Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Uztailaren 02a

Urruñarrak elkartea beti aitzina! - Mutxikoak - Zaharkien azoka - Emazteen Etxea - Erakusketa - Belar pozoi kimikorik ez - Pilota partiden emaitzak

Urruñarrak Pilotakoen argazkia, ekainaren 14an
Urrunarrak%20Pilotakoen%20argazkia_%20ekainaren%2014an

Urruñarrak elkartea beti aitzina!

Pilotaren besta handia ekainaren 14an bukatu zen, herri bazkaria plazan, partaideen karrikaldia, pilota partida eta partaide guzien argazkiarekin. Ikaragarri ederra, zinez! Eta besta horren sua oraindik itzali gabe dagoela, uztailaren 5ean, igandez, Urruñarrak elkartearen sail guziek batera, hau da, pilotak, errugbiak eta eskubaloiak, 100. urteurrena ospatuko dute. Herri bazkaria izanen da plazan (13:30).

Mutxikoak plazan

Urruñarrak elkarteak bere ehun urteurrenaren kari, mutxikoak eskainiko ditu herriko plazan, uztailaren 5ean, igandez (11:30). Kuxkuxtukoek emanen dituzte.

Zaharkien azoka Zokoan

Uztailaren 14an, asteartez, zaharkien azoka izanen da Zokoa auzoko kiroldegian. Salmahaiak 3x2 metrokoak izanen dira, eta 12 euro pagatu beharko dituzte horrelako bat atzeman nahi dutenek. Erreserba egiteko: 06-45-84-91-91.

Emazteen Etxea

Duela bi urte Pausuko elizaren karrikan den Emazteen Etxea zabaldu zuten, eta orduz geroztik, lan handia egiten ari dira herriko emazteen alde. Erran behar da hau izan dela Iparralde osoan ideki den lehen Emazteen Etxea. Helburua da urruñar emazteei elkartze, partekatze eta sostengua eskaintzea, beharrezkoa duten neurrian. Etxe horretan bada feminiteka bat, liburu, aldizkari eta bideoekin; eztabaida taldeak eta tailer pedagogikoak antolatzen dituzte, eta baita zenbait ekitaldi ere. Permanentziak ere badira, bertara joaten diren emazteak laguntzeko prest. Argibideak: 07-69-30-16-33.

Urruñarrak elkartearen erakusketa berria

Ekainaren 29tik uztailaren 5era bitarte, Urruñarrak elkartearen erakusketa berria ikusgai da Posta etxeko ganberan. Gaia: elkarteak lantzen dituen kirolei buruzko (pilota, errugbia eta eskubaloia) erakusketa; argazkiak eta beste. Egunero zabalik izanen da, larunbata eta igandea barne (9:00-12:30/14:00-17:30). Urririk.

Belar pozoi kimikorik ez

Ingurumena eta bioaniztasuna zaintzeko hartu duen engaiamenduaren baitan, Urruñako herriak leku publikoetan fitorik ez duela erabiliko berresten du. 2017ko urtarrilaren 1az geroztik, tokiko kolektibitateei debekatua zaie berdeguneetan produktu fitosanitarioak erabiltzea. Ondorioz, leku publikoen mantentzeko metodoak egokitu dira, ingurumenarekiko errespetutsuagoak diren konponbideak lehenetsiz. Hala, pixkanaka hilerriko pasabideak belarztatuko dira eta belar pozoi kimikorik gabeko produktuak baliatuko dira.Aldaketa horrek batzuetan hilerriaren itxura alda dezake, bat-bateko landaredi presentzia handiagoa ikus baitaiteke. Hala ere, kudeaketa mota horrek lurzoruaren eta uraren kalitatea zaintzen laguntzen du, tokiko bioaniztasuna sustatzen du eta produktu kimikoekiko kontaktua murrizten du.

Pilota partiden emaitzak

Bere ehun urteurrena dela eta, Urruñarrak Pilota Batasunak pilota partida ederrak antolatu zituen ekainaren 11tik 14ra. Hemen dira emaitzak: ekainaren 11n, ostegunez, Iturbidea frontoian, gizonezkoen pala sailean: Iustede eta Etxeberria Senper 40 – Urrutia Borda eta Haltzuet 34. Eta xare arloan: Haltzuet Perugorria eta Lafargue 40 – Telletxea eta Castera 18. Ekainaren 12an, ostiralez, eta Iturbidea frontoian, nesken pala sailean: Senechaud eta Haltzuet 15 eta 15, eta Berzetxe eta Goikoetxea 0,4 eta 1,4. Mutiletan, larruzko palaz: Beuntza eta Ramos 15 eta 15 eta Larretxe eta Leproux 1,0 eta 1,1. Ekainaren 13an, larunbatez, eta Dongaitzeko Xoko Txapelketan: 2B mailan Hiriberri 30 – Darritxon9. 2A mailan Telletxea 30 eta Urkia 24. 1B mailan Lizardi 30 eta Zugasti 13. 1A mailan Agirre 30 eta Aramendi 10. Berezkoen partidan, berriz, Espinal eta Lazkano 40 – Biskubi eta Sanchez 32. Ekainaren 14an, igandez, eta herriko pilota-plazan: De la Fuente eta Zigarroa 25 – Lafitte eta Intxauspe 14. Milesker Ramuntxo Aramendiri informazioa emanik.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3841. zbk

Gure Hitza | 2026/07/02

Izebergak ere bero

Ainhoa Etxenike

Azken egunetan gerlak, egoera edota gertakari dramatikoak alde batera utzi, eta bereziki bi gaik hartu dute hedabideen eta gure egunerokoaren monopolioa: berote handia eta munduko futbol kopa.

Ukrainako gerla lehenik, ondotik Palestinarena, Ekialde Hurbilekoa, petrolioaren garestitzea, Lyhanna neska gaztearen drama, baxoa eta brebeta, munduko futbol kopa eta orain bero izigarria. Tarte motz batez, berri batek bestea estali du, munduko dramak ixtante batez bazterrean utziz.

Momentuko gai nagusienak aipatzeko, ezagutu berri ditugun berote handiek berotze klimatikoaren gaia hurbiletik segitzen dute. Gai hunen inguruan, Patrick Pouyanné TotalEnergies-eko buruzagia berotean parte batez ardura ote duen galdezkatua izan denean, “Gaur kontent zarete herria klimatizatzeko gas-zentralak ukaitea” ihardetsi du.

Horrez gain, “Duela hamabost egun, mundu guziak petrolioa eskatzen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016