Herriz Herri - Lekorne (L) | 2026ko Uztailaren 02a

Trinket berriaren estreinaldia - Garroaren baratzea euri urarekin - Merkatua

Hautetsiekin xingola moztea
Hautetsiekin%20xingola%20moztea

Trinket berriaren estreinaldia

Joan den larunbatean Lekorneko plaza inguruan bazen mugimendu, nola ez trinketaren obrak eginak izan direla eta, estreinaldia iragan da hautetsi eta herritar andana hurbilduak zirela.

Ekitaldia Urtsuko Xoriak taldeak dantza batzuk emanez hasi da. Hervé Damestoy auzapezak segida hartu du eraikuntza berriaren bisita eginez. Lehenik “Jauzi” dantzatzeko antolatua den gelan ibili gira, mirailak paretetan, barrak eta zurezko zoladura. Herriko dantza taldeak eta Baigurako Libertimendua elkarteek erabiliko dute, baita ere Euskal Elkargoak artista egonaldientzat.

Ondotik trinket berrituan sartu gira, Airetik-eko nesken gomazko pilota partida ari zela. Horren ondotik estreinaldi ofiziala hasi da, tartean herriko kantariek kantu batzuk emanez. Hervé Damestoyk esplikatu du obra horiek nola eginak izan diren eta Herriko Etxeak nola finantzatu dituen. Eskertu ditu lan egin duten ofizialeak, azalduz herrikoak eta hurbilekoak zirela hautatuak izan, tokiko ekonomiaren sustengatzeko beharra azpimarratuz. Holako obra handien egiteko Herriko Etxea instituzio publiko desberdinetan ibili da dirulaguntza bila, Euskal Elkargotik, Departamendutik, Eskualdetik eta Europatik (FEDER) lortu du.

Eraikin berrian eguzki panelak pausatuak izan dira, herriko bastimenduetan autokontsumoa ahalbidetuko duena (Hodi Aldean, Herriko Etxean, Elizan eta eskolako kantinan).

Ondotik, Herriko Etxearekin partaide diren Urtsuko Xoriak, Baigurako Libertimenduak eta Airetik elkarteek hitzarmena izenpetu dute.

Etorriak ziren hautetsiek hitza hartu dute. Lehenik Alain Iriart Euskal Elkargoko presidenteak adierazi du holako guneak herri batean bizigune garrantzitsuak direla, ondarea eta kultura zaintzen dutelako. Jean-Jacques Lasserre Departamenduko presidenteak ere egin lana txalotu du, eman dirua herritarren zerbitzurako izanez. Andde Sainte-Marie Akitania Berria Eskualdeko kontseilariak trinketak beste edozein zerbitzu publikoko funtzioa betetzen duela adierazi du. Denise Saint-Pée, Max Brisson eta Frédérique Espagnac senatariak ere bide beretik goraipatu dute egina izan den lana.

Azken hitza Xavier Errecart Airetik pilota elkarteko presidenteak hartu du, eskertuz pilotarentzat egin gune paregabea, bereziki neskak gomazko pilotan entrenatzeko, auzoetara joaiteko ordez, lekuan berean geldituko baitira. Trinketaren sartzean egina den harrera gela ere, ostatu ttipi batekin, aipatu du gune horretan partekatzeko memento goxoak pasatzen ahal baitira.

Ekitaldia burutu da Tote Saldubehere herriko erretorearen benedizionearekin, “Agur Jauna” kantua ozenki denen artean kantatua izan da.

Holako gertakariak Euskal Herrian beti baso baten inguruan bururatzen dira, Lekornen ere janariz eta edariz mahaiak ongi hornituak ziren.

Garroaren baratzea euri urarekin

Garroa baratzezain guneak barazkiak ureztatzeko 3.000m³-ko euri ur-biltegia ezarri du, kooperatibak gasturik gabe fruituak eta barazki biologiak ureztatzeko. Obra aitzineko asteartean estreinatua izan da, Hervé Damestoy Lekorneko auzapeza eta Euskal Elkargoko laborantza lehendakariordea, Argitxu Ithourria Garroa SCIC-eko zuzendaria eta Véronique Mabrut Aturri-Garona Ur Agentziako Aturri eta Itsasbazterrak ordezkaritzako zuzendaria presente ziren.

Merkatua

Herriko Etxearen ondoan, uztailaren 11n (18:00), gaueko merkatua antolatua da, tokiko ekoizleak, artisauak eta ofizialeak hor izanen dira. Mutturfineri esker lekuan berean jateko parada izanen da. Segi Kantuz taldeak kantu batzuk emanen ditu, Rita Mutxikorekin dantzatzeko parada izanen da eta Dominic Earlek arratsa animatuko du.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3841. zbk

Gure Hitza | 2026/07/02

Izebergak ere bero

Ainhoa Etxenike

Azken egunetan gerlak, egoera edota gertakari dramatikoak alde batera utzi, eta bereziki bi gaik hartu dute hedabideen eta gure egunerokoaren monopolioa: berote handia eta munduko futbol kopa.

Ukrainako gerla lehenik, ondotik Palestinarena, Ekialde Hurbilekoa, petrolioaren garestitzea, Lyhanna neska gaztearen drama, baxoa eta brebeta, munduko futbol kopa eta orain bero izigarria. Tarte motz batez, berri batek bestea estali du, munduko dramak ixtante batez bazterrean utziz.

Momentuko gai nagusienak aipatzeko, ezagutu berri ditugun berote handiek berotze klimatikoaren gaia hurbiletik segitzen dute. Gai hunen inguruan, Patrick Pouyanné TotalEnergies-eko buruzagia berotean parte batez ardura ote duen galdezkatua izan denean, “Gaur kontent zarete herria klimatizatzeko gas-zentralak ukaitea” ihardetsi du.

Horrez gain, “Duela hamabost egun, mundu guziak petrolioa eskatzen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016