Gogoa hazi | 2025eko Azaroaren 13a
Errexiñolarena
Johanes Bordazahar
Azaroa, usoak eta lertsunak bidaiaz saldoan badoaz hegoaldera. Erresiñola aldiz, agorrilaz geroztik, Senegalera joana zaigu. Behatzaileen kalkuluek diote, Europan, %90ez ttikitu dela xori hauen kopurua. Eta badakigu zergatik. Hurrengo urteetan, araiz, gure bilobek ukanen dute xoriaren entzuteko grazia. Zer litzateke euskal kantua erresiñolarik gabe? Xoririk gabe? Non eta norekin uste duzu ikasi zutela kantuz gure a capella kantariek, Barkoxeko Maddik, Baigorriko Erramunek, Irabarneko Haize-Epaileak, Urdiñarbeko Jean-Michelek eta auzoan ditugun hainbestek? Xorieri beha! Hitzik gabeko basa-ahaide miresgarriak horrela zituzten sortu eta sortzen.
Errexiñolak ez du kantatzen soilik bere ahots ederragatik. Kantu ederraren sekretua ez diozu zintzurra irekiz aurkituko. Errexiñolarena ez da sedukzio kantu soila ere, gehiago badu. Axolaz, leialtasunarekin maitasuna du kantatzen, edertasuna, biziari, laguneri eta sorterriari zor dion atxikimendua, bikotearekin duen umetxo baten esperantza. Bai eta amorruz, lagunak kaiolan preso edo tirokatuak izateagatik, zauri eta atsekabeengatik, goibel. Gorago aipatutako bakarkako gure kantari herrikoiekez dute besterik egiten errexiñolarena baizik. Alde batetik arbasoek belaunaldiz belaunaldipasatutako kanta moldeak gaurkotzean eta bestetik, abeslaria bera, xoria bezala, arimaz, bihotzez eta gorputzez dena bat, bera kantu bilakatzen denean.
Xiberotarra kantatzen bada berdin dantzatzen da, xoria bailitzan, lurretik askatu nahian. Gure behatz lodiaren neurriko erresiñola zerutiarrak urtean bi aldiz 6.000 kilometroko bidaia egin behar du, gauaz. Hemen berro-sasietan etxekoia baldin bada, izatez bidaiari aki-ezina duzu. “Txoria txori”, askatasunari dedikatua zaion euskal himnoa mundu zabalera airatu da, Mikel Laboak Joxean Artzeren olerkia kantu bihurtu zuenaz geroztik: “Hegoak ebaki banizkio, neurea izango zen… Baina horrela ez zen gehiago txoria izango, eta nik txoria nuen maite.” Hegazti hegalduna zu zira, irakurlea, zu, libre, hegal osoen jabe, kateetarik aske, zuri doakizun hegaldia hartzeko desio duzuna. Joseba Sarrionandiak ordea, ñabardura batekin utziko zaitu: “… /Txoriak laudatu egiten dituzue/ Baina txoriak beti zuengandik ihes doaz”.Gure adiskide minenek eta seme-alabek ere edukiko dute beren baitan zertxobait beti ihes eginen diguna, misteriozko arima, hegaldi isilez berekin daramatena.










