Euskal diaspora | 2022ko Martxoaren 31a

Jean Flesher-ek afaria prestatuko Boisen eta Korrika munduan

Jean%20Flesher-ek%20afaria%20prestatuko%20Boisen%20eta%20Korrika%20munduan

BOISE, IDAHO. Idaho aldeko euskaldunek eta idahotarrek oro har, aukera berri bat ukanen dute apirilaren 9an Jean Flesher chef euskal-amerikarraren sukaldaritza dastatzeko. Salt Lake City bere sorterritik joanen da, batzuk Ezterenzubi bere amaren herrian Manexaundi deitzen duten gizon euskaldun eta euskaltzale hau, kasu huntan ez musikari gisa, edo(ta) munduko euskal etxeen hautetsi eta ordezkari gisa, chef gisa baizik. Izan ere, sukaldari esperientzia ederrekoa da, beti Utah-ko Euskal Etxeko sukaldari-taldeko kide, eta ikastaroak ematen ez-euskalduneri. Hala ari izan da Utah-n ezezik, Idahon berean, Nevadan eta Kalifornian, euskaldun estiloan. Ez hondarrekoetan pandemiaren karietara, baina urte guziz antolatu ohi dute Boisen bazkari hau, ontsa afaltzeko aukera eskaini eta ber denboran Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxeko programentzat sosa biltzeko. Ekitaldi berean zozketak eta enkanteak gauzatzen dituzte, helburu berarekin. Prestatuko duen menuko osagai, "Cream of Porrusalda" salda, "Bouchee a la Reine Espelette" eta "Roast Tenderloin Irulegi with potato noisettes". Afariaren prezioa, 55 dolar, erran bezala Euskal Museoaren alde, gogoan harturik Boiseko Ikastola, konparazio, erakunde hunen parte dela.

KORRIKA MUNDUAN. Segitzen dute munduko hainbat lekutan euskaldunek, euskal etxeek eta hainbat, unibertsitatetako euskara eta euskal kultura irakasle-ikaslek, Etxepare Euskal Institutua ere lagun, ekitaldiak antolatzen eta bat egiten 22. Korrikarekin. Joan den astean lekuetako batzuk aipatu genituen, eta gaur zerrenda osatuagoa ekarri dugu. Korrikarekin bat eginen dute Bartzelonan, La Platan, Boise, Brno, Reno, Chicago, Brusela, Bahia Blanca, Mallorca, Leipzig, Helsinki, Shanghai, Tolosa, Parise, New York, Medellin, Berlin, Valladolid, Londres, Cork, Valencia, Bremen, Alacant, Sydney, Madril, Washington, Mexiko Hiria, Txileko Santiago eta Tokyo-n, besteak beste.

MONTREAL, QUEBEC. Montreal-eko 'Euskaldunak' Euskal Etxeko lagunek heldu den ebiakoitzeko heien Korrika-bestaren berri azpimarratzeko idatzi digute. Huna programa: Kirolariak 14etan La Fontaine parkean bilduko dira 5 km-ko lasterkaldia egiteko. Bigarren hitzordua, 15etan izanen da, Korrikaren helmugan, Central gelan [1200 bld St Laurent] bertan euskal giroko besta egiteko: euskara ikasleen mezuaren irakurketa, Korrikaren zuzeneko jarraipena, kantu, musika zein dantza eta abar. Hemen gaudeee euskararen aldeee, heien mezua.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3635. zbk

Gure Hitza | 2022/03/31

Malkoen garaia

Peio Jorajuria

Hamar egunen buruan iraganen da presidente hauteskundeen lehen itzulia. Hain hurbil eta, aldi berean, hain epel. Ezin uka ez dutela hauteskunde horiek gubaitan halako sukarrik piztu. Menturaz, bozkaldia aitzinetik trenkatua delako sentimendua baitugu. Alabaina, Eliseoko gaurko nagusiak, itxura guzien arabera, bere tronuan jarririk aitzina segituko du, populuarentzat on ala ez on. Sei hilabeterentzat Europar Batasunaren gidaritza harturik, jeneral handi baten itxura zabaltzen du, beste hautagaiek gibelean urrundik segitzen dutela, hatsantuak eta eztulka, edo etsituak.

Hauteskunde horiek sukar berezirik ez badute piztu, da ere Ukrainako gerlak gure gogo-bihotzak osoki irentsi dituelakoz. Errusia erraldoiak bospasei egunez kroskatu behar omen zuen Ukraina dohakabea. Kasik berrogei egun badira iraganak eta gerlak beti dirau. Putin diktadore krudelarenganik,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016