidentea, telefonoa harturik, egunero idazleen deitzen hasi zen, emankorra izan zena, lehen urtean berean 80 autore hurbildu baitziren. Pazkoko asteburua luzea eta Euskal Herriko bi aldeetan astelehena pausa eguna izanez, jendea errexago hurbilduko zela xedearekin hautatua izan zen.
Hastapeneko xede bera atxiki da, egun berean, toki batean,Euskal Herriko idazleen biltzea, euskaldunak izan ala ez.
Sarako Idazleen Biltzarra bazterrezina
2015az geroztik, Sarako turismo bulegoaren norabide aldaketa baten ondorioz, "Sarako Biltzarra" elkartea sortu zen eta geroztik hunek du liburu eta disko azoka kudeatzen, Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin. Hasietarik arrakasta ukan bazuen, orain 150 idazle inguru hurbiltzen dira. Urtean zehar aurkeztuak diren liburuak, elkarteak begiratzen ditu, Elkar argitaletxeak publikatu obra berrien zerrenda galdegiten du. Idazle horiekin elkartea kontaktuan jartzen da. Jean-Mixel Garat-ek erraiten zaukun, betidanik Daniel Landart "aholkulari konplize" ukan duela, bai eta Patrick Pepin animazioentzat eskukaldia emaiteko.
Liburugintzan, 39 urtez aldaketak ikusi ditu, bereziki liburuaren iraupena aldatu baita. Hasieran idazle batek ondoko urtean liburu berdinarekin etorriko bazen, orain agertu urtean baizik ez da agertuko.
Aurtengo egitaraua
Apirilaren 10ean iraganen den ekitaldian, erakuts-mahaiez gain, liburu aurkezpenak izanen dira. Maiatz argitaletxean publikatu bi liburu aurkeztuak izanen dira: "Bizirik iraun" Marikita Tambourin (10:15) eta "Uhartearen mugetan" Itxaro Borda (10:30). Elkar-ek publikatu Ttale Ouret-en "Bortuko azken Indiarra... Artzain lurgabekoa" (10:45), segida Euskaltzaindiak hartuko du 3 liburu aurkeztuz: "Jean Elissalde Zerbitzari antologia" Jabier Kaltzakorta, "Ene bertsoen bilduma 1951-2021" Txomin Peillen eta "Nafarroako Blanca trajeria" Jean-Louis Davant.
Bi urtero egiten den "Biltzar sari" banaketak lekua hartuko du (12:00), aurten Mikel Duvert eta Lucien Etxezaharreta dira ohoratuak izanen. Bazkal eta, "Ustekabeko elkarretaratzea" Elise Devin haur liburu idazleak azalduko du (15:00), "Irudiz eta euskaraz gure hizkuntzaren zinema, gure zinemaren hizkuntza" Josu Martinez zinegilearen aldi izanen da (15:30), "Bi neraberen Euskal Herriko itzulia" 2 hizkuntzetan publikatu Jakes Sarraillet eta Nathalie Jaureguito (16:00), "Les pourquois du Pays Basque" Gorka Robles (16:30) eta "Quand nous étions pêcheurs à Dakar" Jacques Ospital (17:00).
Biharamunean profesionalen eguna iraganen da. Horretarako dute Erramu egunaz antolatzen, astelehenetan mediateketako langileek egun horretan Saran formazioa segituko baitute, bai eta unibertsitateko euskara sailean direnek "lan praktikorako" ariketak eginen dituzte. EKE, Bilketa eta Sarako Biltzarra dira egun horren antolatzaile. Aurten "ahozko euskal literatura, atzo eta gaur" dute aipagai izanen.











