Orotarik | 2025eko Azaroaren 13a
Kukumarro
Xarles Videgain
Apatia
Euskaraz Apatia, Aphat eta bestalde Aphatie, Abadie, Dabadie izenak aipatu nahi nituzke. Horiek guziak anitz erabiliak izan dira Pirinio inguruan bereziki, Ipar Euskal Herrian eta Biarnon. Aphatie izena frantsesez ere ezaguna da, erdaraz Zuberoako mintzatzeko manera ez baitu arras galdu izen hortako berriemaile batek. Aphatie da deitzen eta ez Apathie. Erran gabe doa ez dela “apathique”. Euskara ez omen daki, zuberotarra izanik.
Dudarik gabe Ürrüstoiko familia batek famatu egin du d’Abbadie izena eta ezaguna da Hendaian Antoine d’Abbadik altxarazi zuen jauregia. Jauregi hori den tokiak Aragorri zuen izena bainan Abbadia (bi bb-rekin) ezarri zuen Aragorriren ordez.
Aphatie eta Aphatia Euskal Herriko izenak dira: zergatik ote? Frantsesez “abbatiale” entzuten dugu, edo “abbaye” eta ororen buru “monsieur l’abbé”. Abbaye edo apatia bat ontsalaz abbé edo abade batek zuzentzen du. Etxe horiek Jean-Baptiste Orpustanek aski barna ikertu ditu frankotan ospitalitatea eskaintzen baitzieten eri zirenei edo bidean zebiltzanei, beilariei ere bai hala nola Orreagan. Aro batez, Jerusalemeko Jondoni Johaneko ordenakoak ziren ostatu emaiten zuten elizjendeak. Gero etxe horiek ez dira denak elizari lotuak izan eta etxe soilak bilakatu dira, laikoak.
Hitz horien gibelean latinezko izena bada: “Abbatem” eta euskaraz abade, apez eta apaiz eman du. Bainan latina aitzin, mintzaira palestinarrak bazuen abba hitza, “aita” erran nahi zuena. Abade zioten Iparraldean bereziki Frantses iraultza aitzin: eta abade edo apez hori kargudun zen. Horren herexa gelditu da ezen, XVII. mendetik landa, “mera” erran gabe auzapez hitza agertu baita, hots auzo guzien karguduna, egiazko apeza ez izanik ere. Beraz abadea norbait da, hala nola fraideen buruzagia, eta gero abadia, apatia, fraideak egoiten diren lekua, komentua edo monasterioa.
Aphat leku-izena ongi ezagutzen da Garazin, etxe noblea Duzunaritzen eta kapera Donazaharren, Aphat Ospitale hori agertzen da jadanik 1194an, Appatea badago Ahatsan, Bithiriñen, Gabadin, Zalgizen (idazlearen etxea 1347. urtean), Berrogainen, Onizepean eta bestetan. Bizkaian ibiltzen bagara, Durango aldean Anboto mendiaren azpian han dago Abadiño (Abade) eta Atxondon leku bat Apatamonasterio deitua. Abadiano hitza 1075. urtean ageri da. Apat eta Monasterio, bi izen horietan erlisionea ez da urrun. Jende-izenetan ezagutu dut doi doia Aphat-Etxebarne izenpetzen zuen jakintsua, bertzela Aingeru Irigarai firmatzen baitzuen eta erroak Auritzen bazituen aitaren aldetik, bera Nafarroakoa izanik, Aphat-Etxebarne hautatu zukeen Behenafarroaren aldera zeukan jauginarengatik. Aphat-Ospitalek fama handia bazuela dio Jean-Baptiste Orpustanek. Haur-denboran entzuten zituen amatxi andana bat erraiten zutena: “Ezkira Aphat Ospitalean!”, erran nahi baita, “Ezkira Rotxil (Rothschild)!”, aberats zelakoan Aphat Ospitalia eta hori erraiten zioten gastatua izan nahi zuen haurrari.
Euskaraz Aphatez gain bada Aphatia etxea (behar bada Aphatiaga paper zaharrean) eta hemendik Arrutako Aphatia agurtzen dut. Erran bezala, Apatia hitzak hurbil du gaskoinezko Abadie, Dabadie, Labadie, eta -b- erran gabe euskara gogorrago da eta pati erraiten du edo phati: -p- horrekin, kanpotik, latinetik heldu hitza euskarak bereganatzen du.
Azken ohar bat: Amikuzeko oihanean, han Amikuzeko Sasia deitzen da eta ikusteko da zerbitzu ofizialek egin duten balentria. Sasiko bidea iragaiten duten zubietako harresian markatua da errekaren izena eta “Patarena” idatzi dute. Apatia inguruan igaraiten delakoz Apatarena deitzen da erreka: baina “l’Apatarena” konprenitu bide dute “la” hori artikulua zelakoan eta Patarena soilik gelditu da. Behar bada mendekatu dira ezen guk a kontrario jokatzen dugu dutea edaten dugularik. Frantsesez “thé” entzuten genuen eta bereziki “du thé” eta beraz euskaraz “dute xorta” edaten dugu erhi ttipia altxatuz edo altxatu gabe. Dutea, ez tea.
Horra Apatiaz erran nahi nuena.












