Herriz Herri - Senpere (L) | 2025eko Azaroaren 13a
Mendiko larreen erretzea - Konferentzia Inharrian ostegunean - Ronces: dantza ikuskizuna - Klaseko bazkaria - Mutxikoak - Mende bat beterik - Urriko sortze eta heriotzeak
Mendiko larreen erretzea
2025/2026 urteari begira, mendiko suei buruzko baimen eskaera laborantza zerbitzuan egitekoa da. Galderen epea mugatua da azaroaren 17tik abenduaren 5era. Xehetasun gehiago ere ukanen duzue deituz 05-59-54-54-58 zenbakira.
Konferentzia Inharrian ostegunean
Azaroaren 13an (18:30), Senpereko Kultur eta Ondare elkarteak antolaturik, mintzaldi interesantea aurkeztuko da, Alain Huber historialariarekin. 1453ko maiatzaren 29an, Constantinople hiria Ottomanek hartu zuten, hemen bukatu zen Erromanoen Inperioa eta ber denboran Mendebalde giristinoarendako gaitzeko zauria. Aitzineko garaian Byzance izendatua zen, gaur egun ezagutzen dugu Istanbul izenburuarekin. Sekulako gertariek hunkitu dute hiri hori, gurutzatzen dira jendalde desberdin frango, eskainiz izigarriko aberastasun kulturala. Mintzaldia urririk, aldiz hobe litaike erreserba egitea https://www.cultureetpatrimoinesenpere.fr gunean.
Ronces: dantza ikuskizuna
Azaroa 16an, igande arratsaldean (17:00), Larreko antzokian “Ronces” (laharrak) hiru dantzarien emanaldia izanen da. Hiru sorgin berri, borrokalari eta abenturazaleen epopeia ekartzen dute gogora, adin guzietako nesken bilaketa identitarioa galdezkatuz. Erreserba: https://www.kultura-paysbasque.fr/. Prezio osoa 8€, murriztua 6€, 12 urtez petik 4€, sartzean ere lortu daiteke.
Klaseko bazkariak
Bi mezu klaseko bazkariei buruz. Lehenik, 1950ean sorturikoek 75 urteak ospatuko dituzte beren bizi lagunekin, Amotz/Mendionde ostatuan, abenduaren 6an, eguerditan. 55€ menuaren prezioa, denak barne. Izena eman, abenduaren 1erako azken epea, deituz ostatura: 05-59-47-36-31, M-Hélène: 06-30-77-73-83, Pascal: 06-08-61-11-76 edo Marcel: 06-22-61-29-74. Bertzalde, 1955ean sorturikoak beren bizi lagunekin gomit dira, abenduaren 7an eguerditan, Aroberri ostatura, beren 70 urteen ospatzera. 50 euroko menu bikaina, denak barne, proposatua zaie, deituz: 07-71-07-71-59ra edo 06-83-73-99-97ra azaroaren 30a aitzin.
Mutxikoak igandean
Azaroaren 16an, (11:00-12:30) Xan Ithourria plazara heldu dira hilabeteroko mutxikoak, betiko animazio sendoarekin.
Mende bat beterik
Keinu batez, Herria aldizkariaren izenean, agurtu nahi ginuke Mayi Ithourria, 100 urteak ospatu dituenak berrikitan, familiaz inguraturik, La Nivelle ostatuan. Xan Ithourria, luzaz Herriako berriketari izanaren emazte honek, gorputzez ez bada ere izpirituz gazte eta lerden dago oraindik, zorionak Mayi.
Urriko sortze eta heriotzeak
Horra zer seinalatua izan zaukun. Sortzeak: Munarriz Duran Achille, Pereira Carvalho Valentin eta Aguirre Zubiri Saioa. Heriotzeak: Molies Francis 78 urte, De Watrigant Marie Suzanne sortzez Besseyre des Horts 79 urte, Profizi Claude 89 urte, haueri lotu ahal ginituzke berrikitan hil diren Weiss François 69 urte, Senpereko dentista ohia, Ettoko Noblia Martxel 80 urterekin eta hunen ttantta Brave Lucie serora 99 urte.Dolumin bizienak hauen familia eta adixkideei.











