Han eta Hemen | 2025eko Azaroaren 13a
Mintzalagun egitasmoa
AEKk Mintzalagun egitasmoa 2023-2024 ikasturtean abiatu zuen Ipar Euskal Herrian. Heldu den 2025-2026 ikasturtean berriz ere abiatuko du, Arbona, Miarritze eta Hazparnera zabalduz, baita haien eskualdetara ere.
Mintzalagun egitasmoa
Mintzalagun programa, euskararen normalizazioaren barnean kokatu egitasmoa da, euskaraz dakitenak eta euskara praktikatu nahi dutenak harremanetan jarriz, hauen hizkuntz jokabideetan eragiteko. Euskararen erabilera sustatzea da xede nagusia.
2023-2024 ikasturtean abiaturik, bi urte hauetan proiektua Baiona, Donibane Lohizune, Hendaia, Itsasu, Urruña, Uztaritze eta Ziburun plantan eman da.
Mintzalagun taldeak astean behin elkartzen dira, partaideak euskaraz aritzeko modu naturalean, lagunarteko giroan. Urtean zehar ekintza bereziak ere antolatzen dira, Mintzalagun taldeak saretzeko jarduera berezi edota ateraldi baten inguruan.
Euskararen Erakunde Publikoak laguntza ekartzen dio proiektuari, eta horri esker Ipar Euskal Herriko AEKk bultzada eman dio Mintzalagun egitasmoari.
Euskararen erabilera sustatzeko helburuak
Egitasmoaren helburua euskara ikasi edo hobetu nahi duten pertsonek hizkuntza naturaltasunez erabiltzea eta euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea da. Aldi berean, parte hartzaileen artean euskararekiko atxikimendua eta motibazioa handitu nahi dira, hizkuntza ohituretan aldaketa positiboak sustatuz.
Jendarte mailan, proiektuak harreman sare berriak sortzea eta euskaraz aritzeko espazioak irabaztea du xede, euskararen normalizazio prozesuan hiztun aktiboak sortuz.
Egitasmoan bi erabiltzaile mota nagusi badira: Bidelariak eta Bidelagunak. Bidelariak ez dira euskaldun osoak, haurtzaroan euskara ikasi baina galdu dutenak dira, euskara ikasten ari direnak edo ikasle ohiak. Bidelagunak berriz, euskaldun osoak dira, euskaraz errexki hitz egiten eta hizkuntza egunerokoan erabiltzen dutenak.
Mintzalagun zenbakietan
Azken ikasturtean, 143 lagun zenbatu dira, Ipar Euskal Herriko 7 herritan, 21 taldetan banaturik, asteroko hitzorduetan arituz. Bataz bestean 6-7 pertsonako taldeak dira, gehiengoz emazteak (%56). Adinaren batez bestekoa 59 urtekoa da. Mintzalagun gazteenak 29 urte ditu eta zaharrenak 83.
Kide guzietarik %73a Bidelaria da, eta %27a Bidelaguna.
Izena https://emanizena.praktikatu.eus/ webgunearen bidez ematen ahal da. Gau Eskoletan ere, paper bidez izena eman daiteke.












