Herriz Herri - Senpere (L) | 2022ko Martxoaren 31a
Etxe tindatzea - Lapurdiko Rallyaren 44. edizioa - Mus - Formakuntza suhiltzaileen zentroan - Haurren kontseilua
Udaberria loratzen
Kanpora atea orduko begipean ohartzekoa da liliek alde guziak emokatzen ari dituztela, pentzeak, arbolak, erreka bazterrak baita larreak. Apirila biribila hor dugu eta sasoi huntako aro aldakorrak baratzetako ateak zabalik ezartzen ditu, jendea kementsu hasia da lurrari joka, lehen haziak ereitekotan, bereziki patatak.
Laborantxako irudi huntaz bertzalde, sekulako ekitaldi ospetsuak datozkigu, hala nola Korrika apirilaren 9an, larunbat goizarekin, hunek hamabostaldi kulturala idekiko du, Senpereko elkarteek antolatua "Kultur Topaketen garaia" tituluarekin.
Pazkoak ere apirilaren 17an ospatuko dira, dirudienez bi urteko geldialdiaren ondotik"Bildotsaren Egunak" plazara itzuli behar luke, maiatzaren 1ean eta nola ez aipa hitzordu arrakastatsua Herri Urratsena maiatzaren 8an aintzira inguruan.
Udaberriko etxe tindatzeak
Garai batean, usaia zen sasoi honetan etxeen zuritzea gisuztatuz, aurten bertze modu batean tindu berezi batzu agertu dira, martxoaren 23an goizarekin. Senpereko 5 etxe-agentzia, herriko eraikin eta salgai den etxe bat, tag edo tintapez beztituak izan dira, etxebizitzen, alokatze eta etxegintzako lurren prezio izugarriak salatzeko. Hunen ondorioa, herritarrek ezin dutela aurki baldintza neurtu batzuetan bizitzeko egoitzarik. Problematika hunek tentsio handiak sortzen ditu eta aterabide garbirik ez da nabaritzen. Aldarrikapenetan: "aski da", "Euskal Herria ez da salgai", "Euskal Herrian bizi nahi dugu", baita mezu mehatxagarria ere, "gaur tinduak bihar bonbak". Izenpedunetan ageri da Obetarrak kolektiboa, "Ondarearen Batasunaren" izenean, baita irudi sinbolikoa zuhaitz baten pean aizkora. Etxebizitza batean agertu da, Eñaut Elorrietaren kanta ezagunaren kopla bat: "Nire Aitaren Etxea". Gogoeta gaia badugu.
Lapurdiko Rallyaren 44. edizioa
Hemen ere bi urteko penitentziatik lekura, ASA Côte Basque antolatzaileak motorrak burrunban emaiteko xedearekin itzuli zauzkigu. Ehun bat mendiko-autok parte hartzen dute, Frantziako txapelketako konta den lehiaketan. Apirilaren 1ean, ostiral arratsaldean, beharrezkoak diren autoen egiaztatze edo kontrolak izanen dira, Gazteluko aparkalekuan. Larunbatean hiru proba, Ziburuko Bordako inguruetan, Senpere eta Ainhoaren artean, Urloa aldiz abiatuko da Ezpeletatik Zuraidera, Uztaritzeko mugak zeharkatuz, Otsantz-Behereko kaperaino, azkena Senpereko oihanaren bihotzean. Igandean bi proba, Xipa izenburuarekin Zirikolatzetik Kontramenduko bidea, Ahetzen gaindi hartuko duena, gero Uzkain famatua abiatuko da Zuhalmendi saihetsetik Uzkaine zeharkatuz Urguri gainera heltzen dena. Espero dezagun aroa lagun izanen dela eta denak ongi joanen direla, komunzki antolatzaileen bitartez mendiko bide horiek berriz plantan ezarriak dira.
Herriko haurren kontseilua
Martxoaren 22an iragan da, oihan pedagogikoak izan da gairik garrantzitsuena eta proiektua aztertu ondotik, hautetsi gazteen artean sekulako interesa sortu du. Senpereko oihanaren zati bat (3 ha Ihiztarien ttattolatik hurbil), gazte horien esku ezarria da, hauek kudeatzekotan, beren asmoen arabera. Norabide batzu aztertu dituzte, kontutan hartuz klima aldaketa, ea zer zuhaitz landa litaiken, ikusi ere suhiltzaileekin sutetik babesteko soluzioak, oinezkoen eta VTT delakoen ibilbidea aipagai ere izan da, jakinik segidatzat erreleboa utziko dutela ondoko gazte batzueri. Bertzalde etxez-etxe ibili beharrak ziren 80 urtez goitikoen bisitatzera eta nola Covidarengatik ez dituzten denak ikusi, krakada bat eskainia izanen zaie apirilaren 20an (15:00), Xabatene salan.
Mus Txapelketa Aroberrin
"A Mait's Arro'Cha", irakurri amets arrosa, elkarteak antolatzen du mus txapelketa, Estebe Fagoagaren ostatuan, apirilaren 2an, larunbatarekin. Izen emaiteko deitu 06-69-51-36-54.
Formakuntza suhiltzaileen zentroan
PSC1 deitzen den sokorrietako formakuntza zabalduko da apirilaren 2an larunbatean, xehetasunentzat deitu 06-18-61-17-06. Bada zer ikasi edozoin istripuri zuhurki aurka egiteko.
Rita antzerkia
"Bronks" konpainiaren eskutik, Larrekon ostiralean apirilaren 1ean (20:30), ikusgai izanen da.











