Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2025eko Azaroaren 13a

Heriotze - Asteburu huntako hitzorduak

Heriotze

Ekutteneko Pierre Seychal zendu zaigu 70 urtetan. Irulegin bizi zen. Duela hilabete pare bat, biriketako minbizia diagnostikatua izan zitzaion. Suerte txarrez, artatzen ari zelarik, usutan gertatzen den bezala, estafilikoko bakteria bildu du, immunitate-defentsak ahuldu dizkionak, eta ororen buru hortarik zendu da. Hiru anaia ziren, Michel, François (hau duela hiru urte zendua) eta Pierre. Haurrean Behaskanera joan ziren, Guy aitak, gure herriko auzapez ere egonak, Amikuzen ukanik intseminatzaile postua. Pierre semea ere intseminatzaile bilakatuko da. Martxela Etxebehererekin hiru seme ukan dituzte, Antton, Mattin eta Beñat, eta bost arra-haur. Gorputza ortzegun huntan erraustua izan da Miarritzen eta ondotik hauts-untzia Bidarraiko familiaren hilobian ezarri da. Hemendik gure atxikimendu zintzoena doala familia osoari.

Asteburu huntako hitzorduak

- Ortziralean, 19:00etatik aitzina, gaztaina jatea Artetxea gelan, herritar guziak gomit. Sei-zazpi lagunek erreko dituzte gaztainak paderetan kanpoan eta bero-beroak zerbitzatuko etorriko diren guzieri, sagarnoa eta sagar jusa lagun, eta ondotik bixkotxak. Kantua ere altxatuko da, Erramun musikariak lagundurik. Gaualdi on baten parada ezin hobea. 5 euro galdegina izanen da bakotxari. Ongi-etorri.

- Larunbatean (9:00-12:00), azaroaren 15ean (eta ez urriaren 15ean joan den astean hemen berean gaizki idatzi dudan bezala) inkesta publikoa Herriko Etxean, Euskal Elkargoak kudeatzen duen Hego Baxenabarreko hirigintza plan berriaz (PLUi) eta monumentu historikoen apailamenduez. Inkestagile bat hor izanen da, argitasun galdez eta berdin proposamenekin heldu diren guzientzat.

- Larunbatean beti, aldiz arratsalde erditik harat, herriko pilota lehiaketako finalak iraganen dira, esku-huska, trinketean, denen arteko aperitifarekin bururatuko direnak, eta ondotik afaria, izena aitzinetik emana dutenen artean. Gora pilota!


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3809. zbk

Gure Hitza | 2025/11/13

Moda merke, kontzientzia garesti

Ainhoa Etxenike

Moda fenomenoak geroz eta ugariagoak dira. Jendeak geroz eta gustukoago du besteak beste jantziak edota objektuak (baliagarriak edo ez) Interneten bidez erostea. Gauza ona ala txarra den aztertzen ez naiz ariko, nahiz denek ideia bat ukan dezakegun.

Arreta eman nahiko nioke berriki eskandalua egin duen Shein txinatar enpresari. Kontestuan sartzeko, Shein fast fashion internazionaleko plataforma digitala da, prezio apaleko eta joerak fite segitzen dituen moda eskaintzen duena, batez ere gazteei zuzendua. Haatik, zenbait txosten eta ikerketek salatu dute fabriketan Sheinek haurrak erabiltzen dituela lanean, batez ere Txinan eta beste herrialde batzutan. Horrez gain, lan baldintza txarrak eta ingurumen inpaktua ere azkarki salatuak izan dira.

Berriki, eskandalu berri batek Sheinen atea jo du, haur baten itxurako sexu panpina...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016