Gure Hitza | 2022ko Martxoaren 31a
Malkoen garaia
Peio Jorajuria
Hamar egunen buruan iraganen da presidente hauteskundeen lehen itzulia. Hain hurbil eta, aldi berean, hain epel. Ezin uka ez dutela hauteskunde horiek gubaitan halako sukarrik piztu. Menturaz, bozkaldia aitzinetik trenkatua delako sentimendua baitugu. Alabaina, Eliseoko gaurko nagusiak, itxura guzien arabera, bere tronuan jarririk aitzina segituko du, populuarentzat on ala ez on. Sei hilabeterentzat Europar Batasunaren gidaritza harturik, jeneral handi baten itxura zabaltzen du, beste hautagaiek gibelean urrundik segitzen dutela, hatsantuak eta eztulka, edo etsituak.
Hauteskunde horiek sukar berezirik ez badute piztu, da ere Ukrainako gerlak gure gogo-bihotzak osoki irentsi dituelakoz. Errusia erraldoiak bospasei egunez kroskatu behar omen zuen Ukraina dohakabea. Kasik berrogei egun badira iraganak eta gerlak beti dirau. Putin diktadore krudelarenganik, egiazko genozidioa. Aski da ikustea Mariupol bezalako hiri martiria kasik osoki suntsitua, sarraskitua, xehatua, eskolak, ospitaleak, amategiak, zaharretxeak, kulturetxeak, saltegiak, bizitegiak eta gaineratikoak bihozgabeki bonbardatuak, biztanleak masakratuak. Infernu horren irudiak egunero heldu zaizkigu telebista leihotik, joanago eta jasangaitzago. Ukrainarrak milioika desterruari emanak. Baina aldi berean ukrainarrak ehun milaka erresistentziari lotuak, gudari miresgarri, Zelensky presidente txalogarriak gidaturik. Putin horrek, haatik, badirudi ez duela bakerik izenpetu nahi denak irentsi arte. Nun ez den noizbait bera irentsia! Anartean, gizon bakar baten eta haren morroiengatik, zer masakreak! Ez bakarrik Ukrainan, baina laster heren-munduan ere, gerlaren ondorioz gertatzen ari den zereal eskasak adibidez gosete ikaragarriak sustatuko baititu herrialde askotan.
Bai, Ukrainako oihartzun burrunbatsuek frangotto estali dituzte frantses lehendakaritzarako hauteskundeak. Ez arras osoki halere. Eta Macronek hor dauka ustegabeko elorria zangopean, Yvan Colonna korsikar nazionalistaren erailketarekin, Arlesko presondegian. Presondegietako administrazioa, eta beraz Justizia ministroa bera, nolazbait hobendun bezala ikusiak baitira afera minbera hortan. Eta hara gobernua Korsikaren autonomiari buruzko urratsetan zalu zalua abiatua dela, itxuraz bederen, kalte egiten ahal liokeen sutea itzalzeko, orain arte Korsikaren aldarrikapen guziak mespretxuz baizik ez zituelarik tratatuak. Baina hauteskundeak pasatu orduko, ez ote da gobernua gibelka abiatuko? Cargeseko seme zenduari ohoreak eskainiak izan zaizkio bere lurretan, Frantziako errepublika jakobinoa ofentsaturik sentitzen delarik gisa hortako ohoreekin. Ezin konprenitua baitu populu ukatu baten arima nolakoa den. Aldiz, katalanek, bretoiek eta euskaldunek, besteak beste, beren sustengu eta elkartasuna adierazi dizkie korsikarreri. Biharamun iguzkitsuagoaren menturan.










