Azalekoa | 2026ko Urriaren 29a

Etxebizitza eskubidearen alde elkartzeko Auzolan eguna

Irati Esparza Guimon

1.000 pertsona baino gehiago elkartu ziren Auzolan egunaren lehen edizioan. (Alda)
1.000%20pertsona%20baino%20gehiago%20elkartu%20ziren%20Auzolan%20egunaren%20lehen%20edizioan.%20(Alda)

Urriaren 31n, larunbatez, Aldak Auzolan egunaren hirugarren edizioa antolatuko du Baionako Glain eremuan. Hitzaldia, loto erraldoia, mitina, animazioak eta kontzertuak uztartuko ditu etxebizitza eskubideari eskainiriko hitzorduak. Aurten, HLM etxebizitza sozialetako hauteskundeak izanen dira egunaren ardatz nagusia, alokatzaileen boza indartzeko xedez.

Etxebizitza eskuratzea eta atxikitzea gero eta zailagoa den testuinguruan, elkarretaratzea, eztabaidatzea eta bestatzea proposatzen du Aldak. Auzolan ez da besta egun hutsa: eguneroko arazoen aitzinean bakarrik ez gelditzeko eta aterabideak elkarrekin eraikitzeko parada ere izan nahi du. Elkarteak urriaren 10ean egin duen seigarren biltzar nagusiaren ildotik dator hitzordua, urteko lanaren bilana ondoko hilabeteetako mobilizazioarekin lotuz.

Eztabaidatik bestara

Goizeko hitzaldiak etxebizitzaren inguruko gogoetari lekua eginen dio. Ondotik, 10.000 eurotik gorako sariak banatuko dituen loto erraldoia, mitina eta kontzertu gaualdia iragarriak dira. Animazioak, ostatua eta jatekoak ere izanen dira Glainen. Egitarauak jende desberdinak biltzeko gogoa erakusten du: alokatzaileak, auzoetako biztanleak, elkarteko kideak eta etxebizitzaren auziak kezkatzen dituen herritarrak.

Egunak, gainera, hauteskundeei begirako bultzada eman nahi du. Azaroaren 15etik 29ra, HLM etxebizitza sozialetako alokatzaileek beren ordezkariak hautatuko dituzte. Aldak HSA eta Office 64 erakundeetan aurkeztuko ditu zerrendak, eta biltzar nagusian ezagutarazi ditu hautagaiak, alokatzaileekin landuriko programa eta prestatzen ari den mobilizazioa.

Hauteskunde horien bidez, bizitegietako eguneroko kezkak erabaki guneetara eramatea du helburu elkarteak. Auzolan eguna kanpainaren hitzordu nagusietarik bat izanen da, alokatzaileen parte-hartzea sustatzeko eta azken urteetan auzoetan eraiki den indarra bildu eta ikusarazteko. Etxebizitza duinaren aldeko aldarrikapena eta auzokoen arteko harremanak elkarrekin lantzea da proposamena.

Eguneroko laguntzatik indar kolektibora

Mobilizazio horren gibelean, urte osoan eginiko lana dago. Aldak biltzar nagusian aurkeztu duen bilanaren arabera, aurten bidegabekerien aitzinean ziren 933 pertsona eta familia lagundu ditu. Elkartea sortu zenetik, duela sei urte, 5.400 laguntza eskaera jaso ditu. Hilabeteko ekarpena egiten duten kideen kopuruak ere 1.200en langa gainditu du.

Zenbaki horiez harago, auzoetan lorturiko hobekuntzak azpimarratu ditu elkarteak: berritze planak, birgaitze lanak eta eguneroko bizitza errazteko egokitzapenak. Norbanakoen arazoetatik abiatuz, auzokoak elkartu eta eskaera komunak aitzinaraztea da haren lan egiteko moldearen oinarrietarik bat. Aldaren ustez, emaitza horiek erakusten dute mobilizazio kolektiboak egoerak alda ditzakeela.

Biltzarrean, Madrilgo Alokatzaileen Sindikatuaren lekukotasunak beste lurraldeetako borrokekin lotura egiteko parada eman du. Inbertsio funts batek etxebizitza erosi ondotik 87 urteko emazte bat kanporatzeak piztu duen mobilizazioa aipatu dute, etxebizitzaren auzia eztabaida publikoaren erdigunera ekartzeko adibide gisa.

Erronkak handiak dira oraino. Alokairuen prezioak mugatzeko araubidea iraunkortzea, salmenta prezioen inguruko aterabideak bilatzea, etxebizitzak bigarren bizileku bilakatzea geldiaraztea eta alokatzaileen babesa indartzea aipatu ditu Aldak. 2027an, lehen kongresua egitea ere aurreikusten du, ondoko lan ildoak kolektiboki zehazteko. Bitartean, urriaren 31n Glainen finkatu du hitzordua: elkar ezagutu, indarrak bildu eta etxebizitza eskubidea denen afera dela oroitarazteko.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3855. zbk

Gure Hitza | 2026/10/29

Euskaltzaleen Biltzarrak 125 urte

Peio Jorajuria

Frantses Estatuan, 1901eko uztailaren 1ean, duela 125 urte beraz, bozkatu zen elkarteen sortzea baimentzen zuen legea (ondoko agorrilaren 16ko dekretuak bideratuko zuena). Pierre Waldeck-Rousseau politikari errepublikanoak zuen lege hori bultzatu. Haize kontra, egia erran, zeren alderdi politikoak oro har beldur ziren lege horren bidez demokrazia gehiegi uzteaz herritarren eskuetan. Funtsean, Frantziako Iraultzaren ondotik ere hori gertatu zen: langileak eta jendeak oro har ezin ziren elkartu beren interesak zaintzeko. Zorionez, XX. mende hastapenean elkartzeko eskubide hori erdietsi zen, nahiz garaiak zailak izan. Elkartzeko libertateak demokraziari urrats handia eginarazi zion, urrats subertsiboa ere zen orduan. Gaur egun, milioi bat eta erdi elkarte baino gehiago bada frantses estatuan, 13 milioi boluntario eta 1,8 milioi langilerekin funtzionatzen dutenak.

Ipar Euskal Herrian zenbat elkarte baden ez dut jakin, baina multzo oso handia dena den. Eta lehenetarik sortu zena,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016