Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2022ko Martxoaren 31a
Korrika aitzineko kantu bazkaria - Donapaleuko gune historikoez - Erakusketa
Korrika aitzineko kantu bazkaria Donapaleun
Aitzineko bi korriketan bezala, Zabalik elkarteak kantu bazkaria antolatzen du, apirilaren 2an, ibiakoitz eguerditan Donapaleuko Pinkenia ostatuan. Menuan: kixak, basa-ahuntz saltsa, bixkotxak... horiek guziak 15 eurotan! Zoazte gustuan, jan eta kantatu... eguerditik astiri arte, gusturik hoberenean. On omen da osagarriarendako ere!
Izena eman behar da martxoaren 30a aitzin, mailez zabalikelkartea@gmail.com helbidera edo bestela sms-ez: 06-08-28-26-57.
Korrika gaua apirilaren 4an Donapaleun (19:00)
Korrika Amikuzen pasatuko da apirilaren 4an, astelehen gauean. Zuberotik jinen da eta Donapaleuko itzulia gauerditan egin ondoan, Irisarrira buruz joanen da, Bithiriñan gaindi.
Aurtengo leloa, euskara hitzetik ekintzara.
Donapaleun, besta gaualdia antolatua da arrastiritik aitzina, merkatu estalian, giroa berotzeko Korrika heldu artean, kantu, bertsu, dantza, jateko eta edatekoekin.
Aurten ere, Donapaleu zentroan, Herriko Etxeko zolan, mapa batean, egunez egun jarraitzen ahalko dugu Korrikaren aitzinatzea, Donostiara heldu artean.
Bideoa Donapaleuko gune historikoez
Duela bi urte, 2020ko urritan, Zabalik eta Nabarralde elkarteek Donapaleun kolokioa antolatu zuten, 1620ko ediktua oroitarazteko. Egun hortan agertu zen Donapaleuko herriak ukan zuen leku garrantzitsua Nafarroako instituzioak babestuz Castillak kontrola hartu zuelarik Nafarroa hegoaldean.
Kanaldude eta Irisarriko zentroaren laguntzarekin, bideoa laster jaliko da, Donapaleuko gune historikoen bisita gidatua eginez. Duela 10 egun, Kanaldudeko ekipa eta Zabalik elkarteko kide zonbait bildu dira bideo horren grabatzeko.
Irisarriko erakusketan eta ondotik Kanalduden edo Zabaliken webgunean ikusgai izanen da.
Erakusketa Amikuzeko mediatekan: 4-10 urteko haurrendako
Amikuzeko mediatekak erakusketa antolatzen du pertsonaia enblematiko batzuekin, osatzen duena afixen bidez. 4-10 urteko haurreri itzulia da eta irakurketa guneak prestatuak izanen dira, Ecole des loisirs argitaletxeko album batzu irakurtzeko, hala nola "Simon le lapin", "Cornebidouille", "Verdurette" edo "Chien Bleu". Memento ezin hobea buraso eta haurren artean partekatzeko. Erakusketa hau apirilaren 1etik maiatzaren 15a arte ikusten ahalko da Amikuzeko mediatekan.











