Herriz Herri - Hendaia (L) | 2026ko Urriaren 29a
Legarraldeko laborarien geroa segurtatzeko urratsa, Auzo batzordeetan parte hartzeko deia eta Elkartasun kontzertua Itsas Ospitaleko eriendako
Legarraldeko laborarien geroa segurtatzeko urratsa
Hendaiako Herriko Etxeak Legarraldeko laborantza proiektua sendotu du, bertan ari diren laborariei gutienez bederatzi urteko alokatze kontratuak eskainiz. Orain arteko behin-behineko hitzarmenen ordez, kontratu horiek egonkortasun handiagoa emanen diete, inbertsioak egiteko eta beren jarduera luzarako antolatzeko. 2018an abiatu zen egitasmoaren helburua laborantza lurrak zaintzea eta tokiko ekoizpena sustatzea da. Lau laborari ari dira eremuan: hazkuntzan, te ekoizpenean eta baratzezaintzan.
Auzo batzordeetan parte hartzeko deia
Herriko kontseiluak sei auzo batzorderen sortzea onartu du irailaren 30ean. Biztanleek, elkarteek eta merkatariek eguneroko biziari buruzko beharrak eta proposamenak Herriko Etxeari helarazteko guneak izanen dira. Parte hartu nahi dutenek azaroaren 15era arte aurkez dezakete beren hautagaitza. Batzordeetako ardurak borondatez eta urririk beteko dira, hiru urterako. Xehetasunak hendaye.fr webgunean atzeman daitezke.
Elkartasun kontzertua Itsas Ospitaleko eriendako
Azaroaren 7an, larunbatez, “Un air de solidarité” kontzertu eta pintxo-pote gaualdia iraganen da Gaztelu aretoan, Les Deux Jumeaux elkartearen alde (19:00). Musikari profesionalek zinema-musika, jazza eta barietate-musika eskainiko dituzte. Elkarteak musika eta arte jarduerak antolatzen ditu Hendaiako Itsas Ospitaleko eriendako, haien ongizatea eta eguneroko aisialdia hobetzeko.




