Mundu zabalean | 2026ko Urriaren 29a
Bortizkeriak hedatzen ari dira
Jojo Bidart
Urriaren 17ko manifestaldi biziki jendetsuak eta eskakizun funtsezkoak tapatuak izan dira telebista kate guzietan etengabe errepikatu diren bortizkeria irudiekin. Nahiz eta egun horretan agertu oldartze eta zapalkuntzako gertakariak kopuru handikoak izan, ez dira berriak. Aspaldiko lerratze bat da eta oraino urrunago joan daiteke Gobernuaren azken deklarazio eta erabakiekin. Irabazle handiena eskuin muturra izanki.
Bortizkeria mota ezberdinak
Bortizkeria aipatzerakoan ez da, urrundik ere, telebistan behin eta berriz erakusten diren denda xehatze eta ebasketena bakarrik. Ikuspegi orokorragoa ukaitea baitezpadakoa da. Gure gizartearen bilakaera zehazki aztertzen duten soziologoek hiru bortizkeria mota ikusten dituzte, bat bestea hazten dutenak.
Lehenik, bortizkeria instituzionala agertzen da edo jendeen arteko desberdintasun handia, gero eta handiagoa, sortzen duen sistemarena. Ororen gainetik aberats eta pobreen artean beti handitzen ari den leizea. Azken hamarkadetan aberatsenen ontasun eta irabaziak ikaragarriki biderkatu dira oinarrizko beharrak ordaintzeko ahal eskasean gelditzen direlarik jende gero eta gehiago.
Logika horri buru egiten duten jokamolde bortitzak sortzen dira. Horietarik zonbait agertu dira joan den urriaren 17ko manifestaldien inguruan, Vuitton bezalako aberatsen denden edo eraikin instituzionalen kontrako ekintzekin. Nahiz eta lerratze lanjeros frango izan diren denda ttipien erasotzeekin.
Azkenik, erasotua den instituzioa edo sistemaren errepresioa kontuan hartzekoa da, horrek ere hazten baitu zapalduen ihardukitzea. Indar polizialen doktrina zergatik eta zer moldetan aldatu den azken 20 urteetan balio du ikustea.
Poliziaren doktrina aldaketa
90ko hamarkadan, manifestaldietan motoz ibiltzen ziren polizien makila ukaldika hil zen Malik Oussekinen heriotzaren ondotik, Frantziako polizia doktrina edo jokamolde berri bat finkatu zen: manifestariekin ez dute kontakturik izan behar poliziek eta indar “proportzionatua” erabili behar dute. Geroztik, ideia nagusi horretarik urrunduz, funtsezko aldaketak izan dira. 2025eko hiri-inguruetako auzoetako gazteen matxinadari buru egiteko “flash ball” bezalako arma berriak erabiltzen dituzte. 2016an “lan legeak” piztu manifestazio jendetsuari erantzuteko “nasa” edo “pertola” teknika martxan ezartzen dute manifestariak blokatzeko eta gas negargarriz estaltzeko. 2019tik goiti, txaleko edo jaka horien mugimenduekin, manifestarien artean ibiliko diren polizia motordunak berriz agertzen dira bai eta ere jandarmeriako “centaure” deitu ibilgailu blindatuak. LBD deitu pilota jaurtigailuen erabilpen masiboarekin hamarnaka okertuko dira manifestariak.
Frantziako polizaren jokamolde berri hori eredugarri bilakatzen da beste herri autoritarioetan: Bahrein, Tunisia, Birmanian…
Eskuko lehergailuak manifestarien kontra erabiltzeagatik Frantziako poliziaren jokamoldea salatu du Europako Giza Eskubideen aldeko Korteak 2025eko otsailean, “holako munizio zapart-gailuak erabiltzen duen Europako herri bakarra zela Frantzia” salatuz. Karrikaratu ikasleen kontra ere erabiliak izan dira aitzineko astean. 15 urteko ikasle bati eskua errotik jauzarazia izan baitzaio Lenseko lizeoaren aitzinean.
Informazioaren manipulazioa
Urriaren 17ko manifestaldia aitzin 215 gazte zaurituak izan zirela plazaratua izan da, horietarik zonbait betiko elbarrituak direlarik. Zenbaki horriburu egiteko 900 polizia baino gehiago zaurituak izan direla jakinarazi du barne ministerioak. Harrigarria jakinez gain gainetik gerizatuak direla. Pentsatzekoa da, urriaren 17an, horietarik zonbait manifestarik bota su artifizialak edo jaurtigai zonbait jasan dituztela. Baina jakin dugu, sendatu dituzten mediku militarren ahotik, berrehunek arazoak ukan dituztela beharrietan, erabili dituzten zapart-gailuengatik, eta beste andana bat bidali gas negargarriengatik. Gainera, erabiltzen dituzten tresna lanjerosa horietarik zonbait nahi gabe beren eskuetan zapartatu zaizkie, Le Progrès deitu kazetak kontatzen digun bezala: urriaren 10ean, Givors hiriko lizeoaren aitzinean ziren bi poliziakide, haien autoaren barnean eskapatu zitzaien grenada bat zapartatu eta zaurituak izan dira, bat eskuan erre da eta bestea izterrean, ondorioz autoa kixkali zaie.
Bai, erabiliak diren armak lanjerosak dira manifestarientzat eta poliziarentzat. Eta beti gehiago nahi dituzte…
Bortizkeria azkartzeko joera
Europako beste herri zonbaitetan beste hautu batzuk egin dituzte. Hala nola Britainia Handian eta Alemanian polizia ez da biziki armatua. Manifestaldietan gordetzen dira bazter karriketan, behar orduan eta molde ziblatu batean aritzeko gisan, “tentsio egoera apalarazteko” estrategia segituz.
Alderantzizko estrategia hautatu du Frantziak eta Gobernuak hartu dituen azken erabakiek (armada deitzea eta manifestaldi batzuk debekatzea) ez gaituzte alde onera eramaten, eskuin muturraren sareetara.





