Euskal diaspora | 2025eko Azaroaren 13a
Euskal lengoaia eta kultura heldu den astean Parisen, eta oihartzun xiberotar
Joseba Etxarri
PARISE. Eusko Jaurlaritzaren Pariseko Ordezkaritzak eta Pariseko Euskal Etxeak ekitaldi berezi batera deitu dute heldu den asteartean, azaroaren 18an, frantses hiriburuan, Pradales lehendakaria ere bertan, euskal diaspora munduan solasgai, eta zintzur bustitzea eginik, Pariseko Euskal Etxearen egoitzan. Euskara eta euskal kultura munduan hedatzea helburu duen Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrenaren karietara, Nazioarteko Kongresu bat eginen da azaroaren 19 eta 20an ere Sorbonne eta Sorbonne Nouvelle unibertsitateak lankide, "Hizkuntza gutxituak testuinguru frankofonoan: itzuli, transmititu, eraldatu" izenburupean, hainbat unibertsitate eta herrialdetako ikertzaile eta adituak partaide. Izena azaroaren 16a arte ematen ahal da etxepare.eus webgunean. 19an, “zorionak zuri” kantatuko zaio Etxepareri, Pradales lehendakaria partaide, BNFen eginen den saioan. Euskal Etxeko bazkide eta lagunak bereziki gomitatuak dira.
TANDIL, ARGENTINA. Oraino Euskal Argentinar Aste Nazionaleko oihartzunak airean, iragan asteko kronikan aipatu genuenaren ildotik, merezi du oroitzea, Euskal Herritik, zazpi probintzietako partaideak bildu zirela Tandilera, baina hain segur, azpimarraturik Xiberotik bidaiaturik Aitzindariak-eko kideek lehenengo urratsa ezarri zutela, gerora talde gehiago eta harreman sakonagoan hurbil daitezen Xiberotik Argentinara. Oraino urtea bururatu arte lur amerikarretan ibiliko den Jean Bordachar-i zor zaio lan hori, eta berarekin argentinaratu ziren dantzarieri, erran nahi baita Ximena Quihillalt (Ligi), Emilie Ourthe (Muskildi), Antton Arhancet (Atharratze), Bettan Jonnet (Larraine), Margita Queheille (Barkoxe), Mathieu Haristoy (Sohüta), Xabi Etchait (Pagola) eta Maiana Liguex, Pette Liguex eta Baxtian Ligueix-i (Maule), azken biak taldeko musikariak. Xiberotar eta üskaldun beti!











