Herriz Herri - Aldude (NB) | 2023ko Martxoaren 02a
Hitzaldia - Bazkaria
Hitzaldia
Ostegun huntan, martxoaren 2an, Alfaro ostatuan, Baztango Erdiz Biziriktaldeko bi lagunek hitzaldia emanen dute "Magna" enpresak Artesiaga inguruan duen harrobi proiektuaren eta hunen kontrako borrokaren berri emaiteko. "Magna" Zubiriko enpresa bat da, meak jalgitzen dituenak meategietarik. Lantegi horren jabea frantses finantza elkarte bat da, Rouiller deitzen dena. Enpresa horrek berak zuen duela zonbait urte "Mendi Haundi" Auritzen, bai eta ere Zilbeitin gisa bereko proiektu bat bultzatu nahi ukan, bainan tokiko jendeen mobilizazioari esker, amore eman behar ukan zuen. Kasu huntan, hemendik bi urratsetan kokatzen den proiektu horrek hurbiletik hunkitzen gaitu. Baitezpadakoa da jendea hurbil dadin ostegun arrats huntan Alfaro ostatura (20:30). Ez dezagun hurrengo urteetan erraiterik ukan: "Ha, jakin baginu!"
Bazkaria
"Lehengo gazteak" deitu gain huntako elkarteak, gomitatzen ditu hirugarren adineko guziak elgarrekin bazkaltzera, martxoaren 19an, Urepelen, C'Vall ostatura. 27€tan zerbitzatua izanen zaiote: salda, xipironak, basahunzkia saltsan, gasna, deserta eta kafea. Izenak martxoaren 12ko eman behar dira deituz Bernadette Periko 06-76-43-34-99 edo Pantxo Gortairu05-59-37-57-48. 60 urtez goitiko urepeldar, aldudar eta bankar guziak gomitatuak dira.











