Herriz Herri - Urruña (L) | 2025eko Azaroaren 13a

Iturbide kiroldegiko horma-irudia - “Miñan” antzerkia herrian - Iparra-Hegoa doluz - Edurne Mitxeoren komikia - Mus - Goxo Tokiren bazkari animatua - Behobia-Donostia lasterketa

Iturbideko horma-irudia
Iturbideko%20horma-irudia

Iturbide kiroldegiko horma-irudia

Urruñako Emazte eta Gizonen arteko Berdintasunaren aldeko Batzordeak "Emazteak kirolean duen lekua" aipatuz horma-irudi bat egitea galdegin zion Xabi TapiaXabXab herriko artistari. Eta horrela, Xabi Tapia eta Nahia Garat argazkilaria abentura artistiko berrian buru-belarri sartu ziren. Elur Alberdi kirolaria hautatu zuten pertsonaia ardatz gisa.

Urriaren 24an “Elur Zirrara egitasmoa aurkeztu zuten Urruñan, Iturbide kiroldegiaren horman egin duten irudi handi eta ederraren aitzinean. “Biziaren oztopoak gaindituz askatasunaren bila” izena du aipatu horman egindako irudiak.Horma-irudiaz gain, Nahia Garatek bideo-dokumentala aurkeztu zuen Elur Alberdiren bizitza kontatuz. 1977an Hondarribian sortua, hiru seme-alabaren ama. Arrauna izugarri maite bazuen ere, ama izateak bere ibilbidea baldintzatu zuen, bizitzeko bestelako lanak egin behar izan baitzituen. Horrela ibili zen luzaz, zango bat arraun estropadetan eta beste zangoa lantokian eta familia giroan. Istripu baten ondorioz eskumuturrean larri zauritu zen. Hala eta guztiz ere, denboratxo baten ondotik,Alberdi lehiaketara itzuli zen, elbarritu mailako kirol munduko titulua lortuz. Minbiziari kontra egin behar izan zion ondoren. Eritasunarekin borrokan ari zelarik, 2023an munduko txapelketan brontzezko domina erdietsi zuen. Urriaren 24an, Urruñako auzapeza eta gainerako hautetsiak izan ziren Iturbideko horma-irudiaren aurkezpenean, baita herritar frango ere, eta Elur Alberdi bertan izan zen, bere esker ona Urruñako herriari adieraziz.

“Miñan” antzerkia herrian

Hilaren 30ean, igandearekin (17:00), eta Ibilki programaren barruan, Artedrama taldeak “Miñanantzezlana jokatuko du Itsas mendi zinetokiaren gelan. Ikusgarri hau Amets Arzallusen “Miñan” liburuan oinarritzen da. Euskaraz eta urririk. 12 urtetik goiti. Tokia mugatua denez, lehenagotik erreserbatu behar da. Tokiak atxikitzeko idatzi i-josie@urrugne.eus helbidera.

Iparra-Hegoa doluz

Urriaren 31n, ostiralez, eta 74 urte zituela, zendu zen Erramun Amundarain Otegi jauna, hasiera-hasieratik Iparra-Hegoa herri proiektuan parte handia hartu duen euskaldun eragile goierritarra. Irakaslea lanbidez, erretretan zena, euskal kulturaren aldeko eragile sutsua izan da beti. Iparra-Hegoaren sortzaileetakoa, bultzatzaile porrokatua, antolatzaile eta sukaldari gisa lan handia egiten zuena. Urruñan badugu horren lekukotasun ederra, betidanik ibili baita ikastolako haurrei harrera beroa eta goxoa eskaintzen.Azaroaren 2an, igandearekin, agur sentikor eta hunkigarria eskaini zioten bizi zen Ordizia herriko plaza nagusian, eta Kuxkuxtu txarangakoek parte hartu zuten. Mila esker Erramun, euskarari eta Euskal Herriari, bizitza osoan zehar, eskaini dizkiezun maitasun eta konpromisoagatik. Euskal ama-lurrak goxo har zaitzan.

Edurne Mitxeoren komikia

Edurne Mitxeo Pausuko auzoak badu liburu bat eginik haurrei Gau Beltza zer den eta heriotzaren azalpen ez-traumatikoa azaltzen dizkiena. Komiki moduan egina da, eta Kepa Etxebarriak egin ditu ilustrazioak. Ikastolaz ikastola ibiltzen da haurrei bizitza eta heriotzaren arteko bide naturala modu goxoan adieraziz. Urriaren 31n, Gau Beltzaren arratsean, Urruñako plazan ezarri zituen bai liburuak eta bai liburuarekin loturik diren pertsonaien irudiak. Edurnek badu webgunea horren berri ematen duena: www.gaubeltza.com. Harremanetarako telefonoa: 0034-60-78- 38-244.

Mus lehiaketa Iturbidean

Hilaren 16an, igandearekin, mus lehiaketa izanen da Iturbide kiroldegiko gelan (14:00). Parte hartzeko, eta laguntza gisa, 12 euro pertsona bakoitzeko.

Goxo Tokiren bazkari animatua

Hilaren 27an, ostegunez, Goxo Toki erretretadunen elkarteak antolaturik, bazkari animatua izanen da Pausuko Xaia ostatuan. Menua: tripotxa edo ahatekia. Prezioa: 27 euro. Izena emateko azken eguna: azaroaren 20a. Izena emateko: 07-64-62-55-14.

Behobia-Donostia lasterketa

Hilaren 9an, igandez, Behobia-Donostia lasterketaren 60. edizioa jokatu zuten. Osora, 20,196 kilometroko luzera. 27.981 korrikalarik parte hartu zuten, eta horietatik 9.474 emazte ziren. Goiz-goizetik Pausuko (edo Behobia) bi aldeak, bai Lapurdi aldekoa eta bai Gipuzkoa aldekoa, korrikalariz gainezka ziren, eta horietako anitzek Faisaia, Muga, eta Xaia ostatuetan gosaldu zuten lagun-giro ederraz.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3809. zbk

Gure Hitza | 2025/11/13

Moda merke, kontzientzia garesti

Ainhoa Etxenike

Moda fenomenoak geroz eta ugariagoak dira. Jendeak geroz eta gustukoago du besteak beste jantziak edota objektuak (baliagarriak edo ez) Interneten bidez erostea. Gauza ona ala txarra den aztertzen ez naiz ariko, nahiz denek ideia bat ukan dezakegun.

Arreta eman nahiko nioke berriki eskandalua egin duen Shein txinatar enpresari. Kontestuan sartzeko, Shein fast fashion internazionaleko plataforma digitala da, prezio apaleko eta joerak fite segitzen dituen moda eskaintzen duena, batez ere gazteei zuzendua. Haatik, zenbait txosten eta ikerketek salatu dute fabriketan Sheinek haurrak erabiltzen dituela lanean, batez ere Txinan eta beste herrialde batzutan. Horrez gain, lan baldintza txarrak eta ingurumen inpaktua ere azkarki salatuak izan dira.

Berriki, eskandalu berri batek Sheinen atea jo du, haur baten itxurako sexu panpina...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016