Herriz Herri - Ziburu (L) | 2022ko Martxoaren 31a
Auzo batzordea - Aitor de Mendizabala - Gatuak bazkatzen zituelako - Ahüzki eta Behorlegi - Mariñelako bestak
Laugarren auzo-batzordea
Oroit ortzegun huntan dela, martxoak 30, Mariñelako eskolan (18:30), herriko laugarren auzo-batzordearen xutik ezartzeko bilkura, Mariñela eta Zubiburu auzoaldetako jendearentzat.
Aitor de Mendizabal
Artista ezagutua da Aitor de Mendizabal. Margolari eta zizelkari guziz trebea. Donostian eta Arrangoitzen bizi dena. Bere obra gehienak izadiari so eta so, asmatzen ditu. Zuhaitzeri emanez lehentasun berezia. Obra horietarik andana bat ikusgai da Ziburuko Arte-Bideak erakustegian eta hori apirilaren 15a arte.
Gatuak pazkatzen zituelako
Hauxe da istorioa hau berriz! Emazteño batek hartua zuen usaia gatu zonbaiten karrikan bazkatzeko bere etxetik frango hurbil. Ondo hartako beste emazte batek hori ezin onets! Kontra zen horrek su eman dio gatu bazkatzailearen autoari, makur handirik egin gabe halere, bai eta dena mehatxu arizan. Atxilotua izan da eta auzitegira eremana. Onartu du segidan epaitua izaitea. Zigor gisa bildu du hiru hilabeteren presondegia, aldi huntako barka "sursis" delakoari esker, eta gain-gainetik debekatua zaio gatu pazkatzailearen gana hurbiltzea.
Ahüzki eta Behorlegi
Bere biltokia Ziburun duen Jakintza elkarteak ikerketa frango akuilatzen du, historia eta ondarea gogoan, ardura gure Kostaldean berean, bainan artetan urrunago behatuz berdin. Aurtengo bere lehen aldizkaria atera berri du eta erran daiteke altxor pollita dela, Guy Lalanne, Tito Humbert eta Pierre Sabalo elgarrekin arizanik lanean. Gaitzeko itzuli ederra egiten da beraz, lehenik Xubero aldeko Ahüzki iturri famatura eta gero Behorlegi herrira. Iturria bera xoragarria da mendi mazela batean, mila metro gora baino gehixagoko toki batean. Aldizkariak badauzka, arta handiz bilduak, aspaldiko argazki eder zonbait. Behorlegiz ere argitasun frango, hango bazterraz, hango elizaz eta Santa-Grazi kaperaz, hango eiheraz eta pilota plazaz.
Mariñelako bestak
Pazkokari eginen dira Mariñelako bestak. Egitarau pollit batekin. Oraindanik aipatzen dugu, izenen emaiteagatik, Pazko bezpera arratsaldean, larunbatarekin beraz, apirilak 16, auzoalde hortako ostatuan eginen den mus lehiaketa. Sari eder zonbaitekin. 500 euro irabazleentzat, 250 euro bigarren aterako direnentzat. Parte hartzea 12 euro jende bakoitx. Izenen emaiteko deitu 05-59-23-65-10 edo 06-83-37-75-41.
Aurrekontuak
Herriko kontseiluak bozkatu ditu aurtengo aurrekontuak, duela zonbait aste finkatu norabide nagusien ildo beretik. Eskuindar hautetsiak ez ados, eztabaida zonbait izan da hartaz eta huntaz, bereziki lehen mailako eskolen batetaratzeaz. Obra parrasta bat aiseago akulatzako gisan, diru mailegatzea erabaki da, kasik hiru milioi euroren heinekoa. Obrak orotarat kostako dira sei milioi eta erdi euro pasaturik. Eskolen batetaratzea beraz bainan besterik ere segur. Obrak karrika askori freskaldi on baten emaiteko, obrak ere haurtzaindegian eta kirol-zelaian. Herriak dituen autoak xahartuak edo xahartzen ari, lau berri erosiko dira, elektrikarekin ibiliko direnak. Bestalde oraino, ikerketak eginen dira auto eta beste ibilgailuen mugimenduarentzat neurri egokiagoak hartzeko gisan herrian gaindi.











