Herriz Herri - Aiziritze-Gamue-Zohazti (NB) | 2023ko Martxoaren 02a
Altzükütarrak eta Erramun Martikorena
Aiziritzen, "igande arratsaldeko kantaldia" heldu den igandean, martxoaren 5ean, antolatua da herriko gelan (15:30). Aurten bi talde famatuen entzuteko parada emana da.
Lehenik, Xiberutar "Altzükütarrak" talde ezaguna lehen aldikoz Aiziritzera heldu zauku. Talde honek bizi luzea darama, 40 urtez goiti sortua dela, beti hastapeneko sei kantariekin. Hemen izenen agertzea merexi dute hain segur: Dominique Epherre, Jean Etchart, Jean Etchegoyen, Pierre Jaragoihen, Jean Prat eta Beñat Queheille. Besta anitz alaitu dituzte beren boz azkarrekin, Euskal Herri guzian. Bost disko binilo plazaratu zituzten lehen eta orain berritan egokiturik bost CD arra agertu dituzte.
Bigarrenik, Erramun Martikorena hor izanen da. Hau ere aspalditik kantuz ari dena, gain gainetik estimatua, munduko kantuak ongi ezagutzen dituena. Hamar bat CD badu argitaraturik eta azkena 2022ko abenduan. Hain segur hortarik jasta emanen dauku. Baigorriko artzaina bezala aurkeztua da, badakigu kantaria baizik ez, kantugilea ere dela, kantu pollitenetan bereak ere badirela. Beharretan diren batasunek kantaldi bat antolatu nahi dutelarik badakite horren ikustera joaiten, beharrezkoa iduritzen zaielako.
Gomita deneri zabaldua da. Igande arratsalde xoragarri baten pasatzeko parada emana da. Sartzea urririk izanen da. Beharrez, sala berotua izanen da.











