Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2022ko Martxoaren 31a
Herritar berrireri ongi-etorria - Antzerkia
Herritar berrieri ongi-etorria
Martxoaren 18an, ostiral arrastiriz, egina izan zaiote ongi-etorria azken urte hauetan gure herrian bizitzera etorri diren herritarreri. Berrogoi bat lagun bildurik, Jean-Michel Anchordoquy auzapezak egin diote deneri agurra, herria doi bat presentatuz. Hor ziren ere hamar bat elkartetako ordezkariak, bakotxak esplikatzen zituela elkartearen harat-hunatak. Handizki estimatuak izan diren solasak. Eta elkarretaratzea bururatu da edari eta janariaren inguruan, guzien atsegina betez.
Igandean antzerki
Korrika kultural kari, joan den astean aipatu bezala, oroit igande arratsaldean (18:00) Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai gipuzkoar antzerkilariek eskainiko daukutela "Luze edo motz" antzerkia Barberaenea ostatuan, ondotik edari eta pintxo.
Eta asteartean (apirilaren 5ean) Korrika pasatuko da Ortzaizetik, goizeko 3ak irian: Herriko Etxea, Besta komitea, Otxaldetarrak eta Baztandarrak elkarteetako kideek hor kurrituko dute. Bainan goiz hortan parte hartzen ahal ez dutenek, egin dezakete apirilaren 9an, larunbatarekin, Kanbo edo Itsasu aldean.











