Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2025eko Azaroaren 13a
Euskararen urtaroa Amikuzen - 2026ko Herri Urrats, Donapaleuko lizeoaren alde! - “Le journal de Saint-Palais et de Basse-Navarre” astekariaren berritzea
Euskararen urtaroa Amikuzen
Hilabete huntako azken astean, Euskal Elkargoak antolatzen duen euskararen urtaroa dugu. Bi urtetarik egiten da eta Amikuzen zenbait ekitaldi proposatuak dira, hala nola:
“Bizkarsoro” filma eta mahai-ingurua, Donapaleuko zineman azaroaren 23an, igandez (18:00), Eusko monetak antolaturik.
“Itzulera” antzerkia Dejabu konpainiarekin, Donapaleuko zineman, azaroaren 28an, ostiralez (20:30), Kitzikazank eta Zabalikek antolaturik.
Donapaleuko bisita gidatua euskaraz, azaroaren 28an, ostiralez (13:30), turismo bulegoak antolaturik. Izenak aitzinetik eman 05-59-65-71-78ra deituz.
“Oihaneko pianoa” ikusgarria, eskoletako 3 eta 6 urteko haurreri zuzendua dena,azaroaren 28an, ostiralez (10:30 eta 14:00) Donapaleuko zineman, Donapaleuko Herriko Etxeak antolaturik.
“Haize beltza” nobelaren aurkezpena Amaiur Epherrerekin, Donapaleuko mediatekan, azaroaren 29an, ibiakoitzez (10:00), Zabalikek antolaturik.
Xehetasun gehiago heldu den astean.
2026ko Herri Urrats, Donapaleuko lizeoaren alde!
Heldu den urteko Herri Urrats deia prestatzen ari da, maiatzaren 10ean izanen da eta hortik aterako den etekina Donapaleun eraikiko den lizeo berriarendako izanen da.
Aurten ere arropa talde manaketa proposatua da. Manaketak azaroaren 16a arte egiten ahal dira, ordainketa txekez Amikuzeko ikastolaren izenean edo xehez eusko/eurotan egiten ahal da.
Manaketendako ikus eskaintza Amikuzeko ikastolako Facebook gunean.
Talde manaketaren emaitzaren %20a Amikuzeko ikastolarentzat izanen da, beraz ez duda zuen inguruan, familian, lanean, lagunen artean... zabaltzea.
“Le journal de Saint-Palais et de Basse-Navarre” astekariaren berritzea
Astekari hau, 1884an sortu zen Donapaleun, Marcellin Cledes inprimatzailearen eskutik. Ehun urtez, astekari hunen argitalpena familiak segurtatu zuen 1982a arte. Hor, lekuko pertsona eta laguntzaile batzuek elkartea sortu zuten segida hartzeko eta gaur egun berritze baten beharra agertu da.
Prentsa idatziaren nekeziak ikusirik, belaunaldi berri batek oreka atzeman nahi du papera eta tresna numerikoak uztartuz. Huna nola azaro hastapen huntan, formula berria plazaratzen duen 8 orrialdetan, gai gehiagorekin, argazkia eta kolorea erabiliz.
140 urtez gelditu gabe agertu den astekari baten biziraupena desiragarria baldin bada, igurika dezagun egunkari hunen inguruan bizi den euskarak bere lekua aurkituko duela barnean.










