Gure Hitza | 2026ko Urriaren 29a
Euskaltzaleen Biltzarrak 125 urte
Peio Jorajuria
Frantses Estatuan, 1901eko uztailaren 1ean, duela 125 urte beraz, bozkatu zen elkarteen sortzea baimentzen zuen legea (ondoko agorrilaren 16ko dekretuak bideratuko zuena). Pierre Waldeck-Rousseau politikari errepublikanoak zuen lege hori bultzatu. Haize kontra, egia erran, zeren alderdi politikoak oro har beldur ziren lege horren bidez demokrazia gehiegi uzteaz herritarren eskuetan. Funtsean, Frantziako Iraultzaren ondotik ere hori gertatu zen: langileak eta jendeak oro har ezin ziren elkartu beren interesak zaintzeko. Zorionez, XX. mende hastapenean elkartzeko eskubide hori erdietsi zen, nahiz garaiak zailak izan. Elkartzeko libertateak demokraziari urrats handia eginarazi zion, urrats subertsiboa ere zen orduan. Gaur egun, milioi bat eta erdi elkarte baino gehiago bada frantses estatuan, 13 milioi boluntario eta 1,8 milioi langilerekin funtzionatzen dutenak.
Ipar Euskal Herrian zenbat elkarte baden ez dut jakin, baina multzo oso handia dena den. Eta lehenetarik sortu zena, eta euskararen alorrean lehena, Euskaltzaleen Biltzarra izan zen, gaur egungo euskal elkarteen amatxi. 1901eko irailean zuten sortu euskaltzale suhar batzuek (Zaldubi, Campion, Arana Goiri, Guilbeau, Broussain eta beste) Hendaian bildurik eta urte baten buruan berretsi, 1902ko irailean Hondarribian egin bilkuran. Zeren euskarak garai ilunak bizi zituen ordukotzat. Batzuek (Migel de Unamuno, Julien Vinson) pentsatzen zuten euskarak ez zuela etorkizunik, zaharkituegia zitzaielakoz, eta beraz ez zuela merezi defendatua izatea. Beste batzuek haatik (elkartearen sortzaileek) baietz, bai, behar zirela euskara eta euskaltasuna hortzez eta haginez defendatu eta indartu. Eta, tirabira askoren gainetik, elkarteak egin zuen suharki lan, hala nola Euskaltzaindiaren sorrera sustatuz, eta ere berantago Ikas zentroa, horiek baizik ez aipatzeko.
Eta gaur oraino beti bizirik dirau Euskaltzaleen Biltzarrak, azken bi hamarkadetan Piarres Aintziart heletarrak eta ondotik Mizel Jorajuria serrestarrak kudeaturik. Ez haatik “bazkaltzaleen biltzar” gisa, aspaldiko denboretan mihi bihurriek izendatu zuten bezala, menturaz orduan errealitatea halakoa zelakoz, partaide batzuek bazkarientzat afizio gehiago zuketela, euskararen defentsarentzat baino. Dena den, Euskaltzaleen Biltzarra bere bide doa, bazka murtxagarri gisa proposatuz besteak beste argitalpen, omenaldi eta Hegoaldera buruzko ateraldi kultural baliosak, euskaltzale askoren atseginerako. Xumeki, beharbada, baina suharki. Segi beza oraino luzaz!




