Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Uztailaren 02a
Margolarien erakusketa - Bilkura publikoa - Amotzeko bestei buruz - Senpereko gaztelua eta jaunak - Bisita gidatuak
Margolarien erakusketa
Behingoan, Elkartetxeko Zaldubi salan iraganen da Ortzadarra elkarteko 14 margolariren lanen erakusketa. Urtean eginiko zonbait obren lana azaldua izanen da, ikusmina sortu behar luke behatzaileen aldetik, hauetan ere zonbait bokazio sor lezazke, ez baita berantegi pintzeleri lotzea. Senpertar zonbaiten talentua deskubritzeko parada, uztailaren 6tik 13ra (9:30-12:30/14:00-19:00), sartzea urririk bistan dena.
Bilkura publikoa
Hitzeman bezala, Christophe Jaureguy auzapez berriak bere taldearekin informazioa azaltzen aritu da bi gai aipatuz. Lehenik, Herriko Etxearen finantzeri buruz, hauek ez baitira kenka onean, beraz 2026. urtean, proiektuak geldirik egonen dira. Bigarrenik, lakuan sortu den ezin konponduzko tira-bira KHA2 enpresarekin, dirudienez afera korapilatsu hunek auzitarako bidea hartzen du. Otsailaren 20an, hauteskundeen bezperan, aitzineko udalak hitzarmena izenpetu du Aquazone ariketak kudeatzen duen enpresarekin. Nola negoziaketek ez duten aterabiderik eskaini, gaurko Herriko Etxeak, Estaduaren bidea segituz, ezeztatu nahi du hitzarmen berri hori. Herritar anitz eta bereziki auzoko jende asko haserretan asaldu dira proiektu erraldoiaren kontra, hemen egitura puzgarriek, lekuz aldatu ondoan, baraderaren kontra muntatzen ari dira, baita puzgarrien herrixka bat eraiki beharra urtegiaren pean, snack eta mini golfa bertzeak bertze.Halere, azken finean ur gaineko puzgarrizko egitura zabaldua izan da udarako joan den larunbatean, hitzarmenaren 6 hilabeteko aitzin-abisua errespetatua izan dadin, gerokoak gero.
Amotzeko bestei buruz
Amotzeko gazteriak betiko programa bikaina antolatua du, hunen berri datorren astean. Aldiz ostiral arratseko zikiroa baita igandeko bazkariarendako, izenaren emaitea beharrezkoa da deituz: 07-68-50-32-79. Zikiroa 28€tan gaitzeko menuarekin: tripotxa piperradarekin, bildotsa ilarrarekin, gasna, deserta, arnoa, kafea eta ondokoa, igandean aldiz 25€tan bazkaria: meloina eta xingarra, oilaskoa patatekin, gasna, deserta, arnoa, kafea eta ondokoa.
Senpereko gaztelua eta jaunak
Berote izugarriak segitu gaitu egun osoan, goizeko gazteluaren bisitan baita arratsaldeko hitzaldietan Inharria baserrian, zorionez barne freskatuan. Nahiz Senpereko Kultur eta Ondare elkartearen antolaketa izan, azpimarratzekoa da honen kide den Pello Fagoagak eta bere hurbileko lagunek, zer lan eta zalaparta eraman dituzten gazteluaren ingurua garbitzeko. Zonbait egunez “xaxitarrak” bilakatu baitira, lahar, huntz, ote eta zuhaitzen garbitzeko, hala nola jauregiaren paretak ongi agerian diren, eskerrak zueri. Jendalde politak parte hartu du ekimen hortan, bere ikusmina erakutsiz herriaren historiari. Pierre Courroux-ek animatu ditu mintzaldiak, hauetan Mathilde Berniolles-ek “Amezketarrak, Senpereko Jaunak”, Katy Bennet-ek “Ingalaterrako leialtasuna Hego-Gaskonian 100 urteko Gerran”, Ekaitz Etxeberriak “Erdi Aroko Bando gerrak, Euskal Herrian” eta Inigo Muguetak “Nafartar Nobleziaren etxe-dorreak”. Jauregiaren historia senpertarren parte bat delakoan, argibide asko eskura dezakezue, Buruxkak 24ko edizioan.
Bisita gidatuak
Mitologia eta sorginkeria aipatzen dituen ekitaldia, turismo bulegoak antolatua, udako erritmoan joanen da. Hala nola, uztail eta agorrilean, astelehenez (17:00) eta ostegunez (11:00) iragarriak dira ateraldiak. Xehetasun eta erreserba Ipar Euskal Herriko bulegoetan: 05-59-54-11-69.





