Gogoa hazi | 2022ko Martxoaren 31a
Gerla berriz Europan
J-L.Davant
Munduko bigarren gerla 1945 urtean burutu zitzaigun: Europan maiatzaren zortzian, Asian buruilaren bian. Geroztik bakea gozatu dugu mendebaldean, bereziki Alemaniarekin adiskidetuz. Haatik Balkanetako penintsulan Jugoslaviako errepubliken federazioa desegin zenean, osatu zuten zazpi estatu txikien artean izigarriko gatazka piztu zen 1991eko ekainean, hamar bat urtez haurrideen arteko masakre andana eraginez, bereziki Sarajevon. Han ez dakit orain gogoak zertan dauden, baina gu hemen zer heinetara kezkatu gintuen? Ez gehiegi, ni beldur.
Mende bateko epean Balkanetako hirugarren gerla zen, guretzat ezin konprenitua, eskualde konplikatua baita erdiuharte hori, Europaren azpitik dilingo bezala, hiru erlijio ezberdinek zatitua: katolikoa Eslovenian eta Kroazian, musulmana Bosnian eta Kosovon, ortodoxoa Serbian, Montenegron eta Mazedonian. Gainera hiru inperiok eskua sartu dute hor luzaz, beren alimaleko etxaldeak beti hedatu nahiz. Hola piztu zen ere 1914 urtean munduko lehen gerla, Sarajevon hain zuzen.
Dena dela, horiek oro bulta honetan ahantziak ditugu hemen, eta gerlarik Europan berriz pitz daitekeelako ideiarik ez zitzaigun burutik pasatzen ere. Beraz otsailaren 24an Errusiako armada Ukrainan sartu denean, gure harridura! Baina berdin harrigarria zaigu ukrainarren ihardukitzeko indarra. Putinek errexena egin du, erresuma txikiago bati su emaitea. Luzeena egiteko gelditzen zaio, erredura handiegirik gabe hortik ateratzea, bere urguilu zozoa mugatuz.
Gerla irabaz dezake, armadaz gehiago baitago, nahiz ez zaion uste zukeen bezain ongi joaten. Baina gero, Frantzia baino zabalago den eremua nola kontrola hein bat murritza den soldadu saldoarekin? Eta bakea nola irabaz? Edo non geldi? Otsailaren 22an, goizean goizik telebistaz egin duen predikuaz, bere xedeak argi eta garbi mezutu ditu mundu zabalari: Errusiako inperioa lehengo mugetara hedatu nahi du, bere bidean traba lezaken erresuma oro su nuklearraz mehatxatzen duelarik! Beraz bakar bat ere ez da fida zuzenka Ukrainaren militarki laguntzeko.
Gerla dugu beraz Europan, gutarik ez hain urrun. Ukrainako mugatik Rhin ibaira bi erresuma baizik ez daude artean: Polonia eta Alemania. Egungo ahalekin zein bide guti den...
Mementoko zer ikusten dugu: emazteak haurrekin milioika ihes ahal bezala, ahal duten lekura. Beharrik Europako erresumetan, Poloniatik hasiz, ongi hartuak dira, Afrikako eta Asiako etorkinak ez bezala. Honara zenbat helduko zaizkigu? Jende franko laguntzeko prest gaude, ikusi behar nola. Eta han bonben azpian hartuak gelditzen direnak ere nola sokorritzen ahal genituzke?
Urrats bat bederen posible zaigu eta beharrezkoa: gauzaz edo errexago diruz laguntzen ahal ditugu ONG delako gobernuz kanpoko erakundeen bitartez, hala nola Kurutze Gorrien arartez. Otoitza ere zilegi zaio fededunari, basa ahalgerik gabe, ez baita bekatu: minik ez, eta on egin dezake, lehenik otoizlariari, ez dakielarik zer ekin holako eskandala hilgarriaren aitzi, aurka, kontra. Fedeak lagun gaitzala, ukrainarrak laguntzen dituen bezala.










