Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2022ko Martxoaren 31a
Europako hizkuntza gutituak - Aiherratik Antzuolara oinez - Berri laburrak
Europako hizkuntza gutituen "Tokiko xarta"
Aitzineko astean Euskal Herriko 49 Herriko Etxek eta horietan Aiherrakoak, Europako hizkuntza gutituen xarta Itsasuko Sanoki gelan izenpetu zuten. Itsasuko Herriko Etxeak eta Euskal Konfederazioak bultzatu lanaren ondorioz, 49 Herriko Etxe horietako ordezkariak bildu ziren hitzarmenaren ofizializatzeko, Claudine Brohy Europako kontseiluak igorri andere ordezkariaren aitzinean. Ondorioz, Herriko Etxe guziek euskararen aldeko engaiamenduak hartu zituzten, bakoitzak hautatu 30 neurrien bitartez. Euskara Herriko Etxean ofizialki baliatzeko engaiamendua hartu zuten, ahozkoan, idatzietan, seinaletikan, komunikazioan eta beste. Esperantza dute beste Herriko Etxeek bide bera hartuko dutela. Orain hitzemanetik obratzera joan behar dela azpimarratu zuten. Herritarrek, Herriko Etxeko zerbitzuen baliatzaileek, ez dute beldurrik ukan behar euskaraz Herriko Etxean hitzegiteko. Gure herriari doakionez, idazkaria euskalduna izaiteak hori errexten du.
Urte saria SOS laborari elkarteari
SOS Laborari taldeak (hau da laborarien ordaintza zerbitzua), jakinarazten du laborari bakoitzak urte saria martxoaren 30a aitzin ordaindu behar duela, J-Marie Dartaguiette Etxaikoari, Pascal Minjou Etxebazterrekoari edo Graxi Beyries Garraldakoari txekea helaraziz
Aiherratik Antzuolara oinez, Itsasun gaindi
Aiherra eta Antzuola herriak oinez eta mendiz juntatzeko proiektua abantzatzen ari da. Antzuolarrak beren aldetik orain arte paperean ezarri ibilbideko etapa batzu deia entseatuak baldin bazituzten, aihertarrek joan den igandean lehen etapa estreinatu zuten, Aiherratik Itsasu artekoa.
Zortzi mendizale lagun, Aiherrako plazatik abiaturik Lekuinen gaindi, Itxaurmendi zolatik, Laminen oihanean barna, Lekorne Uhaldegaraia etxe ondora heldu ziren eta hortik Urtsu mendi kaskora. Gain horrek eskaintzen duen bista ederra gozatu ondoan, jautsi ziren "Lau Bordak" gunetik, gero Makea Aziotzea ondotik, Luhuso Paxteroinean barna, Itsasutik Luhusoko bide nagusia zeiharkaturik, Itsasura Errobi bazterrera, Txixtulari ostatu ondora. Orain arte ezagutzen ez zuten ibilbidea eginik (24km, 6 orenez, 677m desnibelarekin) 8 lagunak pozik ziren. Orain arte paperan ezarria zuten ibilbidea doi bat zuzendurik baieztatu dute. Ondoko etapa Itsasutik Urdazubikoa, apirilaren 10ean eginen dute. Gomita deneri irekia da.
Berri laburrak
Apirilaren 1ean, dantza errepikahilabetean behin egiten dena, ostiralean eginen da (19:30), Denen Etxean. Apirilaren 9an: Korrika, aurten aihertar guziek kilometro berean laster eginen dute, Herriko Etxeak, Abarratia pilota batasunak, Belzuntze elkarteak, Besta komiteak eta eskola giristino elebidunak. Usaian bezala tenorea baino oren erdi bat lehenago jin beharko da, lasterkako atorren hartzeko eta diru laguntza Korrika kamioiari uzteko. Apirilaren 21ean, Goiti Aire elkarteak, bere kideeri Hernaniko sagarnotegian bazkaltzeko gomita egiten du. Berantago aipatuko dugu.











