Ba ote dakixu? | 2026ko Uztailaren 02a

Munduko koparen historia (1/3)

Gilen Bacho

Zein kapitainak munduko koparen urrezko trofeoa altxatuko ote du uztailaren 19an New Yorken? Mbappe frantsesak, Rodri espainolak edo berriz Messi argentinarrak, duela lau urte bezala? Edo beste norbaitek, futbolak usu sorpresak ematen baititu. Jakin aitzin nork irabaziko duen Amerikar Estatu Batuetan, Mexikon eta Kanadan iragaiten ari den 23. edizioa, munduko koparen kasik mende bateko historia zinez aberatsari interesatu gira.

Montevideon hasi zen dena

Munduko lehen kopa 1930ean antolatua izan zen baina FIFAk (futbolaren nazioarteko erakundea, 1904an sortua) 1908tik 1928ra bitarteko Olinpiar Jokoetako irabazleak munduko txapeldun gisa ezagutzen zituen. Uruguaik zituen 1924ko eta 1928ko edizioak irabazi eta horregatik, egun oraino, lau izar baditu bere atorran, bakarrik munduko bi kopa irabazi baditu ere. Uruguai munduko talde hoberena zen eta berak zuen lehen koparen edizioa antolatu 1930eko uztailean, zeinean 13 taldek parte hartu zuten. Lucien Laurent frantsesak zuen munduko koparen historiako lehen gola sartu. Uruguairen independentziaren mendeurrena ospatzeko, Centenario estadioa eraikia izan zen Montevideon (zeinean 80.000 jende bildu ziren Uruguai-Yugoslavia partidarentzat). Estadio horretan zen jokatu munduko koparen historiako lehen finala, uztailaren 30ean, Uruguai-Argentina. Uruguaik 4-2 irabazi zuen eta Jules Rimet FIFAko presidenteak (1954a arte!) munduko koparen trofeoa (“Jules Rimet trofeoa” deitua izan zena 1946tik goiti) Uruguaiko jokalarieri eman zien.


Maracanako negarrak

Lau urte geroago, 1934an, munduko kopa Italian antolatua izan zen eta erregimen faxistak lehiaketa propaganda tresna gisa erabili zuen (Torinoko estadio berria, 70.000 lekurekin, Benito Mussolini estadioa deitua izan zen). Partidak irratien bidez segitu ahal izan ziren eta lau urte lehenago baino kazetari anitzez gehiago baziren, 249 orotarat, munduko parte guzietatik helduak. 16 taldek parte hartu zuten munduko kopan (haien artean 12 europar!) baina Uruguaik ez parte hartzea erabaki zuen. Azkenean, Italiak zuen munduko kopa irabazi, finalean 2-1 irabaziz, luzapenetan, Txekoslovakiaren kontra. Lau urte geroago, 1938an, Frantzian, Italiak munduko kopa berriz irabazi zuen, finalean 4-2 irabaziz Hungariaren kontra, Colombes-eko estadioan. Brasilgo taldeak jendea harritu zuen eta hirugarren bukatu zuen. Europan hedatzen ziren hodei beltzak ez ziren lehiaketatik kanpo egon. Austriak ez zuen parte hartu Alemaniak auzo herria inbaditu baitzuen aste zenbait aitzin (Austriako jokalari zenbaitek, batzuetan bortxaz, Alemaniarekin jokatu zuten baina Sindelar austriar jokalari hoberenak hori errefusatu zuen, arrisku handiak hartuz). Bigarren mundu gerla urte bat geroago piztu zen eta 12 urtez ez zen munduko koparik izan. Geldialdi luze horren ondotik, 1950ean, munduko kopa berriz hego-Amerikan antolatua izan zen, Brasilen. Futbola errege den herrian, nehork ez zakien oraino besta negarretan bukatuko zela Maracanako estadio mitikoan non (200.000 jenderen aitzinean!) Brasilek tituluko partida 2-1 galdu zuen Uruguairen kontra.




Email Facebook Twitter LinkedIn

3841. zbk

Gure Hitza | 2026/07/02

Izebergak ere bero

Ainhoa Etxenike

Azken egunetan gerlak, egoera edota gertakari dramatikoak alde batera utzi, eta bereziki bi gaik hartu dute hedabideen eta gure egunerokoaren monopolioa: berote handia eta munduko futbol kopa.

Ukrainako gerla lehenik, ondotik Palestinarena, Ekialde Hurbilekoa, petrolioaren garestitzea, Lyhanna neska gaztearen drama, baxoa eta brebeta, munduko futbol kopa eta orain bero izigarria. Tarte motz batez, berri batek bestea estali du, munduko dramak ixtante batez bazterrean utziz.

Momentuko gai nagusienak aipatzeko, ezagutu berri ditugun berote handiek berotze klimatikoaren gaia hurbiletik segitzen dute. Gai hunen inguruan, Patrick Pouyanné TotalEnergies-eko buruzagia berotean parte batez ardura ote duen galdezkatua izan denean, “Gaur kontent zarete herria klimatizatzeko gas-zentralak ukaitea” ihardetsi du.

Horrez gain, “Duela hamabost egun, mundu guziak petrolioa eskatzen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016