Gure Hitza | 2025eko Azaroaren 13a
Moda merke, kontzientzia garesti
Ainhoa Etxenike
Moda fenomenoak geroz eta ugariagoak dira. Jendeak geroz eta gustukoago du besteak beste jantziak edota objektuak (baliagarriak edo ez) Interneten bidez erostea. Gauza ona ala txarra den aztertzen ez naiz ariko, nahiz denek ideia bat ukan dezakegun.
Arreta eman nahiko nioke berriki eskandalua egin duen Shein txinatar enpresari. Kontestuan sartzeko, Shein fast fashion internazionaleko plataforma digitala da, prezio apaleko eta joerak fite segitzen dituen moda eskaintzen duena, batez ere gazteei zuzendua. Haatik, zenbait txosten eta ikerketek salatu dute fabriketan Sheinek haurrak erabiltzen dituela lanean, batez ere Txinan eta beste herrialde batzutan. Horrez gain, lan baldintza txarrak eta ingurumen inpaktua ere azkarki salatuak izan dira.
Berriki, eskandalu berri batek Sheinen atea jo du, haur baten itxurako sexu panpina saltzen zuela deskubritua izan baita. Neska ttipi baten tamaina eta itxura du. Bere ezaugarriengatik biziki errealista da, baita gorputzari dagokionez ere. Panpin hau aste batzuk lehenago oraindik Sheinen webgunean salgai zen, sexu jostailu gisa aurkezturik. Komunikatu batean produktuak duen izaera pedopornografikoa salatua izan da.
Polemika guzi horien artean, markak bere lehen denda ideki du ofizialki Parisen urriaren 5ean, eta Frantziako beste 5 herritan instalatzea aitzinikusia du.
Jendea denda berriaren inauguraziora hurbildu da, eta Brut hedabideak bertaratu zenbait elkarrizketatu ditu. Kazetariak Sheinen inguruko polemikaz galdezkatu eta filmatu ditu, beren aurpegiak erakutsiz, eta besteak beste huna belaunaldi desberdinen ahotik atera dena: “Polemikek ez naute desarranjatzen, asumitu behar da, hunat etortzea asumitu dut beraz kanpoan gertatzen dena ere asumitzen dut”, “Kapitalismoaren kontra bagira ere, kapitalismorik gabe, zer? Biluzik bizi behar gira?”, “Kanpoko polemika hipokrisia anitz da”, “Boycott-ak ez du deus aldatzen. Ez da Shein boycott-atzen dudalako zerbait aldatuko dela”…
Eskandalu ugari egin baditu ere, Sheinek segitzen du erosleak erakartzen, Pariseko dendaren inaugurazioak frogatu duen bezala. Hautu alimalekoa prezio merkean, errex da tranpan erortzea.
Hain zuzen ere, azken sei hilabetetan frantses batek hiruren gain produktu bat erosi du Sheinen.
Polemika justifikatu hunen inguruan, jende baten axolagabekeria izigarria iduritzen zait. Nola da posible norberak bere xilkoa baizik ez ikustea?
Gure jendetasuna ezin dugu prezio merkeen truke saldu. Gertakari salagarri eta larri horien parean ezin gira isildu.










