Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Uztailaren 02a
Ur Begiren berri - Dantzaldi - Elkarteen eguna - Erakusketa eta mintzaldi - Pilota
Ur Begiren berri
Elkartearen mendi sekzioak, bere animatzaile beteranoeri esker, mendiko egonaldia ederki prestatua zuen Pirinio garaietan. Luzen kanpamendu basea jarri ondoan, ibiltariek Hautacam, Gavarnia eta Troumouseko zirkoak ezagutu eta kurritu ahal ukan dituzte; preziatu ere azken elurrak, ur jauziak, basihizi saldoak, marmotak, sarrioak... denak ziren ikusgarriak arnasa mozteko heinekoak. Botanikari adituek 25 lore mota bildu eta katalogatu dituzte! Zer loria! Euskal Herritik transhumantzian zatozin artaldeak gurutzatu dituzte beren zintzarriekin. Neurrigabeko leku horietan, denboran zehar naturaren lanak ikusi ahal ukan dituzte. Egonaldi xoragarria parte hartzaile guzientzat, nihor ez zagola doluturik, abentura berriz bizitzeko prest direla heldu den urtean.
Dantzaldi
Ur Begi elkarteak antolatzen du heldu den larunbat 4an dantzaldia Heraitzeko plazan Patxi eta Konpainiarekin (19:30). Euskal dantzak dira gehienik emanak izanen. Jateko eta edateko segurtatuak izanen dira tokian berean. Plazara sartzea urririk da. Ongi etorri hoberena segurtatua da.
Elkarteen eguna
Oraidanik Herriko Etxeak jakinarazten du aurtengo elkarteen eguna iraganen dela irailaren 5ean larunbatarekin. Egun hori antolatzeko asmotan galdegiten du elkarte bakotxari erantzutea parte hartuko duen edo ez; baiezko erantzunean zer materialen beharra ukanen duen eta animazio ekitaldi bat egiteko gogoa ote duen. Erantzun horiek heldu behar dira idazkaritzara uztailaren 8ko berantenaz. Gogorarazi nahi du iraileko egun hori garrantzitsua dela Uztaritzeko elkarte sarearentzat, ikusiz azken urte hauetan elkarteetan bazkide kopurua emendatuz doala urtero.
Erakusketa eta mintzaldi
“Haltya ondare eta kultura” elkarteak emaiten du heldu den larunbat eta igandean, jauregian berean, marrazki bizidun erakusketa Baionako “Le Banc dessiné” liburutegiarekin partzuergoan. Izanen dira liburu izenpetzeak, tailerrak eta ere jatorrizko marrazkien erakusketa. Bisitak egin daitezke (10:00-19:00). Sartzea libro da. Argitasun gehiagorentzat deitu: 06-79-93-24-32.
Uztailaren 10ean ortziralez, Bruno Borde Haltya jauregiaren jabeak eginen du mintzaldia (18:30). Gaia: “Marrazki biziduna eta itsasoa”.
Pilota
Joan den igandean jokatu dira Euskal Ligaren kondu erreboteko finalerdi gehienak. Kapito Harrik helduetan hiru talde zituen lehian. Lehen taldeak garaipena errexki lortu du Kanbon Noizbait-en kontra 13/0 eta ondorioz finala jokatuko du Baigorriren kontra. Bigarren taldea ari beharra zen Hazparnen Kanboren kontra eta plaza estatu txarrean eta bustia izanez partida gibelatua izan da aste batez. Hirugarren taldeak jokatu du bere finalerdia Uztaritzen Bilgunen Zubietako taldearen kontra bainan galdu du 7/13. Erreboteko finalak jokatuko dira uztaileko bigarren asteburuan.





