Azalekoa | 2026ko Uztailaren 02a

Pantxoa eta Peioren azken dantza

A.E.

Peio eta Pantxoa Adarra saria eskutan
Peio%20eta%20Pantxoa%20Adarra%20saria%20eskutan

Peio eta Pantxoa bikote kantari famatua oholtzara berriz ere itzuli da, egin ibilbide luze eta bereziari merezi zaion bukaera emateko. 2027ko urtarrilean Bilbon beren historiako azken bi kontzertuak emanen badituzte, anartean bira bat abiatua dute. Bi kantariekin elkartu gira horren inguruan mintzatzeko.

Kantuaren bidez euskaltasunera

Hamar-hameka urte zituztela, Pantxoa Carrere eta Peio Ospital Baionako apezpikutegiko abesbatza eskolan ezagutu ziren.

Kontserbatoriorik egin ez badute ere, beren eskola eliza eta etxea izan da. Interpreteak izan dira gehienbat, eta 100 bat kantu zenbatzen dituzte beren diskografian.

Beren ibilbidea berriz hartzeko, 60. hamarkadan, Uztaritzeko SFX ikastegian Peio eta Pantxoa beren euskaltasuna deskubritzen eta horren inguruan kontzientziatzen hasi ziren. Garai hartan, Ipar Euskal Herrian arlo anitzetan “pizkunde” garaia izan zela zioen Peio Ospitalek. Musikari dagokionez, Mixel Labegueriek bere diskoak plazaratu zituen, tematika eta estetika berri bat ekarriz, eta Manex Pagola bere euskarazko kantuak sortzen hasi zen. Ez Dok Amairu taldeak, berriz, bi lan ardatz planteatu zituen: tradizioa berreskuratu eta hortan oinarrituz gauza berriak sortu.

Testuinguru horretan, AMAIA kultur taldeak antolatu ikastaro batean, bikoteak Telesforo Monzon ezagutzeko parada ukan zuen, azken hunek berak idatzi kantuak eman zizkionak, horietan lehena “Itziarren semea”.

Lehen kantaldia 1969an eman zuten Uztaritzen, Manex Pagola eta Telesforo Monzonek idatzi kantuekin, besteak beste.

Garai hartan hasi ziren diskoak eta kasetak saltzen, eta hortik sortu zen Elkar argitaletxea 1972an Ipar Euskal Herrian, hemengo lanak hemen ekoiztu eta banatu ahal izateko.

Garai gogorretik maitasun istorioa

Pantxoa eta Peiok garai erreprimitua ezagutu dute. Lehen belaunaldia izan da oholtza gainera hupatzea ausartu dena, ordu arte erreprimitua zen hizkuntza batean hitz eginez eta kantatuz.

1975ean disko doblea atera zuten 20 kanturekin, zointan 19 debekatuak ziren orduan.

Frankismo garaian, besteak beste, euskara, euskal kantuak, keinuak edota ikurrak debekatuak izanez, Hegoaldekoak gordezka heldu ziren Donibane Lohizune edota Baionara diskoaren erostera, eta batzuek kantuak etxean, leihoak hetsirik eta ilunean entzuten zituzten.

Maitasun historia bati konpara daiteke, kantuak etxetan, familietan edota pertsonen baitan sartu baitira. Bikotearen kantuak, frankismoaren garaian jendeak eta herriak bizirauteko eraman behar zuen borroka gogorrarekin lotuak bezala gelditu dira.

Horregatik, jendearen maitasunezko harrera harrigarria zela zioen bikoteak, lekukotasun zinez hunkigarriekin.

Azken dantza

Tarte luze batez kantatzeari utzia bazioten ere, Dupla taldeak 2025eko Herri Urratseko kantuan parte hartzera gomitatu zituen. Irail hastapenean, Pello Reparazek Mitoaroa II-n parte hartzea proposatu zien.

Garaian beren ibilbideari bukaera markaturik eman ez ziotenez, Pello Reparaz eta haren taldeak bultzatu eta lagundurik, Peio eta Pantxoak oholtzara berriz ere igaitea erabaki dute, azken bira emateko. Berriki, Donostiako Adarra saria ere eskuratu dute, euskal kulturgintzan egin ekarpenagatik.

2027ko urtarril hastapenean, Bilboko BECan beren azken bi kontzertu ofizialak emanen dituzte, baina aitzin, herriz herri kontzertuak ematen ari dira. Horien artean, abenduaren 11n Baionako Laugan izanen dira.

Bestalde, Santutxu, Bergara eta Lesakara absolutuki berriz itzuli nahi zuten, leku bakoitzak istorio berezia duelako. Hain zuzen ere, 1976an Santutxun eman kantaldian, orduan debekatua zen ikurrina zabaldu zen, eta poliziak publikoa kargatu zuen. Bergara, berriz, Telesforo Monzonen herria da, nun bikoteak bere lehen kantaldia eman zuen Hegoaldean, 1971ko apirilean. Lesakari dagokionez, 1975eko San Ferminetan atxilotuak izan ziren.

Beren aurtengo kontzertuak esker ona eman eta esker ona hartzeko baliatuko ditu bikoteak, jendeak herri honekin bizitzera eman dion maitasun historiagatik. Horrez gain, egin ibilbidea ospatzeko parada ere izanen da.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3841. zbk

Gure Hitza | 2026/07/02

Izebergak ere bero

Ainhoa Etxenike

Azken egunetan gerlak, egoera edota gertakari dramatikoak alde batera utzi, eta bereziki bi gaik hartu dute hedabideen eta gure egunerokoaren monopolioa: berote handia eta munduko futbol kopa.

Ukrainako gerla lehenik, ondotik Palestinarena, Ekialde Hurbilekoa, petrolioaren garestitzea, Lyhanna neska gaztearen drama, baxoa eta brebeta, munduko futbol kopa eta orain bero izigarria. Tarte motz batez, berri batek bestea estali du, munduko dramak ixtante batez bazterrean utziz.

Momentuko gai nagusienak aipatzeko, ezagutu berri ditugun berote handiek berotze klimatikoaren gaia hurbiletik segitzen dute. Gai hunen inguruan, Patrick Pouyanné TotalEnergies-eko buruzagia berotean parte batez ardura ote duen galdezkatua izan denean, “Gaur kontent zarete herria klimatizatzeko gas-zentralak ukaitea” ihardetsi du.

Horrez gain, “Duela hamabost egun, mundu guziak petrolioa eskatzen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016