Mundu zabalean | 2026ko Uztailaren 02a

Polinesiarrek beren lurraldea zaindu nahian

M.O.

Ezkerrean Motu Horea uhartetxoa gaur, eskuinean proiektua egiten balitz
Ezkerrean%20Motu%20Horea%20uhartetxoa%20gaur_%20eskuinean%20proiektua%20egiten%20balitz

Polinesiako mendebaldeko kostaldean Raiātea gunean, uharte ttipi bat bada Motu Horea deitzen dena, belaunaldiz belaunaldi herritarren bizitzaren gune nagusia bihurtua da. Luxuzko hotel proiektu baten eraikitzeko xedea bada, pribatizazioaren mehatxupean, Polinesian espekulazioaren kontra mobilizazioak abiatuak dira.

Ugarte baten pribatizazio kontratua

2024an, Tumaraa herriari lotua den Motu Horea uhartetxoko Cyril Tetuanui auzapez ohiak Fabrice Convert promotorearekin 20 urteko alokairu kontratua sinatu zuen, xedea da gunearen pribatizatzea. Promotoreak hotel bat eta Te Rai-Atea izeneko luxuzko jatetxe bat eraikitzeko proiektua du. Fabrice Convert inbertitzailearentzat afera ezin hobea, alokairua hilabetean 15.000 polinesiar franko (126€) besterik ez zaio kostako, eskualde horretan etxe ttipi bat alokatzen den prezioa.

Izenpetua izan den kontratuan, abantaila hori urrunago joan daiteke, irakurtzen ahal da: “Tumaraako Herriko Etxeak alokatutako ondasun osoa edo zati baten saltzea erabakitzen badu, alokatzaileak (Fabrice Convert) edo haren onuradunek beste guzien gainetik lehentasunez erosteko eskubidea ukanen dute”.

Negoziazioa isilpean eramana izan da, herritarrak ez dira sekulan kontsultatuak izan, kontratua izenpetua izan zelarik jakin zuten.

Populazioa eta auzapez berria mobilizatuak

Polinesiarren ohiko bizimoduan, eskualdeko herritarrak uhartetxoan ibiltzen dira, familian hondartzaz gozatzeko, arrantzatzeko, kantatzeko edota jostatzeko. Motu Faya elkartekoek eta tokiko herritar batzuk obrak ez hasteko uhartetxoan kanpatzen dute.

Duela 2 urte berria jakin zelarik, herritarrak haserretu ziren eta kontra kanpaina abiatu zen, manifestazioak antolatuz eta eskandalua sare sozialetan zabalduz. Martxoan, protestak dimentsio berri bat hartu du, auzapez ohiak hauteskundeak galdu baititu, Gérard Goltz proiektuaren kontrakoa hautatua izan da. Auzapez berriak alokatzeko kontratua hausteko xedearekin prozedura juridikoa abiatu du.

Borroka hori sare sozialen bidez ere eramana da, dokumentu ofizialak publikatuak dira eta auzapez ohiaren praktikak gaitzetsiak dira.

Ohidurak eta kultura atxiki nahian

Motu Horea uhartetxoaren pribatizazioa ez da Polinesian fenomeno isolatua, gisa bereko beste proiektu anitz badira. Covid pandemiaz geroztik, goi-mailako turismoa garatzeko gero eta atzerriko inbertitzaile gehiago eremu handiak erosten ari dira hotel-azpiegiturak eraikitzeko.

Inbertsio horiek populazioarentzat kostu ekonomikoa du. Polinesiarrentzat alokairuak eta higiezinak gero eta gehiago ezin eskuragarriak dira, gero eta zailagoa egiten zaie etxebizitza baten atzemaitea. Eguneroko bizitza garestiagoa bihurtzen ari da.

Baina alderdi ekonomikoaz haratago, higiezinen proiektu hauek polinesiar kultura sakonki ahultzen dute. Keep Moorea Wild elkarte bat da polinesiarrek beren lurra zaintzeko sortua, zioten: “Polinesiar historia, kultura eta bizimodua lurrarekin oinarritua da, beraz pribatizatzen gaituztenean, gure lurra kendu bezain laster, gure kultura sustraian hautsiko da”.

Sortu nahi den eraikuntza erraldoiak, polinesiarrentzat kaltegarriak izanen dira, beren bizimodu tradizionala trabatua izanen baita. “Gure haurrak ikasteko harat eramaiten ditugu, haiek ere polinesiar bizimoldea jakin dezaten, baita ere arrantzatzeko nola itsasora joan. Bizimodu horri esker herri zoriontsuan bizi gira. Oihanera joaiten gira mangoak eta guaiabak jatera eta egarrituak girenean kokoak edaten ditugu. Baina, oihana ez da existituko, eta hori atzerriko turistak eraikuntza luxuzkoetan abusatzeko. Lur pribatuak nonahi baldin badira gure haurrak nola heziko ditugu?”.

Mehatxu gero eta handiago horren kontra, Keep Moorea Wild elkarteak luxuzko hotel horiek eraikiak ez daitezen kanpaina abiatu du. Proiektua geldiarazteko edozeinek lur zatiak erosten ahal ditu, biodibertsitate babesleku bihurtzeko. Dohaintzagileek egin emaitzari esker elkartea lurraren jabe bihurtzen da, betiko babesa bermatzen du. Lurraren zaintzeko espekulazioaren kontrako borroka inguruko uharteetara hedatzen ari da, inbertitzaileek herritarrak haserre dituzte parean.

Tradizioa arriskuan

Holako proiektuak are mingarriagoak dira, polinesiar kultura naturarekin lotua dagoelako. “Fenua” terminoa, “lurra” bezala itzultzen ahal dena, arbaso, espiritu eta nortasun kidetasunaren sinboloa da. Polinesiarrak arbasoekin, naturarekin eta unibertsoarekin atxikiak dira. Inbertitzaileek murrizten dituzten lur-jabetza eta baliabide ekonomiko soiletatik urrunago, lurraldearen eta kulturaren zaintzeko borrokak dira.

Atzerriko turismoarentzat luxuzko eraikuntzak muntatzen ari dira. Promotoreek ez dute soilik mendeetan iraun duen ekosistema suntsitzen, baizik eta etorkizuneko belaunaldientzat bizitzeko modua.

Turismoaren gorakada duten eskualdeetako lur pribatizazio hauek mundu osoan zehar garatzen ari dira, lekukoak beren lurra zaintzeko mobilizatzen dira.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3841. zbk

Gure Hitza | 2026/07/02

Izebergak ere bero

Ainhoa Etxenike

Azken egunetan gerlak, egoera edota gertakari dramatikoak alde batera utzi, eta bereziki bi gaik hartu dute hedabideen eta gure egunerokoaren monopolioa: berote handia eta munduko futbol kopa.

Ukrainako gerla lehenik, ondotik Palestinarena, Ekialde Hurbilekoa, petrolioaren garestitzea, Lyhanna neska gaztearen drama, baxoa eta brebeta, munduko futbol kopa eta orain bero izigarria. Tarte motz batez, berri batek bestea estali du, munduko dramak ixtante batez bazterrean utziz.

Momentuko gai nagusienak aipatzeko, ezagutu berri ditugun berote handiek berotze klimatikoaren gaia hurbiletik segitzen dute. Gai hunen inguruan, Patrick Pouyanné TotalEnergies-eko buruzagia berotean parte batez ardura ote duen galdezkatua izan denean, “Gaur kontent zarete herria klimatizatzeko gas-zentralak ukaitea” ihardetsi du.

Horrez gain, “Duela hamabost egun, mundu guziak petrolioa eskatzen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016