Herriz Herri - Bardoze (L) | 2026ko Urriaren 29a
Heriotze, Zinema, Ikastolaren zitriko salmenta eta Eguberriko zaharren bazkaria
Heriotze
Kurutxetako Jean-Michel Darrieumerlou laboraria zendu zaigu 62 urtetan pasa den astean. Dolumin bizienak eskaintzen dizkiegu Martine emazteari, Loic eta Pascal semeei, Jean-Pierre eta Monique anai arrebei eta familia guziari. Beti izan zen gure herriaren bizian engaiatua, laborantza eta pilota maite zituen, eta plazer handia hartzen zuen horietan aritzean. Penetan egonen den Uhaldean familia handiari ere bardoztarren atxikimendua eta sustengua adierazi nahi dizkiogu.
Zinema
Les Bobines Rurales elkarteak “Dossier 137” izeneko filma proiektatuko du urriaren 30ean (21:00). 2025ean egina, film hori nolabait lotua da aktualitatearekin. Izan ere, horretan, Stéphaniek, IGPNko (poliziaren polizia) inkestaria, manifestaldi gogor batean pertsona bat zauritu zen LBD tiro batez inkesta egiten du, errudun baten atzemateko.
Usaian bezala, emanaldiaren ondotik adiskidantzako basoa eskaintzen dute, filmari buruz solastatzeko.
Ikastolaren zitriko salmenta
Xarnegu ikastolak zitriko salmenta antolatzen du. 10 kilogramoko mandarina, laranja edo kalitate handiko limoi kutxak proposatzen dituzte. Fruituak Valentziatik etortzen dira, pestizidarik gabe bermatuak dira. Gainera, aurten 500 gramoko amanda saskiak ere proposatzen dituzte.
Beraz kalitatezko fruituak jateko eta gure herriko ikastola sustengatzeko, 07-61-54-28-35 zenbakira dei ezazue azaroaren 25a aitzin zure manaketa egiteko, edo emailez: xarneguburaso@gmail.com.
Eguberriko zaharren bazkaria
Urtero bezala, Herriko Etxeak 65 urte baino gehiagoko lagun guztiak gomitatzen ditu Eguberriko zaharren bazkaria partekatzeko ezkerparetan, abenduaren 5ean, eguerditan. Parte hartu nahi dutenek gomitari erantzun behar diote azaroaren 23a aitzin.




