Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Azaroaren 13a
Berritasunak eta lehen saria besta komitean - Goiti Aire: mus lehiaketa asteartean - Odol emaitea - Joko husketa
Berritasunak eta lehen saria besta komitean
Besta komiteko gazteak bildu ziren duela bi aste beren urteko biltzar nagusiaren karietara. Azken urteari behako bat emanik, heldu den urteko programa prestatzen hasi dira, hauen egitaraua eta datak finkatuz. Bi urtetarik egiten duten bezala, bulego berria hautatu zuten, eta ondotik mahain on baten inguruan bildu ziren.
Pesta komiteko bulegoa hauek osatzen dute: Remy Etchevers eta Ines Moustiratz (ko-lehendakariak), Xalbat Duhalde eta Joan Beloscar (idazkariak), Ema Etcheverry eta Pantxo Hernandez (diruzainak).
Ondoko asteburuan komiteko 30 bat gaztek parte hartu zuten Heletan besta komiteen arteko gaualdi mozorrotuan. Orotara Ipar Euskal Herriko 30 besta komitek parte hartu zuten, bakoitzaren lana zelarik gai baten inguruan mozorrotzea. Heletako komiteak talde guziak sailkaturik, aihertar gazteek dute ereman lehen saria. Heldu den urtean Aiherrako besta komiteak du antolatuko komiteen arteko gaualdi mozorrotua.
Biba zuek eta segi aitzina giro onean.
Goiti Aire: mus lehiaketa asteartean
Urte hondarra kari, Goiti Aire hirugarren adinekoen elkarteak Denen Etxeko gelan antolatuko duen mus lehiaketara gomitatzen gaitu. Hau, azaroaren 18an iraganen da, asteartearekin (10:00) eta tokian berean bazkaltzen ahalko da (15€). Txapeldunek 100€ko saria irabaziko dute.
Antolakuntza errexteko gisan, aitzinetik izenaren emaitea galdetua zen (azaroaren 10a aitzin, behar zen Pierre Mendiondo deitu 06-38-32-88-04 zenbakira, baina pentsatzekoa da oraino hartuko dituztela). Antolatzaileek jakinarazten dute mus lehiaketa hau deneri irekia dela, batez ere Lekuine, Donamartiri, Bastida eta Aiherrako hirugarren adinekoeri. Pertsona bakoitzaren parte hartzea 10€. Mus lehiaketa hasi aitzin kafea eskainia izanen da. Ongi etorri deneri!
Odol emaitea azaroaren 24 eta 25ean
Odol biltze zentroak odol eskasean daude. Gure odolaren emaiteko egin dezagun indar. Hemen posible izanen da, Aiherrako Denen Etxean, azaroaren 24an, astelehenarekin (8:00-11:30) eta azaroaren 25ean asteartearekin (15:00-19:00). Ongi etorri deneri!
Azaroaren 30ean joko husketa, herriko jantegian
Biga Bat eskola publikoko burasoen elkarteak, joko husketa antolatuko du azaroaren 30ean, igande goizarekin (8:00-13:00), eskolaren ondoan kokatua den jantegi edo kantinan. Batzuentzat etxetan soberakinak diren jostagailu edo jokoen despeditzeko parada izanen da, eta bertze batzuentzat Eguberri kari jokoen merke erosteko aukera.
Denbora berean bixkotx, kafe eta fruitu jus salmenta segurtatuko dute burasoek.











