Herriz Herri - Hazparne (L) | 2022ko Martxoaren 31a
Herriko kontseilua - Erakusketa - Korrika - Film berezia
Herriko kontseilua
Lehenik hilerrien kudeaketa kontua eta kontu administratiboa bozkatu dira. Gero 2021eko aurrekontu nagusiaren kudeaketa kontua denek onartu dute.
Aurrekontu nagusiaren kontu administrazioarentzat aldiz oposizioak kontra bozkatu du eta hautetsi abertzalea abstenitu da. Eztabaidan erran da egin beharraren %30a baizik ez dela egin, aldiz zorra %41ez emendatu dela. Auzapezak erantzun du, obra handiak hasi aitzin ikerketa denbora luzea behar dela serioski lan egitekotan. Zorrari buruz erran du ere badirela lehengo zorrak eta funts erosteko egin direnek ondoko urteetan emanen dutela, luzara pentsatu behar dela.
Funtsen eroste eta uzteen sailean oposizioak ez du bozkatu.
Eraikia eta eraikia ez denaren zergak hein berean egonen dira, 2022an. Denak alde.
Aurrekontu nagusiaren bozkatzea: aurten izanen diren xahutze berezietan aipatu da gaztendako lokal bat Urkoin, obra batzu baratze publikoan. Langilegoaren ordainketa %1ez emendatuko da. Haurtzaindegiko langile batzuen euskara ikasteko ordainketak izanen dira, haurtzaindegiak elebidun labela berreskuratzeko gisan. Elkarteen diru laguntza batzu ere aurten azkartuak dira: Lehengo Hazparnerentzat, pilotako aste nagusiaren 100 urteen kari, Elgar Oinkaren 50 urteen ospatzea, Danborradaren 30 urteak eta munduko pilota xapelketa.
Oposizioak erran du buxet hau ez zuela bozkatuko ikusiz iragan urtekoa nola joan den. Orduan gehiengoak aipatu du gazteriari buruz eginen dena: Eihartzean animazio zentro baten egiteari pentsatu; Gaztetxearentzat aterabidea aurkitu da ezker paretako gela batean eta huntan obrak egin. Bestalde ekologia mailan argi publikoak aldatuko dira, herriko eraikinen energia beharrak landuko, zerbitzuetan zuhurtzia gehiagoz tratatuko dira hondarkinak.
Orohar xahutzeak kontrolatu nahi dira, zergak hein berean atxiki, animazio eta elgar bizitza lagundu, hiri erdia biziarazi (horrek dirutza handia galdeginen du), gazteendako etxebizitzak eskaini... Biharko herri ttipi gisa onartua izaiteak diru laguntza gottorrak emanen ditu. Gehiengoak alde bozkatu du bistan dena eta hautetsi abertzalea abstenitu da.
Elkarteeri eman diru laguntzak bozkatu direlarik abertzalea abstenitu da, ez delako ados laguntzak emaiteko moldearekin. Dio kriterioak behar direla finkatu eta lan hori ez dela egina.
Sozial zentroari eman diru laguntzarekin denak ados ziren, haurtzaindegiari emanekin ere.
Lekuineko bidean den lur zati bat erostea galdeginen zaio EPLF-ari, hor suhiltzaileen zentro berriaren egitea pentsatzen delako. Lurraren erostea herriaren gain da, gaineratiko xahutzeak estatuak eta departamenduak pagatuko dituzte.
Azkenik Pilota Plazako lur baten saltzeari buruz denak adostu dira.
Ganer hustea
Jean Verdun eskolako burasoek ganer hustea apailatzen dute, apirilaren 10ean, ezker paretan (08:00À¢Æ''17:00) iraganen da. Saltzean parte nahi duenak, 15€ eman beharko ditu kanpoan izaiteko eta 18€ barnean. Izenaren emaiteko 06-50-42-97-46 zenbakira deitu behar da. Tokian berean izanen da jateko eta edateko moldea edo hor erosi eta etxera eramaitekoa.
Erakusketa
Choribit gelan erakusketa eta saltzea iraganen da,apirilaren 4tik 17ra, errexinezko bitxiak, Melisande Bert anderearen azken sorkuntzak. Orori idekia da egunero.
Korrika
Denek dakigu Korrika Amurriotik abiatuko dela martxoaren 31n, Donostian bururatzeko apirilaren 10ean. Molde berezian kurrituko du Iparraldea, bi alditan. Hazparnetik pasatuko da bigarren aldian, apirilaren 9an arratsalde hastapenean. Heldu den astean emanen ditugu xehetasunak, bainan anartean bakotxa treba dadila kilometro bat edo gehiagotan laster egiten eta zer laguntza ekarriko dion Gau Eskolari gogoetatzen.
Bezperan eskoletako haurrek ere eginen dute Korrika Ttiki herriko karriketan.
Film berezia
"L'hypothèse démocratique-Une histoire basque" deitzen da, Thomas Lacoste zinegileak jaz sortu duen film-luze dokumentarioa. "Dokumentario hunek Europa mendebalean izan den borroka armatu luzeenetik ateratze politikoa kontatzen du, hots ETAren borrokaren bukaera. Aktoreek, biktimek eta bakearen negoziatzaileek bortizkeriaren parean gertatu populuaren historia kontatzen dute: bide berria asmatuz, bere geroa eskutan hartu duen herriarena".
Filma Haritz Barnen ikusgai izanen da apirilaren 6an, asteazkenez (20:30). Film egilea bera hor izanen da eta harekin mintzatzen ahalko da filmaren ondotik.










