Ba ote dakixu? | 2026ko Urriaren 29a

Verdungo bataila (5/6)

Gilen Bacho

1916ko urriaren Jules-Abel Faivre-ren publizitate afixa bat
1916ko%20urriaren%20Jules-Abel%20Faivre-ren%20publizitate%20afixa%20bat

Otsailaren 25ean, alemaniarrek Douaumont gotorlekuaren kontrola hartu zuten. Berri horrek sekulako oihartzuna ukan zuen, ondorio lazgarriak eraginez frantziar herriaren moralean. Alderantziz Alemanian, non ezkilak jo izan ziren herri guzietako elizetan, berri hori garaipen handi bezala ospatua izan baitzen. Baina Verdun ez zen konkistatua eta gotorlekuaren zortea otsaileko egun horietan jokatu zen.

Komandante berri bat, Pétain izenekoa

24ko arratsean, frantses tropen egoera oso txarraren aurrean, De Langle jeneralak erretiratze orokorrerako manua hedatzea pentsatu zuen. Egia da kilometro zenbait galtzea ez zela hain kaltegarria, militar mailan, baina politiko eta moral mailak kontuan hartuz, ez zitekeen erabaki hori asmatu ere. Orduan, arratseko 9ak eta laurdenetan, Joffrek De Langleri ez gehiago gibeleratzea eta Meuse ibaiaren eskuineko bazterra atxikitzea manatu zion. Baina, De Langlek manu hori bakarrik gaueko 4ak eta 20etan ikusi zuen, Joffreren axuanta, Castelnau jenerala, bere ikustera etorri zelarik. Castelnau jenerala ohartu zen De Langle jenerala gertakariek arras gaindituta zeukatela. Orduan, Joffreren baimenarekin, De Langle ordezkatzea erabaki zuen, eta Pétain jenerala Verdungo sektore osoko komandante gisa izendatua izan zen. Geroa ezagutuz badakigu ez zela hola iragan baina Philippe Pétainentzat, 60 urterekin, kargu horrek haren ibilbidearen ospe handiko bururapena seinalatzen zuela pentsa zezakeen. Ordu arte, armadatik kanpo, ez zen batere ezaguna baina lehen mailako eginkizun hori izugarri ongi baliatuko zuen bere fama sortzeko eta hedatzeko frantses jendartean.

“On les aura!”

Egiazki, bi hilabetez bakarrik egon zen Verdungo sektoreko komandante, otsailaren 25etik maiatzaren 1era (Nivelle jenerala, “Verdungo egiazko salbatzailea” Joffreren arabera, komandante berri bihurtu zelarik eta hori batailaren bukaera arte). Baina, denbora labur horretan, itxurazko umil aire bat erabiliz, Pétainek frantses soldaduen erresistentzia heroikoa bere mesedetan erabili zuen, “Verdungo garailearen” itxura eraikiz, idazle (Maurice Barrès partikulazki baina ere Henry Bordeaux eta Louis Madelin, Pétain-ek errekrutatu zituen bi idazle bere ospea hedatzeko), kazetari eta politikari anitzen laguntzarekin (Pétain goratu zuten Joffre hobeki salatzeko). Bere apirilaren 10eko manu orokorrak, “on les aura!” (“harrapatuko ditugu!”) hitzekin finitu zena, anitz egin zuen ere bere legenda egiteko, egiazki Serrigny bere axuantak bazuen ere espresio hori asmatu. Egia, halere, Pétainek hautu estrategiko ona egin zuela, defentsa-estrategia hautatuz, memento batean zeinean jeneral gehienek (eta lehenik Joffrek) ofentsiban soilik sinesten baitzuten (gizon anitz sakrifikatuz ezdeusetako erasoetan). Alemaniar erasoari buru egiteko, frantsesek haien defentsa-posizioa begiratu eta baliatu behar zuten, etsaiaren indarrak agortzeko. Hautu horrek, bizitza gutiago sakrifikatzea ahalbidetu zuenak, baina ere antolatu zuen aldizkatze sistemak (noria deitua, gizon bakoitza ordezkatua izan dadin lehen lerroan egun zenbaitez egon ondoren), anitz egin zuten Pétainen fama hedatzeko soldaduen artean.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3855. zbk

Gure Hitza | 2026/10/29

Euskaltzaleen Biltzarrak 125 urte

Peio Jorajuria

Frantses Estatuan, 1901eko uztailaren 1ean, duela 125 urte beraz, bozkatu zen elkarteen sortzea baimentzen zuen legea (ondoko agorrilaren 16ko dekretuak bideratuko zuena). Pierre Waldeck-Rousseau politikari errepublikanoak zuen lege hori bultzatu. Haize kontra, egia erran, zeren alderdi politikoak oro har beldur ziren lege horren bidez demokrazia gehiegi uzteaz herritarren eskuetan. Funtsean, Frantziako Iraultzaren ondotik ere hori gertatu zen: langileak eta jendeak oro har ezin ziren elkartu beren interesak zaintzeko. Zorionez, XX. mende hastapenean elkartzeko eskubide hori erdietsi zen, nahiz garaiak zailak izan. Elkartzeko libertateak demokraziari urrats handia eginarazi zion, urrats subertsiboa ere zen orduan. Gaur egun, milioi bat eta erdi elkarte baino gehiago bada frantses estatuan, 13 milioi boluntario eta 1,8 milioi langilerekin funtzionatzen dutenak.

Ipar Euskal Herrian zenbat elkarte baden ez dut jakin, baina multzo oso handia dena den. Eta lehenetarik sortu zena,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016