Ba ote dakixu? | 2025eko Azaroaren 13a

Robert Badinter (1/3)

Gilen Bacho

1928ko lehen egunetan, Charlotte Badinter (Chifra Rosenberg bere sortze izenaz), haur beharretan zena, Pariseko 16. arrondizamenduko polizia etxera heldu zelarik paper zenbait berreskuratzeko (familia justu naturalizatua izan baitzen), komisarioak Badinter anderearen sabel borobila ikusi zuelarik, hitz hauek erran zizkion: “Errepublikari zerbitza diezaioke”. Ez zen nahigabetua izan.

Urte ilunak

Robert Badinter 1928ko martxoaren 30ean sortu zen, Parisen. Besarabiako (egungo Moldavia) judu familia batetik ateratzen zen. Judu familia horrentzat, memento horretako judu familia anitzentzat bezala, Frantzia, argien filosofoen eta giza eskubideen herria bezala ikusia zen. Frantziak irudi hori lortu zuen 1789an, iraultza denboran, juduek berdintasun juridikoa lortu zutenean (egia gauza zinez berezia zela epoka horretan). Baina, 1940tik 1944ra, Frantziak bere balore guziak traditu zituen “ezin erreparatuzkoa eginez”, Jacques Chirac-ek erran zuen bezala bezala 1995ean. Badinter familiarentzat, urte ilunak izan ziren. Familia gordeka bizi zen baina tragediak ez zituen saihestuko. Familian, arrastatua eta deportatua izan zen lehena, Robert-en ottoa, Naftoul, izan zen. Auzo batek zuen salatu, bere mubleak nahi baitzituen. Robert-en amama, Scheindlea, arrastatua izan zen ere eta Drancyra andetan eramana izan zen, eri baitzen. Robert haurrak bere tragedia handiena 1943ko otsailaren 9an bizi izan zuen. Familia Lyonen bizi zen, lurralde okupatutik ihes eginik. Gau horretan, bizitegiko eraikinean sartu zelarik, Robert-ek berehala ulertu zuen alemanak hor zirela familiaren arrastatzeko (Klaus Barbiek, Lyoneko Gestapoaren buruzagiak, zuen deportazio manua sinatu). Orduan ihes egin zuen. Baina bere aita, Simon (Samuel bere sortze izenaz), arrastatua izan zen eta deportatua Drancyra lehenik eta, azkenean, Sobidor kanpamendura. Ez zen sekula sartuko.

Justiziari bai, mendekuari ez

Robert, bere ama Charlotte eta bere anaia Claude Savoian aterpetu ziren, Cognin herri ttipian. Paper faltsuak bazituzten (komisario batek eman zizkiotenak). Ofizialki Saint-Nazaireko errefuxiatuak ziren baina anitzek, edo denek, egia bazakiten, Robert Badinter-ek berantago erran zuen bezala: “Denek, konbentzitua naiz, bazakiten. Eta nehork ez du sekula ezer erran. Hitz bat bakarrik, Touvier-i heltzen zena, eta hilak ginen. Paul Touvier eta bere milizia Chamberyn ziren, gure etxetik 4 kilometrotan”. 1994an, Touvier auziaren ondotik, Robert Badinter Cogninera berriz heldu zen, Cognineko biztanleeri “haien burasoak jende onak” zirela erraiteko. Robert gazteak Chamberyko Vaugelas lizeoan ikasle egon zen eta han zuen, lehen aldikoz, instituzio juridikoa hurbildu, bere irakasle bat, 1944an, heriotzara kondenatua izan baitzen (azkenean barkatua izan zen). Robert Badinter-ek milizianoak hastiatzen zituen baina irakaslea miresten zuen. Liberazio testuinguru horretan, justiziak mendekuaren aurpegia hartzen zuela pentsatu zuen eta horrek inportantzia handia ukan zuen bere justiziazko ikusmoldean. Justiziari bai, mendekuari ez. Hori zen bere borroka izanen.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3809. zbk

Gure Hitza | 2025/11/13

Moda merke, kontzientzia garesti

Ainhoa Etxenike

Moda fenomenoak geroz eta ugariagoak dira. Jendeak geroz eta gustukoago du besteak beste jantziak edota objektuak (baliagarriak edo ez) Interneten bidez erostea. Gauza ona ala txarra den aztertzen ez naiz ariko, nahiz denek ideia bat ukan dezakegun.

Arreta eman nahiko nioke berriki eskandalua egin duen Shein txinatar enpresari. Kontestuan sartzeko, Shein fast fashion internazionaleko plataforma digitala da, prezio apaleko eta joerak fite segitzen dituen moda eskaintzen duena, batez ere gazteei zuzendua. Haatik, zenbait txosten eta ikerketek salatu dute fabriketan Sheinek haurrak erabiltzen dituela lanean, batez ere Txinan eta beste herrialde batzutan. Horrez gain, lan baldintza txarrak eta ingurumen inpaktua ere azkarki salatuak izan dira.

Berriki, eskandalu berri batek Sheinen atea jo du, haur baten itxurako sexu panpina...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016