Herriz Herri - Irisarri (NB) | 2023ko Martxoaren 02a
"Emazteak euskal jendartean" erakusketa - Eskubaloia
"Emazteak euskal jendartean" erakusketa
Ospitalean "Emazteak euskal jendartean" erakusketa heldu den martxoaren 8an estreinatua izanen da. Erakusketak ekainaren 17a arte iraunen du (9:00-17:00).
Sorginaren irudi fantasiatik ala emaztearen klixetatik haratago, erakusketak euskaldun emazteen lekua jendartearen oinarrietara itzultzea proposatzen du. Nor da gizonen estatus bera duen etxeko andre hori? Zer erraiten dauku euskal jendarte tradizionalari buruz? Eta gaur-egun, zein da emazte modernoen geroa?
Erakusketa oinarritzen da "Le matriarcat basque" liburuaren idazlea den Anne-Marie Lagarderen ikerketetarik, bai eta Bask'elles elkarteak eta Marika Gysbers karrika-arteko artistak egin dutenarekin.
Narrazio historikoak, emazteen eta artisten lekukotasunak eta ikuspegiak erakutsiak dira.
Eskubaloia
Gizonetan, prenazional mailan, bigarren taldeak 26-25 irabazi du Saint Medard hirian. Hirugarren taldeak 27-28 galdu du Bosdarros taldearen kontra.
Nesketan, prenazional mailan, Kanbo/Irisarriko lehen taldeak Baionako Côte Basque taldeari 27-25 irabazi du, multzoko bigarrena da. Bigarren taldeak Donibane Garazin 18-15 irabazi du Nafarroa taldearen kontra. Erregional mailan, hemezortzi urtez petik den taldeak 30-22 irabazi du Blanquefort taldeari.
Aste hondarreko partidak - Prenazional mailan gizonen bigarren taldeak larunbatean Atharratze errezebituko du (19:00). Hirugarren taldeak Donapaleu errezebituko du, igande arratsaldean (13:15).
Nesketan, prenazional mailan, Kanbo/Irisarriko lehen taldeak, larunbatean (21:00) Bruges errezebituko du. Talde hau multzoko lehena da, partida gotor baten mentura, bi taldeak borrokatzen dira nazional 3. mailara igaiteko. Bigarren taldeak larunbatean Urruña errezebituko du (15:00).











