Gogoa hazi | 2026ko Uztailaren 02a
Vatican II giristinoak eta euskara suspertzen (VI)
Mikel Epalzak. Mandiok itzulia. Segida gero.
III. Latinoamerikak eragin handia Eliza unibertsalean, eta bereziki Euskal Herrian!
Egia erran Vatican II Kontzilioak sua piztu zuen Latinoamerikako Elizan; kontinente horrek 601 apezpiku igorri zituen Erromara. 1968an, Medellínen (Kolonbia), gotzainek funtsezko norabidea hartu zuten: “Pobreen aldeko lehentasunezko hautua”, miseriaren eta garapen-eskasaren eskandalua salatzen zutela. “Askatasun teologiak” oinarriko giristino komunitateak sortarazi zituen, auzo pobreetan eta zapaldutako laborari eskualdeetan engaiatuak. Teologia horrek, besteak beste Gustavo Gutiérrezek formulatuak, anaiaren sakramentua aldarrikatzen du: “Gose nintzen eta jatera eman zenidan”. Pertsonaia nabarmenena izan zen Dom Hélder Câmara, 1964an Recifeko artzapezpiku izendatua, Brasilgo eta munduko pobreen apostolua, zonbeit atentaturen jomuga izan zena. Jesuitek ere, Bilbotar Pedro Arrupe beren aitzindariarekin batera, pobre eta zapalduen alde egin zuten.
Latinoamerikak bidea ireki zion askapen sozial, politiko, ekonomiko eta kultural proiektua daukan Elizari, eta aldi berean Bibliaren praktika herrikoi bat sustatu zuen berrikuntzaren legamia edo altxagarri gisa. Biblia, Latinoamerikako 216 hizkuntza indigenetara itzulia izan zen. 1965etik 2008ra, 60 milioi ale saldu ziren.
Joan Paulo II Aita Sainduak jarrera gogorra izan zuen askatasun teologiaren eta haren teologoen kontra. Gogoan dugu nola larderiatu zuen Ernesto Cardenal jesuita, Nikaraguako kultur ministroa, Managuako aireportuko pistan belauniko zegoela. Halaber, gogor jokatu zuen Pedro Arruperen eta jesuiten aurka; geroago, Frantzisko Aita sainduak, Jorge Bergoglio argentinar jesuitak, ber-gaitu edo berriz ohorera ekarri zituen jesuitak.
Kontzilioak sua piztu zuen miseriak eta bidegabekeriak suntsitutako herrialdeetako giristinoen bihotzetan; su horren itzaltzen saiatu zen botere zibila eta batzuetan hierarkia katolikoa. Martirien Eliza sortu zen, besteak beste, Óscar Romero jaun apezpikuarekin, El Salvadorren eukaristia bete betean hil zutena, eta beste hainbat laiko, erlijioso eta apezekin, tartean Ignacio Ellacuría jesuita euskalduna, Bilbokoa, Nikaraguan eraila.
Sugarrak Euskal Herriko giristino anitzen bihotzakukitu zituen. Baionako diozesako hamar bat apez joan zen hara Fidei Donum gisa, eta beste euskal elizbarrutietako ehunka apez ere bai, tartean Bittor Garaigordobil apezpikua.
Kontzilioko aita baten lekukotasuna: Bittor Garaigordobil apezpikua
Urkiolako santutegian ezagutu nuen. 1946tik aitzina Bizkaiko Abadiñon sortutako apez hau misioetara joan zen Ekuadorrera, Los Ríos prelatutara. 1964an elizbarruti horretako gotzain izendatua izan zen. Kontzilioan denboran bi puntutan hartu zuen hitza, bere esperientzia apostolikoan oinarritzen zituela. Lehena: “Baitezpadakoa da apezpikuentzat presbiterio-kontseilu baten laguntza izatea eta apezen ikustera joatea Elizak zer bizi duen jakiteko. Herriaren ondo ondoan izateko, gotzainak entzun behar ditu egunero familiekin harremanetan dauden apezak; hola ditu ulertuko jende horien pozak eta minak”.
Bigarrena Fidei Donum apezeri zuzendua. Pio XII.ak 1957an, beren denboraren zati bat Afrikan edo Latinoamerikan ematea eskatu zioten apezeri, egin-moldeak Fidei Donum dekretuan zehazten zituela. Garaigordobilen ekarpena labur biltzen da apezpiku izatea eskatu ziotenean eman zuen erantzunean: “Gotzain izendapena onartzen dut euskal talde misiolariaren kide gisa”. Proposatzen zuen komunitate misiolari bat joatea misiora, ez apeza bakarrik. Apezarekin batean gizon eta emazte laiko eta erlijioso batzuk. Hots, talde bat.
Hori izan da azken 60 urteetan Hegoaldeko euskal elizbarrutiek jarraitu duten bidea: benetako bide sinodala.




