Orotarik | 2026ko Uztailaren 02a
Kukumarro
Xarles Videgain
Dantzaria eta Dantxarinea
Dantzaria aipatu nahi dut bainan ez baitezpada dantzan ari den jendea.
Dantzaria deitzen da Iparraldeko leku anitzetan joko batean erabiltzen den jostailu ttipia; oldarra ontsa emanez gero, dantzari hori badoa inguruka bere ardatzaren gainean, zut zuta, ixil ixila edo zurrungaz, eta gero, indarra galdurik, erortzen da. Erdaraz “toupie” deitzen da gure dantzaria. Herri batean, Nafarroako Jaurrietan dantzari erran gabe “bailarina” deitzen da hots dantzan ari den emaztea. Joko zaharra da eta Txinan atzeman dira dantzari zaharrak 4.000 urte badituztenak.
Jendeetan dantzan ari delarik bezala, pollit eta sotil da dantzari ttipi honek duen mugimendua eta egiten duen azantza fina. Dantzaria indarrean emateko ontsalaz behar da hari edo soka mehe bat. Erran gabe doa ikasi behar dela dantzariaren indarrean ontsa ezartzea.
Zuberoan “zibot” deitzen da eta iduri luke gaskoinetik heldu dela. “Ziba” ere entzuten da Hegoaldean han hemenka bainan gehienetan tronpa deitzen da, gazteleraz bezala. Iduri luke “zibot” latinezko “Caepa”-tik heldu dela eta hitz horrek bestalde “kipula” edo “tipula” eman du, erdaraz “cebolla” eta “ciboulette”: egia erran tipularekin egite baduela gure dantzariak onar genezake. “Tronpa” alemaniera zaharretik heldu da eta musika tresnaren izena da, tronpa ala tronpeta biek azantza egiten baitute gure dantzariak bezala.
Frantsesez “toupie” deitzen da eta oinarrian “top” hitzetik heldu da, delako top hura “burua” omen baita eta iduri baitu gure dantzaria bere buruaren gainean ibiltzen ari dela. Behar bada top hori bilo-multzoa da, “toupet” bat bezala eta dantzaria igorri aitzin haren inguruan eman hariak egite badu biloekin. Frantsesez, lehen, “toupie” izen bortitza zen emazte baten izendatzeko baizik eta dantzaria bezala toupie hura joaiten baita hastapenetik jakin ezin dugun lekura, seguraski, behar ez den lekura. Zernahi gisaz nahikariarik ez duen jendea ere erdaraz toupie deitzen da. Bitxi dena delako top hitzak beste zerbait eman du euskaraz, hots tupina edo dupina. Zergatik ote? Beharbada dantzariak eta dupinak sabel handia dutelako eta moldean eginak izan direlako.
Gaskoinez, sibot hitza erabiltzen da parte tzarrean: “ha ana de cibot en cousseye”, erran nahi du zuzen ez den bezala han hemenka gauza tzarrak egitea borondate onik gabe. Eta zibot, dantzaria deitzen da lanean aitzinatzen ez dena, mugimendu anitz eginik ere.
Gazteleraz “trompaz” bestalde “peon” deitzen da eta hitzak berak salatzen du maila apaleko jendea, izan dadin zezen lasterketan edo lanean. Peon deitzen da ere azantz anitz egiten duen jende hastiala. Tronperri deitzen da arrailerian Durangoko jendea, bainan tronpa hortan musika tresna izan behar da eta ez dantzaria. Bretoinez ere ideia gutiesgarria agertzen da ezen “gatu mozkorra” deitzen dute berehala erortzen den dantzaria.
Euskaraz beraz dantzariak ez du deus tzarrik: mugimendua adierazten du, eta nola ez oreka. Gora dantzaria. Frantzian herrialde bakar batean atzeman dut egite duen hitza: Puy-de-Dôme aldean “dansarelo”, hots dantzarisa deitzen dute guk dantzaria deitzen duguna.
Horiek hola, gertatzen da dantzari aipatuz leku famatua gogora etortzen zaigula, Dantxarinea. Zergatik ote dantzaria agertzen da herri baten izenean? Ez naski hango dantzaleku famatuarengatik, Lapitxuri egina izan baita herria izendatu ondoan. Market andereak ikertu du, Martin Elsok bezala, Dantxarinearen historia. Mugaz hunaindian Dantxarinea Ainhoako kartier bat baizik ez da. Ez da herri. Lehen ba omen zen mugaren eta Murrugaineko errekaren gainetik zubi bat, estalia zena, eta han ari omen ziren jendeak dantzan.
Badaiteke hori egia den eta zubi horren izena herriaren izena bilakatzea. Baina beste historiarik bada dantzariaren alde. 1701ean Anjouko Dukea Ainhoatik iragan zen Espainiarako bidean Felipe V erregea izendatzeko ospakizunetan parte hartu beharra baitzen. Besta franko eskainiak izan zitzaizkion eta dantzak ere. Donibane Lohizunen agertu ziren hamabi dantzari euskaldun ezin hobeak, buruan zutela “cales” deitu xapela bezalakoa. Haien artean bazen Ainhoako gizon bat, Quirno izena zuena eta dantzari ona izaiteaz gain, ofizioz harpoilari trebea zen balearen harrapatzeko Ternuako inguruan. Hiru etxe altxarazi zituen Lapitxuri erreka bazterrean eta haietarik bati izena eman zioten 1733an; Dantzariarena, preseski famatua baitzen gure Quirno jauna dantzari gisa nola harpoilari gisa. Etxe hartako ateburuan idatzia dago: “Joannes de Quirno eta Joanna Dunate, conjoints, 1733.”
Egia erran, nornahi joan daiteke Joannesen eta Joannaren ateburu horren ikustera.






